Hegal egiten

Lan kontuak direla-eta hegaldi asko egin ditut azken hilabetean: Dublin, New York, Minneapolis, Madril, Boise, San Frantzisko, Bakersfield… Autoan inoiz zorabiatzen ez den horietakoa izanik, arraroa bada ere, mareatu egiten naiz hegaldietan eta lozorro mikatz batek harrapatzen nau. Hori bai, lurreratzerako beti nago tentu. Ibiliko dudan hiri berria ezagutzeko irrika izango da, edo mapa mentala egiteko beharra. Ez dakit. Baina ez dut inoiz galtzen hegazkinaren kautxuzko gurpilek pistaren kontra talka egiten duten momentua.

Horrenbeste hiri goitik ikusita hain denbora gutxian, zerrendatxoa ere egin dut hodei artetik zeintzuk merezi duten eta zeintzuk ez banatuta. Badira txoribista ederra dutenak, Minneapolis eta San Frantzisko kasu. Lehengoak belardiz, muinoz eta ehunka lakuz ematen dizu ongietorria. Bigarrenak ozeano sarrera ikusgarria dauka: karga-itsasontzien joan-etorrien gainetik zintzilikaturik dauden zubi eternalak, inguruetako mendilerroak, aintzirak eta galdutako auzuneak. Abioitik begira zaudela, gainera, begirada zorrozteko begiak erdizka zarratuz gero, han behean, txiki-txiki diren eraiki eta autoen artean, zeu eta zeure lagunak ikusten dituzu; han egon zineneko zeu eta zeure lagunak. Ze zerutik behera begiratuz gero iragana ere ikus dezakezu.

Baina badira zeru-sarrera motza duten hiriguneak ere. Londresek, adibidez, Stansted baino leku politagorik aukera zezakeen. Eta beste horrenbeste Parisek Charles de Gaulle erraldoia eraikitzeko orduan. Dublin, Frankfurt eta Madril ere zerrenda beltzean ditut.

Motzak zein politak izan sarrerok, lurreratze horietako batean ere azafata eta pilotuei ezin zaie ulertu. Helmuga hiriko bizpahiru datu ematerakoan, mundu osoko kabina-langileek gremioan asmatutako hizkuntza propioa darabilte: “Bla, bla, bruu, 4575, brrr, taka-taka, krr”. Eta zentzua dauka gremioak hizkuntza propioa sortu izana, zerua denona izanik ezin hizkuntza bat besteen gainetik jarri. Duty free, diglosia free!

Norbaitek esan dezake hori gertatzen zaidala hizkuntzetan ez nabilelako fin. Baina ezin konproba nezake, ez baitago Euskal Herriko aire konpainiarik! Guk oraingoz voler, fly edo volare baino ezin dugu egin. Hegal egiteko Itoizen diskoa jarri behar dugu. Ederra litzateke benetan hegal egin ahal izatea aipaturiko hirietan lurreratu ahal izateko, azafata eta pilotu euskaldunekin batera. Baina ez gaitezen inozoak izan, geure kabina-langileak ere, euskaldunak izanagatik, ezin genitzake ulertu; badakizue: “Bla, bla, bruu, 4575, brrr, taka-taka, krr”.