Mikel Garcia Martikorena
Abuztuko bi egunetan alarma gorria ezarri zen Bizkaian bero boladagatik: hilaren 9an eta 23an. Historiako hilabete beroenen artean bigarrena izan da mundu osoan —aurtengo uztailaren atzetik—, Copernicus Europako Batasunaren klima aldaketa aztertzeko zerbitzuaren arabera. Hala ere, abuztuko beroak uztailekoak baino gehiago igo du merkurioa Bizkaian, eta inoizko tenperaturarik beroena antzeman zuen Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak: abuztuaren 23an, 45,6 gradu erregistratu zituzten Sodupen. Hori, baina, ez da izan 40 gradutik gorako tenperatura bakarra izan. Egun berean, Derion 43,9 gradura heldu ziren, eta abuztuaren 9an Sodupeko, Zallako eta Orozkoko termometroek 41 gradutik gorako tenperaturak eman zituzten.
Hori dela eta, abuztua “oso berotzat” jo du Euskalmetek. Tenperatura maximoak ez dira altuak izan soilik. Euskal agentziaren abuztuko txostenean bildutakoaren arabera, aurtengo minimoetan beroena hilaren 23ko gauean izan izan zen Elorrion: 23 gradukoa. Hala, Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunak azaldu duenez, “egunak zein gauak oso beroak” izan dira Bizkaian, egungo sistemarekin egunen minimoak neurtzea zaila bada ere.
Azken urteetan sarri jaso ditu Euskalmetek historiako tenperaturarik beroenak, eta Arandak uste du egoera “larria” dela: “Oso tristea da urtero tenperatura beroenen markak hausten ibiltzea”. Bizkaia ez dago mundutik bakartuta; beraz, mundu osoari eragiten dion klima aldaketak herrialdean ere eragina du. “Zientzialariek urteak daramatzate berotegi efektuaren inguruan ohartarazten, eta azkenean gertatu egin da”, dio Arandak.
Parisko Hitzarmenak 1,5 graduko langa ezarri zuen Industria Iraultzatik gaur egunera arteko tenperaturen ezberdintasun gisa, eta aurtengo abuztuan marka horretara heldu da mundua. Bizkaitarrentzat horrek daukan eraginik “kaltegarriena”, Arandaren ustez, itsasoko uren berotzea da: “Itsasoa geroz eta beroago dago, eta, Bizkaia kostaldean egonik, zuzenean eragiten du gure hirietako tenperaturetan”.
Jakina da itsasoak beroarekiko hesi modura jarduten duela, baina Arandak ohartarazi du inguruko ur masen tenperatura aldatzea zaila dela eta kontrakoa eragin dezakeela: “Itsasoko ura bero badago, kostako udalerriak epeltzea zailagoa izango da”.
Inguru lehorra
Itsasotik urrun izan dira, ordea, Bizkaiko tenperaturarik beroenak. Arandak esan duenez, “ez da kasualitatea” Sodupen hautsi izana termometroen errekorra: “Kostaldearekin edo Gipuzkoatik gertu dauden lurraldeekin alderatuz gero, Nerbioi garaiko ingurua askoz lehorragoa da. Prezipitazioak eskasagoak dira han. Horregatik, normala da beroenak bertan erregistratu izana”.
Euria, hortaz, garrantzi handiko faktorea da muturreko tenperaturak erregulatzeko orduan. “Euriak tapoi efektua egiten du. Ura lurrundu behar denez, beroaren energia horretara bideratzen da, eta ez airea edo zorua berotzera. Izan ere, urak lurruntzean airearen tenperatura jaitsi egiten du”.
Baina Sodupe inguruan lurra lehor egoten denez, azkar berotzen da. Hori ez da arrazoi bakarra. Euskalmet agentziako arduradunak gaineratu du ibar hori haizeari “itxita” dagoela, eta, beraz, berotzeko erraztasun handiagoak dituela, airea ez baita mugitzen. “Gainera, garaiera aldetik, baxu dago. Ezaugarri horiek guztiek eragiten dute inguruko tenperaturan”, ondorioztatu du. Halere, agentziako arduradunari “gehiegizkoa” dela iruditu zaio 45,6 gradu erregistratu izana: “Argi dago klima aldatzen ari dela, eta, ziurrenik, gizakiok bultzatutako fenomenoa da”.
Ekosistemen aldaketa
Arandak ohartarazi du klima aldaketak uste baino gauza gehiago aldatzen dituela. “Ondorioak amaigabeak izan daitezke. Inork ez du guztiz argi zer gerta daitekeen klimak aldatuz doazen heinean”. Itsasoen tenperatura igotzeak uretako ekosistemari eragingo dio, eta bertan bizi diren animalia eta landareen habitat naturala desagertuta, alde egin beharko dute bertan bizi diren animaliek. Antzekoa gertatuko da ibaietan ere, Arandaren iritziz, “jada ez bada gertatzen ari”.
Bero handiagoa egiteak lurruntze handiagoa eragingo du. Hortaz, Arandak gaineratu du ur gutxiago egongo dela eskuragarri herritarrentzat. Prezipitazioak ere aldatuko dira: “Geroz eta prezipitazio bortitzagoak jasango ditugu, eta lurraren higatzea eragingo dute”. Hainbeste alde txar izanda ere, uste du tenperaturak gora egiteak turismoa erakar dezakeela; hortaz, batzuen ustez, ez da hain fenomeno txarra izango. Hori kontuan izanda, Euskalmet agentziako arduradunak “beltz” ikusten du etorkizuna: “Ez dut uste gauzak asko aldatuko direnik”.