Herria eta kofradia maitemintzeko

Herria eta kofradia maitemintzeko

Ibai Maruri Bilbao

Urtero, iraileko bigarren domekan, kofradien jaia egiten dute Iurretako Laixiar zelaian. Harrizko mahai bat dago han, eta bueltan sei harri ditu. Udalerriko sei kofradietako ordezkariak esertzeko dira. Etzi zortzi egingo dute aurtengo jaia, eta orduan emango dute urteko kontuen berri: zer gastu egon diren, zer diru sarrera, zer egin den eta zer geratu den egiteko. Gorka Lazkano Goiuriako kofradiako ordezkaria da Iurretako Kofradien Batzorde Nagusian, baita Batzorde Nagusiko presidentea ere, eta, kontatu duenez, herri osoa egoten da gonbidatuta. “Bakoitzak bere jatekoa eroaten du bazkaltzeko, eta jaia egiten da: musika, umeentzako jolasak eta abar egoten dira”. Aurten, Gerediaga elkartearekin elkarlanean ondutako liburua aurkeztuko dute, Iurretako kofradien historia biltzen duena.

Markel Onaindia kazetariak idatzi du. “Kofradiek uste dute herritarrengana heltzeko moduak topatu behar dituztela”, esan du Onaindiak. Jon Irazabal historialariak Erdi Arotik 1970eko hamarkadara artekoa aztertu du, artxiboetan arakatuta. Onaindiak, gaur artekoa; horretarako, kofradiekin lotutako hamabost lagun elkarrizketatu ditu.

Lazkanok azaldu duenez, kofradiak auzo antolakundeak dira. Hala ere, ez dira auzoetara mugatzen. Sei kofradia daude Iurretan, baina auzoak gehiago dira: kofradia bakoitzean auzo bat baino gehiago dago. Lazkanoren kofradian, berbarako, Goiuria bera eta Mañarikua auzoa daude. Hauek dira Iurretako kofradiak: Goiuriakoa, Iurretakoa, San Markoskoa, San Faustokoa, Santa Marinakoa eta Orozketakoa.

Indarra galduta egon ziren Iurretan, harik eta XIX. mendean berpiztu ziren arte. “Udalak ez zuen dirurik bere jabetzako baso bat mantentzeko, eta herriak hartu zuen bere gain, esku pribatuetan ez uztearren”, azaldu du Lazkanok. Basoaren ustiapenetik etekinak lortzen ditu Iurretako Kofradien Batzorde Nagusiak, eta herrian inbertitzen ditu. “Lehen, baserrietara ura eroateko, argia eroateko edo bideak konpontzeko erabiltzen zuten dirua. Udalak ezin zuenean, kofradiek egiten zuen behar hori. Gaur egun, udalak baditu baliabideak gastuei aurre egiteko. Beraz, guk beste arlo batzuetan laguntzen dugu: kulturari ematen dizkiogu laguntzak, kirolari…”. Aurten, energia berriztagarriak jartzeko laguntza gehigarri bat eskaintzen dabiltza.

Lau urtean behin, kofradia bakoitzak bina ordezkari aukeratzen ditu Batzar Nagusirako. Batzar irekiak egiten dituzte horretarako. Kofradian erroldatuta dagoen edonor joan daiteke, baina boto eskubidea etxeek dute. Nahi duena aurkez daiteke hautagai, eta bozketa bidez izendatzen dituzte ordezkaria eta bigarrena. Datorren abenduan berrituko dituzte. 2019ra arte, kofradien ordezkarien artean ez da emakumerik egon. Ordura arte, hautagai izaten ahalegindu zirenean, trabak ipini zizkietela kontatu du Onaindiak. Haien testigantzak jaso ditu.

Kofradia bakoitzak ere urteko bilkura egiten du. Kofradia bakoitzaren beharrak aztertzen dituzte; ondoren, Batzorde Nagusiko hamabi kideen artean aztertu, eta erabakitzen dute onartu ala ez. Proposamenik jaso ez badute, Batzorde Nagusiak adosten du zertan inbertitu dirua.

Lazkanoren ustez, iraupena bermatua dute kofradiek; dena den, lana dute egiteko. “Lortu behar dugu herriak kofradiengan sinistea. Mikel Urdangarinek kantatzen du ‘herria eta kofradia hasarratu ziran’; guk nahi dugu izatea ‘herria eta kofradia maitemindu dira'”. Kofradietan dabiltzan kideen batez besteko adina jaitsi egin da: 40 urteren bueltan dituzte orain, eta, garai batean, gehienak erretiratuak edo erretiratzear zeudenak ziren. “Lortu behar dugu jendeak ez pentsatzea lehenagokoen kontua direla, baizik eta denontzako erabilgarriak direla”.

Iurretako Kofradia Eguna

Durangorekin gatazkan

Joan den mendean ere gazteen eskutik heldu zitzaien susperraldia, Onaindiak azaldu duenez. 1926an, Durangok anexionatu egin zuen Iurreta, eta hark ez zuen desanexioa lortu 1990era arte. Gatazka egon zen Durangoko Udalaren eta kofradien artean, basoa zela eta. “Udalak ikusi zuen diru asko lor zezakeela, eta saiatu zen jabetza bereganatzen. Burgosko [Espainia] epaitegira heldu zen auzia, eta kofradiei eman zieten arrazoia. Hala ere, ez zen gatazka konpondu: udalak ezin zituen basoak erabili, baina ezta kofradiek ere, ez zutelako izaera juridikorik”. 1969an, Iurretako gazte talde batek kofradiak berreskuratzeko borroka abiatu zuen: protestak egin zituzten, eta udalarekin batzarrak izan zituzten. Azkenean, 1973an, udalak onartu zuen baso horiek kofradienak zirela, eta estatutu batzuk onartu zituzten kofradiak legeztatzeko. Basoaren ustiapena berreskuratu zuten, eta, besteak beste, auzoetan txokoak eraiki zituzten, futbol zelaia egiteko orubea erosi zuten, eta telefono eta saneamendu sareak ipini zituzten.

Orain, erronka berriak bilatu beharko dituzte. Lazkanok uste du erabaki behar dutela aurrerantzean kofradiek zer funtzio beteko duten. “Batzuek nahiko dute orain arte bezala jarraitu, baina beste batzuek proposamen berriak izango dituzte, ezberdinak. Zera egin beharko dugu, bildu eta eztabaidatu”. Edozelan ere, oinarriak betikoak izango dira: batetik, auzotarren parte hartzea, eta, bestetik, basoaren ustiaketatik lortutakoa Iurretako herriaren onurarako erabiltzea.