Hamargarren Itsas Martxa, presoak “etxeratzearen” alde

Hamargarren Itsas Martxa, presoak “etxeratzearen” alde

Markel Garzon Goitia

Duela hamar urte jaio zen Itsas Martxa Plentzian, Espainiako eta Frantziako estatuetan sakabanatuta zeuden euskal presoak Euskal Herriratzea eskatzeko eta haien senideei babesa helarazteko. Aurtengo martxoan, bukatutzat eman zen euskal presoei urte luzez aplikatutako urruntze politika. Egoera horretan, Plentziako X. Itsas Martxa izango da bihar, eta egitarau zabala antolatu dute. Besteak beste, ekitaldi berezia, bazkaria eta kontzertuak izango dira.

Jardunaldia 12:00etan hasiko da, Plentziako zubian. Ohikoa den bezala, euskal presoen senideei omenaldia egingo diete. Gainera, hamargarren ediziorako, haientzako ikuskizun berezia prestatu dute antolatzaileek. Garikoitz Urizar Itsas Martxaren antolatzailetakoak azaldu duenez, euskal presoen “etxeratzea” aldarrikatzeko eguna izango da larunbata: “Gaur egun, ia euskal preso denak Euskal Herriko espetxeetan daude, eta haien senideei zama itzela kendu die horrek, baina presoak espetxean daude oraindik, eta guk etxean nahi ditugu, aske. Hortaz, ikusten dugu borrokan jarraitu behar dugula”.

12:30ean, Plentziako zubitik abiatuko da Itsas Martxa. Urtero legez, euskal presoen eskubideen aldeko aldarriak daramatzaten ontziek, piraguek, txalupek eta kanoek badia beteko dute. Urizarrek adierazi duenez, jendearen parte hartzea handituz joan da azken urteetan. Ontziak uretan dauden bitartean, Ines Osinagak uretatik kontzertu bat joko du, giroa animatzeko.

15:00etan, elkartasun bazkaria egingo dute, Ontziola plazan. Menua: pasta entsalada, marmitakoa, brownie-a eta kafea. Horrez gain, menu beganoa prestatu dute: entsalada, tofu marmitakoa, postrea eta kafea. Euria eginez gero, karpa bat jarriko dute bazkaritarako.

Gero, musika izango da nagusi Plentzian. Bazkaria amaitu ondoren, 16:30ean, Andoni Ollokiegi hasiko da, kontzertu akustiko batekin. 19:00etan, Orkestra Elektrotxarangaren txanda izango da. Azkenik, 21:00 inguruan, Skabidean taldeak kontzertu bat eskainiko du. Iruñerriko reggae-ska talde horrek emango dio amaiera egitarauari.

PLENTZIAKO_ITSAS_MARTXA,_BEDERATZIGARREN_EDIZIOA

Elkartasun eguna

Etxerat presoen eta iheslarien senideen elkarteak, urte luzez, elkarretaratzeak antolatu izan ditu Euskal Herriko hondartzetan. Euskal presoen aurkako “salbuespen politika” bukatzearen alde egiten dira elkarretaratze horiek, eta Plentzian helburu berarekin sortu zuten Itsas Martxa, duela hamar. “Hasieran, Plentziako itsasadarretik egiten genuen mobilizazioa, txalupekin eta kanoekin. Euskal presoen senideei babesa helarazten genien uretatik, musikarekin, bozgorailuekin…”, gogoratu du Urizarrek.

Antolatzaileek herritarrengandik jasotzen duten elkartasuna oso garrantzitsua dela aitortu du martxaren antolakuntzako kideak. Adierazi du bakoitzak “bere aletxoa” jartzen duela: “Batek ur motorrak eskaintzen ditu, surf enpresek materiala uzten digute, marmitakoa prestatzeko hegaluzea oparitu digute, eta abar”.