Demokraziaren lehen urratsa

Demokraziaren lehen urratsa

Mikel Garcia Martikorena

Mundua nabarmen aldatu zen Europaren eskutik duela 500 urte. XV. mendetik XVI.era egindako pausoa ez zen gizaldi aldaketa bat izan soilik; garai aldaketa bat ere izan zen. Erdi Arotik Aro Modernora egin zuen salto Europak, eta, horrekin batera, hainbat aldaketa izan zituzten kontinentean eta Europako koroek konkistatutako lekuetan; estatuak sortu ziren, besteak beste. Garai horretan sortu zen Bizkaiko Foru Berria: 1526an, hain zuzen. Garrantzi historiko handia izan zuen, 1876ra arte egon baitzen indarrean. Are gehiago: Mikel Manzizidor de la Fuente Deustuko Unibertsitateko irakasleak azpimarratu du foruek “bizkaitarren identitate juridikoa” osatzen dutela. Hitz horiekin aurkeztu du irakasleak Gregorio Monreal katedradunaren Foru Zaharraren eta Foru Berriaren artean Bizkaiko Zuzenbide Historikoaren iturriak hitzaldia. Solasaldia uztailaren 13an egin zuten, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatuta Gernika-Lumon eta Bermeon egindako udako ikastaroan: XV. eta XVI. mendeen arteko trantsizioa Bizkaian. Politika, lurraldea eta eguneroko bizitza Gernikan eta Bermeon.

Monrealen iritziz, Foru Berria izena ez da egokia; horren ordez, Foru Berriztuak izena erabiltzea “zehatzagoa” izango litzateke: “Foru Berriaren zuzenbidea Zaharrak ezartzen du”. Hala ere, Berria edo Berriztua izan, katedradunak argi du Bizkaiaren “berezitasun instituzionala” islatzen duela: “Garai hartan ez zegoen Foru Berriaren moduko beste ezer. Ingalaterra da gertuen egon zitekeen kasua, baina Bizkaian han baino lehen egin zuten”. Izan ere, Europa Aro Modernoan sartzen zebilenean, Bizkaian “nolabaiteko demokrazia” zegoen, “bizkaitarrek [gizonek bakarrik] politikan parte hartzeko aukera baitzuten”, dio Monrealek. Herritarrak batzarretan biltzen ziren eguneroko bizimoduari zegozkien erabakiak hartzeko.

Idazteko beharra

Zaila da jakitea protodemokrazia hura noiz hasi zen, foruek “tradizioz Bizkaian aurretik ezarritako jokaerak” idatziz islatzen baitituzte, Monrealek azaldu duenez. Baliagarria da bizitza politikoa gobernatzen zuten ohiturak idaztea Foru Berriaren testuinguru historikoa ulertzeko.

EHUren udako ikastaro berean, Jose Angel Achon Deustuko Unibertsitateko katedraduna Foru Berriaren testuingurua azaltzeaz arduratu da, Testuinguru historiko eta soziala Bizkaian XV. eta XVI. mendeen arteko trantsizioan izeneko hitzaldian. Achonek adierazi du ezen, gaur egungo “indibidualismoarekin eta sistema kapitalistarekin” alderatzeak “zentzurik ez duen” arren, garai hartan bizi zena egungo pentsamoldearen “ernamuina” izan zela.

Europako potentziek Amerikara salto egitearekin batera, hedatzeko nahia zabaldu egin zen kontinenteko monarkien artean. Garai hartako agintariek bi obsesio nagusi zituztela nabarmendu du Achonek: espazioa eta denbora gainditzea. Hori lortzeko bide bakarra haien erabakiak, bidaiak eta bizipenak idaztea izan zen: “Geroz eta lurralde gehiago okupatzen zutenez, informazioa helarazi behar zen alde batetik bestera; hori dela-eta sortu zen posta zerbitzua. Bestetik, ahaztuak izateko beldur ziren. Hortaz, egindakoak idazten hasi ziren”.

Idazketari esker, Bizkaiak beste eremu batzuetan eragiteko gaitasuna lortu zuen, Achonen ustez; Gortean eta Elizan, esaterako. Baina idazteak ez zion hori eman soilik. Haren ohiturak eta bizimodua foruetan islatuta, lurraldearen nahiak aditzera ematen ziren, aldi berean: “Foruarekin Bizkaiak argi utzi zuen nola nahi zuen bere burua kokatu sortzen ari zen mundu berri hartan”.

Berezitasunak

Aurreratuak izan ziren arren, garai hartako joeren barruan koka daiteke Bizkaiko Foru Berria. Beraz, zergatik da hain miretsia? Bi arrazoi nagusi azpimarratu ditu Monrealek. Batetik, Bizkaiari bere buruarekiko eta bere jauna nor zen erabakitzeko “nolabaiteko askatasuna” ematen diotelako. Bestetik, Bizkaian jaiotako guztiei ia beste inon ez zituzten eskubide eta abantailak aitortzen zizkielako —Gipuzkoan, Nafarroan eta Arabako zenbait eremutan antzeko trataera jasotzen zuten—.

Bizkaitarrek argi zuten Gaztelako erregea euren jauna zela, bizkaitarrek horrela erabaki zutelako; gainera, erregeak euren jaun izan nahi bazuen, bizkaitarrek idatzitako foruak onartu eta defendatu behar zituen. Are gehiago: Gernikan bildutako bizkaitarrek, foruak idatzi eta onartzeaz gain, erabaki zuten bertan ezarritakoa aplikatzeagatik erregeak epaileren baten aurka eginez gero bizkaitar orok erantzungo zuela haren alde. Erabaki horretan “demokrazia zantzuak” ikusten ditu Monrealek.

Foruak bizkaitarrei emandako eskubideen artean garrantzitsuena kaparetasun unibertsala da, zeina Bizkaian zein Bizkaitik kanpo errespetatu behar zen. Horri esker, bizkaitarrak ezin ziren torturatuak izan besteak beste, EHUko ikastaroan esan dutenez.