Aitziber Laskibar Lizarribar
Zenbaki handiak utzi ditu Bilboko Aste Nagusiak: 800 ekitaldi baino gehiago, itzelezko parte hartzea, eta tenperatura ere itzela; bai eguraldiaren beroa, eta bai giroarena. Antolatzaileak gustura agertu dira bederatzi egun eta hamar gaueko astearen balorazioa egitean. Gustura udala, eta gustura konpartsak. “Hodei beltza” ere izan dela nabarmendu dute biek, eta bat egin dute ilungunea identifikatzean: eraso matxistak. Hala ere, argi izpi bati begiratu diote biek alor horretan ere. Herritarrek erasoen aurka hartu duten jarrera aktiboa egoera iraultzen laguntzeko urrats garrantzitsua dela azpimarratu dute.
Eguraldia lagun, beteta egon dira Bilboko kaleak gau eta egun; markak hausteraino. Konpartsek antolatutako ekitaldien artean, esaterako, sekula baino jende gehiagok parte hartu du gastronomia txapelketetan: 500 patata tortilla baino gehiago aurkeztu dira lehiara, 155 marmitako kazola, 132 bakailaoarenak, 76 txipienak… Haurrak sukalde munduan murgiltzeari begirako master txiki ekimen berria ere arrakastatsua izan da oso. Ia 800 umek parte hartu dute, eta, jasotako erantzuna dela eta, datorren urterako “formula berriak” iragarri dituzte konpartsek. Milaka pertsona biltzen dituen hiri kroserako dortsalak, berriz, sekula baino lehenago agortu ziren.
Konpartsek errekara egindako jauzia ere aberatsa izan da. Itsasadarra jai eremu gisa erabiltzeko lehen saioaren emaitza ona ikusita, datorren urtean “benetako saltoa” emango dutela adierazi dute: “Erreka guztiz hartuko dugu, eta jaietan ere Bilbon den ardatza izatea espero dugu”.
Udalak antolatutako 300 ekitaldiek ere milaka lagun bildu dituzte, baina izan da azken urteetako gainbeheran sakondu duen ekitaldirik: zezenketak.