1936ko gerrak sufrikario eta pasarte ugari utzi zituen han eta hemen. Bizkaia ere ez zen gertakari haietatik salbu geratu. Otxandiok, Durangok eta Gernika-Lumok izandako oihartzunetatik haratago, ordea, badira hainbat eta hainbat herritan gertatutako sarraskiak, eta horiek ezkutuago geratu dira; edo ez dute horrenbesteko sonarik sortu, bederen. Herri horietako bat Lemoa da. Bertan, Lemoatxako bataila borrokatu zen 1937an, baina askok eta askok ez dute ezagutzen pasarte hura. Herria eta herritarrak ahanztura edo ez jakite horretatik ateratzeko helburuarekin, batzorde bat eratu gura dute, memoria historikoa berreskuratzeko. Lehenengo batzarra urtarrilaren 24an egingo dute, datorren ostegunean. 19:30ean egingo dute, erretiratuen lokalaren gaineko batzar aretoan.
“Helburu nagusi bat daukagu”, azaldu du Aitor Erauzkin Kultura zinegotziak. Hain zuzen ere, “Lemoa moduko herri batean 1936ko gerran izan zen gertaera garrantzitsu hura, hain ezezaguna dena herrian, ezagutaraztea”. Horretarako, gobernu taldeak Kultura Batzordean planteatu zuen memoria historikoa berreskuratzea gai jakin baten inguruan: Lemoatxan izandako bataila, hain zuzen ere.
Gai hori lantzeko proiektu bat aurkeztu zuten. Proiektu horren baldintzetan garrantzitsuena honako hau zen: herriak berak garatu beharko lukeela memoria historiko hori. “Beraz, urtarrilaren 24ko batzar horren helburua izango litzateke gai horretan interesatuta dagoen edozein herritarrek batzorde bat eratzea eta batzorde horrek hartzea memoria historia lantzeko ardura”, azaldu du Erauzkinek. Batzorde horrek erabakiko du, beraz, “Lemoan zein pauso emango diren memoria historikoaren alorrean”.
Adineko jendeak, bereziki, badauka Lemoatxan eta herrian bertan garai hartan gertatutakoaren berri, Kultura zinegotziaren esanetan: “Eurak eta euren seme-alabek ezagutu izan zutelako edo entzunda daukatelako Lemoatxako batailaren berri, eta badakite gertaera hura oso krudela izan zela. Hala ere, 1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetako herritarrok ezer gutxi entzun dugu horren inguruan”. Beraz, beharrezkotzat jo dute Lemoan izandako era horretako pasarte bat lemoaztarrek ezagutzea.
2011n Aranzadi elkarteak Lemoatxan gorpuzkiak aurkitu izanak ere jakin-mina sortu zuen herrian. “Aranzadiren aurkikuntza hedabideetan zabaldu zen, eta hala, jendea hasi zen egunkarietan irakurtzen zer gertatu zen duela 76 urte Lemoan”. Indusketa horiek, beraz, “herrian kontzientzia sortzeko oso baliagarriak” izan zirela deritzo Erauzkinek.
Zinegotziak uste du lan hori oinarritzat hartuta beste hainbat jarduera egin daitezkeela: erakusketak, hitzaldiak, udan gazteekin lan esparruak antolatu, bertan egoera txarrean dagoen ermita auzolanean zaharberritu eta herritarrei egoera hobean utzi… “Hainbat eta hainbat ekintza edo jarduera dauzkagu buruan. Dena den, ardatza hilaren 24an sortuko den herritarren batzorde hori izango da”.
Eta deialdiak erantzun ona izango duela espero dute: “Lehenengo batzar hori egin aurretik ezin jakin. Dena den, jendeak interes handia dauka. Badaude euren kabuz ikerketak egiten ibili diren zenbaitzuk. Beraz, aukera bat izan daiteke egindako esfortzu hori ere herrian eta batzorde horretan plazaratzeko”.
Emaitzak, saninazioetarako
Sei hilabeteren buruan jasoko dituzte batzorde horrek egiten duen lanaren emaitzak, uztail bukaeran. Izan ere, San Ignazio jaietarako plazaratu nahi dute orain hasi eta ordura bitartean egiten duten lana. Aurten gai jakin hori landuko duten arren, Erauzkinek jakinarazi du etorkizunean beste alor batzuk ere lantzeko aukera aztertuko dutela.