Mikel Garcia Martikorena
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko San Mamesko Ingeniaritza Eskolako kideek beste urrats bat egin dute motorraren munduan: Formula Studenteko (Ikasleen Formula) Silverstongo zirkuituan (Erresuma Batuan) jokatutako txapelketan garaile izan dira gidaririk gabeko autoen artean diseinu arloan. Mundu osoko hogei unibertsitateren aurka lehiatu dira EHUko ingeniariak: Bombayko Indian Institute of Technologyri (India), Glasgowko Unibertsitateari (Gales) eta Portoko Unibertsitateari (Portugal) gailendu zaizkie euskal herritarrak. Garaipenek zapore gozoa dute beti, eta aurten gidaririk gabeko proba batean irabazi izanak esanahi berezia du. Izan ere, EHUk lehen aldiz aurkeztu du txapelketara gidaririk gabeko auto bat, gidaridun auto elektrikoaz gain.
Ikasleen Formulako txapelketak ez dira 1 Formulakoak bezalakoak. Abiadura ez da garrantzitsuena, ingeniaritza lan on bat egitea baizik. Hori dela eta, autoek —bai gidaridunek, bai gidaririk gabekoek— bi motatako probak egiten dituzte: dinamikoak eta estatikoak. Gidaririk gabeko autoen kasuan, esaterako, zirkuituari hamar buelta eman, eta azelerazio proba, diseinukoa eta hausnarketa teorikoa gainditu behar dituzte, besteak beste. Gorka Ortiz FS-Bizkaiko gidaririk gabeko taldeko buruak dio diseinu proba irabaztea “berezia” izan dela, guztietan “garrantzitsuena” delako: “Puntu gehien ematen duen proba estatikoa da. Ingeniaritzako txapelketa batean, proba estatikoetan erakusten duzu benetan zer dakizun autoen ingeniaritzaren inguruan”.
Hori dela eta, Ortizen ustez, diseinuan irabaztea “txapelketan garaile izatea” bezala izan da: “Unibertsitate oso potenteekin lehiatu gara. Beste taldeek hamar kide inguru zituzten, eta gu, ostera, soilik hiru lagun ginen”. Gidaririk gabeko autoen sailkapen orokorrean zortzigarren gelditu dira EHUkoak. Ortizen iritziz, “oso emaitza ona” da; batez ere, kontuan izanda bederatzi taldek aurretik ere parte hartu izan dutela lehiaketan. Are gehiago, aurreneko aldia aurten zutenen artean, emaitzarik onenak lortu ditu FS-Bizkaiak.
“Harrotasunez” lanean
Ingalaterratik Euskal Herrira ekarritako emaitzak, baina, zapore gazi-gozoa utzi dio Ainhoa Franco FS-Bizkaia taldeko zuzendari nagusiari. Izan ere, Silverstongo txapelketara joandako azken lau aldietan sailkapen orokorrean hamar lehenen artean gelditzea lortu zuen San Mamesko taldeak; aurten hori errepikatzea zen haien helburua, baina arazoak arazo, ezin izan dute lortu. Francok azaldu duenez, gidaridun autoak ezin izan zuen korrika egin: “Autoaren alde mekanikoa ondo zegoen arren, alde elektrikoan zenbait arazo izan genituen, eta ezin izan genuen lasterketetan parte hartu. Puntu horiek gabe oso zaila da aurreneko hamar onenen artean geratzea”.
Halere, esperientzia modu onean baloratu du taldeko zuzendari nagusiak. Hark dioenez, giro “bikaina” egon da taldeen artean Silverstonen: “Momentu oro egon gara mundu osoko gazteekin harremanetan, eta taldeok bata besteari laguntzen genion. Giro ederra zegoen”. Are gehiago: nahiz eta lehiaketa bat izan eta “irabazteko gogoa beti” izan duten, Francok argi du Silverstonek “ikasteko eta praktikatzeko” aukera “paregabea” eskaintzen duela.
FS-Bizkaiko zuzendari nagusia “oso harro” dago taldeak egindako beharrarekin: “Urte osoan egindako lana nazioarteko beste unibertsitateekin batera plazaratzeko aukera izan dugu”. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, taldeko kide gehienak, Ortiz eta Franco barne, ingeniaritza eskolako ikasleak dira: hirurogei ikaslek eta hiru irakaslek osatzen dute taldea. “Gogorra” da Ikasleen Formularen parte izatea, Francoren iritziz: “Ordu asko eskaintzen dizkiogu proiektuari, gure ikasketak aurrera eramaten ditugun bitartean”. Ingeniaritzaz gain, beste hainbat esparru jorratu behar dituzte taldeko kideek denbora gutxian —bizpahiru urte ematen dituzte kideek taldean—: komunikazioa, ekonomia eta enpresa munduko gaitasunak, adibidez. Hori da, taldeko zuzendari nagusiaren ustez, kideak “motibatzen” dituena: “Gustuko dugu hainbeste arlo ezberdinen inguruan ikastea eta hori praktikan jartzea. Hori dena baliagarria izango zaigu etorkizunean”.