Olatz Silva Rodrigo
Janeth Panesso Medina da nire izena; bigarren abizena esatea gustatzen zait, ama aipatzeko”. Calikoa (Kolonbia) da Panesso, eta 2000. urtean heldu zen Euskal Herrira. Urte hartan, Bilbora iritsi zen; 2004tik, ordea, Portugaleten bizi da. “Jarri orduan nire bigarren abizena ere: Luisa Recacha Ortiz”. Recacha, berriz, Bruselakoa da, eta 1992an heldu zen Portugaletera. “Eta ni Mari Luz de Francisco San Martin naiz, Portugaletekoa”. De Franciscoren kasuan, gurasoak ditu migratzaileak: Burgostik eta Soriatik (Espainia) mugitu ziren Euskal Herrira. “Beste belaunaldi bateko migratzailea naiz”. Duela gutxi arte, hiru emakumeek ez zuten elkar ezagutzen. Orain, ordea, ondo baino hobeto dute elkarren berri. Loturak Emakumeok proiektuan hartu dute parte. Azken aldia amaitu berritan, Portugaleteko Solar plazan bildu dira, proiektuari buruz hitz egiteko. “Heldu nintzenean, horrelako proiektu bat asko eskertuko nukeen”, aitortu du Recachak.
Moviltik elkartea da proiektuaren antolatzailea, eta horren parte da Maria Arrieta Etxebarria. “Harrera kontzeptuaren inguruan hausnartzeko proiektua da Loturak Emakumeok; lehenengo aldia Getxon egin genuen, eta hurrengo biak, Portugaleten”, esan du Arrietak. Irailean hasiko dute hurrengoa, hori ere Portugaleten. Andre migratzaileak eta autoktonoak batzen dituzte. “Hausnarketa prozesu bat egiten dugu, eta, amaieran, bakoitzak objektu bat aukeratu eta harrerari lotutako bere istorioa kontatzen du”. Hasierako ideia bideo bat egitea izan zen, baina bigarren edizioan aukera gehiago eskaini zituzten: bideoaz gaiz, podcast bat eta liburu bat sortu zituzten.
“Ni maitasunarengatik etorri nintzen”, gogoratu du Recachak. Garai “gogorra” izan zen harentzat. “Iritsi nintzenean, konparazioak egiten nituen: Bruselan lan ona neukan, eta hemen ezer ez; ez nengoen gustura, eta ez nekien nora jo”. Azken 30 urteetan, egoera aldatu egin dela deritzo Recachak: “Orain, badaude elkarte batzuk migratzaileak laguntzeko, baina, garai hartan, ez zegoen ezer”. Proiektuari eskertu dio egiten duen lana. “Enpatia eragin behar da. Egia da ezin garela beste emakumeen oinekin ibili, bakoitzak bere istorioa duelako, baina emakumeak entzutea, hori ere garrantzitsua da”.
Beste arrazoi batzuengatik heldu zen Panesso Euskal Herrira. “Kolonbian ardura postu bat neukan multinazional batean, baina han, 35 urte inguru dituzunean, zaharkituta geratzen zara, eta lantaldea berritzen hasten dira”. Lana bilatzea ez zen izan mugitzeko arrazoi bakarra. “Indarkeria matxistagatik banandu nintzen senarrarengandik. Hura Kanadakoa denez, bertara deporta zezatela eskatu nuen”. Distantzia luzea jarri behar zuela argi zeukan Panessok, eta “ozeano bat” jarri zuen tartean. Seme-alabak Kolonbian geratu ziren, Panessoren gurasoekin. “Banekien senar ohia Kolonbiara bueltatuko zela”. Eta hala egin zuen. Hori dela eta, Panesso Kolonbiara itzuli Euskal Herritik, eta, 2004. urtean, seme-alabekin bueltatu zen Portugaletera. “Talka gogorra izan zen niretzat; ez nuen inoiz zaintzaren sektorean lan egin, eta ez nuen beste aukerarik izan”. Enplegu zerbitzu publikora jo zuen Panessok. “Egiten nekien guztia azaldu nien, baina esan zidaten titulurik gabe ezin nuela ezer egin”. Horregatik, adineko pertsonak zaintzen hasi zen. “Ez nekien ezer egiten”. Taberna batean ere lan egiten zuen, alokairua ordaintzeko.
