Ibai Maruri Bilbao
Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako agindu baten bidez, Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra eraisteko lanei baimena eman die Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak. Lanek hamar urte irautea aurreikusten dute, eta 475 milioi euroren kostua izatea. Bizkaitik gertuen martxan egondako zentral nuklearra da Garoñakoa, baina herrialdean bertan badago beste bat, sekula lanean ibili ez dena, baina 1981ean orduko jabeak —Iberduero— lanak eten zituenetik ia bukatuta dagoena: Lemoizkoa. Harrezkero, bertan behera utzia dute. Garoñan egingo duten bezala, badago Lemoizen ere eraitsi eta Basordako kala berreskuratzeko aukerarik? 2019tik, Eusko Jaurlaritzak dauka haren jabetza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailekoek Bizkaiko Hitza-ri esan diote beren asmoa dela eraikitakoa aprobetxatu eta beste erabilera bat ematea; bultzatu nahi duten lehen proiektua, arrain haztegi bat da.
Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bereizi egiten ditu Garoñako eta Lemoizko kasuak: “Garoñan hondakin erradioaktiboak daude, eta garbitu egin behar da; Lemoizen, ostera, ez da energia nuklearrik sortu, eta ez dago kutsadurarik”. Esan dute Jaurlaritzak ez duela kontuan hartu “eraitsi eta ingurua leheneratzeko aukera”. Hala ere, iazko uztailean Sprilurrek —industria azpiegiturak sustatzeko sozietate publikoa— Lemoizko zentral nuklearra eraisteko lan posibleen inguruko hainbat ikerketa esleitu zituen; besteak beste, segurtasunari eta ingurumen inpaktuari lotutakoak. Beraz, aukera aztertuta egon badago.
Joan den astean, Sprilurrek zentral nuklearreko dikea egonkortzeko lanak esleitu zituen. Jaurlaritzak dio “egin beharreko lanak” direla, “gero martxan jarriko den jarduera ekonomikoa edozein izanda ere”. Hasteko, arrain haztegiaren aldeko apustua egin gura dute, garapen jasangarriarekin “oso lotuta dagoen jarduera” delako. Edozelan ere, ohartarazi dute oraindik azterketa fasean daudela. Ez dute baztertzen beste jarduera batzuk ere bultzatzea.
Gaur egun, herrian ez dago zentral nuklearraren inguruko eztabaidarik, Jesus Mari Arizmendi Lemoizko alkateak esan duenez. “Denetariko iritziak daude: batzuek nahi dute lehengo egoerara bueltatzea, eta beste batzuek uste dute hori utopikoa dela eta azpiegitura aprobetxatu beharko litzatekeela”. Arizmendi ekainaren 17tik da alkate, maiatzean EH Bilduk udal hauteskundeak lehen aldiz irabazi ondoren, eta azaldu du udal gobernu berriak ez duela iritzirik zehaztuta. Horretarako informazioa falta zaiela iruditzen zaio: “Zer egingo da? Zer egin daiteke? Zer ez? Ez dakit azpiegitura osorik botatzea posible den ere”.
Borrokaren ikurra
Lemoizko alkateak gura luke jakin zer proiektu dauden zentral nuklearrerako, eta gura luke informazio hori “publiko egitea”, gizartean eztabaida sortzeko. Batetik, Lemoizen bertan, zentral nuklearra haienean dagoelako. Baina baita Euskal Herri osoan ere, “mugimendu antinuklearraren ikurra” delako. Horregatik, uste du “alderdi politiko guztiek, erakunde ekologistek eta eragileek ere” iritzia eman beharko luketela, eta erabakia hartzeko orduan kontuan hartu. “Ez da Lakuako bulego zarratu batean erabaki daitekeen zerbait”.
Erabileraren bat ematekotan, “giza ergelkeriaren” ikur moduan utziko luke Ekologistak Martxan taldeko Marisa Castro Delgadok: “Hurrengo belaunaldiek jakin dezaten zer ez den egin behar”. Edozelan ere, ohartarazi du egokiena eraikina eraistea eta ingurua lehengoratzea dela. Ez du ontzat jo arrain haztegia martxan jartzeko Eusko Jaurlaritzak duen asmoa: “Halako haztegiek ingurumen inpaktua izaten dute lehorrean, baita itsasoan ere”.
Castrok esan du ez dutela ulertzen Jaurlaritzak zergatik nahi izan duen jabetza. “Legez, zentral nuklearra eraiki duten konpainiek ingurua lehengoratuta itzuli behar dute. Orain Jaurlaritzak erabakiko balu Lemoiz eraistea, denon artean ordaindu beharko genuke, diru publikoarekin”. Era berean, ez du ulertzen berrogei urtean zergatik ez den eraitsi. Azaldu duenez, abantaila da Lemoiz inoiz martxan egon ez izana, ez duelako material erradioaktiborik: “Industria arloko beste edozein azpiegitura eraistea legezkoa litzateke, eta horretan hemen esperientzia handia dugu”.
Erakunde publikoek sarri aipatu izan dute eraiste lanen kostua “handiegia” dela, baita izango luketen ingurumen inpaktua ere. Castroren arabera, zentral nuklearra dagoenean uzteak “askoz inpaktu handiagoa” du.