Ibai Maruri Bilbao
Bihar, Madalen egunez, Bermeoko alkateak teila bat botako du Izaro parean itsasora, herriko itoginak hara ere heltzen direla esanez. Hau da, uhartearen jabetza aldarrikatuz. Baina usadio hori ez da betikoa. Irlan zegoen komentua desagertu ondoren sortutako tradizioa dela zehaztu du Aingeru Astui Bermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendari izandakoak. “Ezagutzen den Madalen eguneko ohiturarik zaharrena da Bermeotik Izarora joaten zirela: hango elizan meza entzun, fraideekin bazkaldu, eta herrira itzultzen ziren”. Izan ere, 1522tik egon dira frantziskotarrak Izaron. Urte hartako otsailean eskatu zioten Bermeoko Udalari komentua eraikitzeko baimena. “Maiatzerako, lau fraide zeuden irlan, han bizitzen eta komentua eraikitzen”, azaldu du Astuik.
Komentua eraiki aurretik zer zegoen ez dakite seguru, baina uste dute ez zegoela ezer; hutsik egon zela ordura arte. Hala ere, eskualdean badaude elezahar batzuk, Astuik kontatu duenez. Dena den, sinesgarritasuna ukatu die: “Esaten dute Sukarrietan San Antonio bizi izan zela denboraldi batez, eta Izarora joaten zela. Seguruenik, asmatutako ipuinak dira”, ohartarazi du.
Frantziskotarren komentua oso apala zen. Hango fraideak erabat pobre bizi ziren. Astuiren esanetan, kontenplatiboak ziren. Ondoan zuten ortua lantzen zuten, uhartean umatzen ziren itsas hegaztien arrautzak jaten zituzten, eta baita itsasoan harrapatutako arrain eta itsaskiak ere. “Zer jan barik geratzen zirenean, makila luze batean izara handi zuri bat jartzen zuten, herrikoek jakin zezaten zelan zeuden, eta txalupetan eroaten zieten jatekoa eta edatekoa”.
Astuiren esanetan, bermeotarrek ez zuten harreman etengaberik Izaroko komentuarekin. “Herrian bazegoen frantziskotarren beste komentu bat, eskura. Beraz, ez zuen zentzurik txalupa hartu eta Izarora joan-etorrian ibiltzeak. Baina, hala ere, bermeotarrek asko maite zituzten Izaroko fraideak, eta beharrizanean zeudenean, laguntzen zieten”.
Bere apalean, garrantzi eta sona berezia lortu zituen Izaroko komentuak. Arrantzaleen Museoko zuzendari ohiaren ustez, apaltasun horrek eman zion handitasuna. “Uste zuten San Frantziskok ezarritako pobretasuna Izaron bizi zutela”. Jende garrantzitsua erakarri zuen bizimodu horrek Izarora. Esaterako, hainbat erregek bisitatu zuten. Enrike IV.a Bizkaiko jaun eta Gaztelako erregea, Fernando II.a Aragoikoa eta Isabel I.a Bizkaiko andre eta Gaztelako erregina, besteak beste, Izaron egonak dira. Hirurek egin zuten Bizkaiko foruen zina Gernikako juntetxean eta Bermeoko Santa Eufemian, Bizkaiko jaun edo andre karguaz jabetzeko. Isabel I.ak, uhartera igotzeko zailtasunak ikusi, eta dirua eman zuen eskailerak eraikitzeko. “Oraindik ere eskailera haren maila batzuk eta horma zati bat ikus daitezke”. Komentua diruz lagundu zuten, halaber, Espainiako Felipe II.aren emazte Isabel Valoiskoak eta Juan Austriakoak —Felipe II.a Espainiakoaren anaia—.
Mundaka, Lekeitio, Forua
1596an, Frantziako higanotak Bermeora etorri ziren, hiribildua arpilatzera. Astuik kontatu duenez, heldu zirenerako harresiko ateak zarratuta zeuden, bermeotarrek aurretik izan zutelako erasoaren berri. Inguruetako herrietako jendea ere Bermeon zegoen, hiribildua babesten laguntzera joana. Beraz, ezin izan zuten barrura sartu. “Amorratuta, Izarora joan ziren, eta komentuari egin zioten eraso. Ez zuten inor hil, baina dena erre zuten. Konponketak egin zituzten, baina orduan hasi zen gainbehera”.
Hainbat urtez jarraitu zuten han bizitzen frantziskotarrek. Baina leku hobe baten bila hasi ziren. Lehenengo, Mundakan; ondoren, Lekeitioko Garraitz uhartean. Bietako batean ere ez zuten arrakastarik izan. 1719an, Izaro behin betiko utzia zuten, eta Foruko komentuan zeuden. Komentuko hormen zati batzuk daude gaur egun ikusgai, eta, ordutik, hainbat itsas hegazti espezieren bizileku eta babesleku da Izaro.