Hainbat titulu eta lan gutxi
Egoera administratiboa erregularizatzea lortu zuenean, Panesso ikasten hasi zen: arreta soziosanitarioa ikasi zuen. Hori amaitu zuenean, bidean aurkitutako hainbat kidek ikasten jarraitu behar zuela esaten zioten. “Ez nuen denborarik: 06:30ean ateratzen nintzen etxetik eta 22:00etan bueltatzen nintzen; seme-alabak bakarrik hazi ziren”. Estres handiko garaia izan zen hura. Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen hasi zenean, lan batzuk utzi ahal izan zituen. Soziologiako gradua ikasi zuen, baita Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra, eta maskulinitateei buruzko graduondokoa ere. Bigarren graduondokoa amaitzen ari da orain. Tituluak izanda ere, Panessok salatu du oso zaila dela lana aurkitzea: “58 urte ditut, eta, nahiz eta hainbat titulu izan, ez dut lanik topatzen”.
Graduondoko kide batek aldundiak antolatutako proiektu batean lan egiteko aukera eman zion. Lau hilabetez egon zen lanean. “Orain, amatasun baja bat ordezkatzeko esan didate, eta hori egingo dut”.
Bere istorioa kontatzeko, masterreko kideek oparitutako liburu bat aukeratu zuen Panessok: Caliban y la bruja. “Lehengusu batek behin esan zidan beti ikusi nauela liburu batekin”. Liburu horrek “esanahi handia” dauka Panessorentzat: “Kanadara joan nintzenean oparitu zidaten; semea bertan zegoen, eta lana aurkitzen saiatu nintzen, baina ezin”. Erresuma Batura jo zuen gero, eta ia hiru urtez eskola batean egin zuen lan. Iazko otsailean, Euskal Herrira bueltatu zen.
Panessok hogei urte baino gehiago daramatza Euskal Herrian. “Hala ere, migratzaile baldintza ez da sekula galtzen”. Emakume batek nongoa den galdetu zion behin. Kolonbiakoa dela erantzun zion Panessok, baina euskalduna “bihotzez” eta “jarrillera sentimenduz” —Portugaletekoen ezizena da—, Portugalete maite duelako. “Hori ulertzea kostatu zitzaion. Ez diozu inoiz migratzaile izateari uzten”.
Recachak berretsi egin du Panessok esandakoa: “Batzuetan uste duzu ez zarela inongoa ere”. Izan ere, haren gurasoak Andaluziakoak ziren (Espainia), baina Recacha Bruselan sortu zen. “Han jaio nintzen, baina ez naiz inoiz belgikarra izan”. Migratzaileen auzo batean bizi ziren, eta han erabilitako mahai zapi bat aukeratu zuen proiekturako. “Amak josi zuen zapia, eta jendea etortzen zen bakoitzean, mahaian jartzen genuen. Denon etxea zen”. Recacharen arabera, aspaldi, harrera egiten zutenak migratzaileak ziren. Egun, egoera ez da asko aldatu. “Migratzaileok egiten diegu harrera beste migratzaileei”.
Iritzi berekoa da De Francisco. Haren gurasoak izan ziren Portugaletera etortzen “lehenengoak”. Horren ostean, ezagunen batek Euskal Herrian lana aurkitu nahi bazuen, haien etxean geratzen zen; eta, lana topatzen zuenean, familia osoa mugitzen zen. “Migratzaileek egin digute harrera beti”, errepikatu du Panessok. “Pertsona batzuk arrazistak dira, baina badira beste asko, arrazistak baino gehiago, beldurtiak direnak”.
Beldurrari aurre egiteko, estereotipoei aurre egin behar zaiela dio De Franciscok. Horretarako, egokia da proiektua. Hark giltzatako bat hautatu zuen: L itxura du eta, alderantziz jarrita, J itxura. “Ni Mari Luz naiz, L; eta gurasoak Juani eta Jacinto ziren; J“. Lagun batek oparitu zion. “Bularreko minbizia bigarren aldiz izan ahal nuela esan zidaten, eta giltzatakoarekin joan nintzen probak egitera”. Ez zuen berriro minbizirik izan. Bere migrazio istorioa kontatu zuenean, hainbat emakumek esan zioten euren istorioa ere kontatu zutela. “Emakume autoktonoek uste dute ez dutela ezer kontatzeko, baina askok dugu migrazio istorio bat”.
Urrats bat gehiago
Proiektuak modu artifizial batean sortu nahi ditu espazioak, modu natural batean topo egingo ez duten emakumeek elkar ezagut dezaten. “Maila berean topo egiten ez duten andreentzako tokia da; agian, emakume autoktonoek harremana dugu Latinoamerikakoekin zaintzarekin laguntzen digutelako, baina hori ez da maila berean egotea”, azaldu du Arrietak. Proiektua “zoragarria” dela iruditzen zaio Panessori, eta uste du, orain, pauso bat aurrera eman behar duela: “Andre bakoitzaren beharrei erantzuna eman behar zaie, garapen prozesuan aurrera egin dezaten”.