Natalia Salazar Orbe
Galtzagorri taldeak Bilboko Udalaren esku jarri du Uribarri auzoko gazteen aisialdirako aukera gabeziari erantzun bat eman eta Pinza deritzon eremuko segurtasun arazoa konpontzeko aukera eskaintzen duen proposamena. Auzoan bertan dago espazio hori, Artatzamina kalearen goialdean. Autobidea pasatzen da gainetik; eta trenbideak eta funikularrak ere zeharkatzen dute. Hiriak dituen eremu ilunetako bat da, eta konplexutasun handiko sarbideak ditu. Egoera horri auzoaren ezaugarriak ere gehitu behar zaizkio: denbora luzez, sozialki baztertuta egon da gunea. Hala salatu du proposamena egin duen elkarteak: “Bertan ez dira betetzen egitasmo eta jarduera soziokulturalak garatzeko beharrezko baldintzak”.
Errealitate hori bukaraziko duen alternatiba soziokulturala da proposatu dutena. Sinetsita daude bizitza soziokultural dinamiko bat garatzeak asko lagunduko lukeela aipatutako arazo horiek guztiak ekiditen.
Asko eta asko dira urteetan Uribarrin martxan jarri dituzten egitasmoak eta jarduerak: auzo elkarteak, emakume taldeak, kolektibo soziokulturalak… Mugimendu horiek guztiek arazo bera izan dute, ordea: espazio falta etengabea izan da auzoko eragileek antolatutako jardueretarako.
Gazteek pairatu dute gabezia hori, bereziki: “Espazio falta, jarduerak garatzeko baldintza prekarioak, klimaren faktoreen mende egotea une oro, pentsatutako dinamika asko ezin egin izatea…”. Horiek denak dira Uribarriko gazteek bizitza soziokulturala aurrera eramateko zailtasunak.
Demografiari erreparatuta ere nabari zaio gazteentzako dagoen eskaintza eskasa. Zahartuz doa bertako populazioa. Hein handi batean, bertan etxebizitza eta lan duina aurkitzeko aukerarik ez duten gazteek auzotik alde egiten dutelako gertatzen da hori. Hala uste du elkarteak. “Gazte gutxi izateaz gain, ez daukagu guretzat egokitutako espaziorik”.
Antolaketa, zehaztuta
Hala, espazioaren antolaketa zehatz bat jarri dute mahai gainean. Hain zuzen, egin nahi dituzten jarduera eta proiektu askotarikoen arabera pentsatuta dago. Autodefentsa gela, tailer gela, liburutegia, biltegia, gela handi huts bat eta entsegu gela bat aurreikusi dituzte, besteak beste.
Helburu orokor argi batzuk dauzka eremu horren eraberritzeak. Batetik, Uribarriko gazteen arteko ezagutza eta harremanak sustatuko lituzke. Auzoan hainbat gazte talde daude; elkartuz gero, gazte sare bat sortuko lukete.
Auzoko aniztasuna baliatu eta hari etekina ateratzea ere badute xede. Horrez gain, gazteen artean euskal kultura sustatzeko gune berezi bat sortzeko aukera paregabetzat jo dute. Uribarriri eta, zehatzago, Pinza inguruari erabilera bat emateak eremu iluna ere desagerraraziko luke.
Auzoko gazteek argi dute hiri batean garatzen den eskaintza soziokulturalak ez duela eskaintza soil batera mugatu behar. Kontsumitzaile huts izateaz gain, eskaintza horren sortzaile eta bultzatzaile izan gura dute. “Hiri bateko programa eta plangintza soziokulturalak hiri horretako gazteen proposamenak integratu behar ditu, sormena bultzatuz eta gazteok ekintzaile papera hartuz. Orain arte nagusitu den kontsumitzaile-ekoizle dikotomia berriz planteatu behar dugu”.
Udalak emango duen erantzunaren zain daude orain. Aspaldikoa da kultura, aisia eta elkarren arteko harremanak uztartzeko espazio hori eskatzeko aldarrikapena. Ikusteke dago gauzatzeko baliabideak emango dizkieten.