“Usansolok erabaki zer egin, eta inbertsioa Galdakaok egingo du”

“Usansolok erabaki zer egin, eta inbertsioa Galdakaok egingo du”

Ibai Maruri Bilbao

Apirilean, Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloko Kudeaketa Batzordea osatu zuen, eta Usansolo Herriak dituen ordezkarietako bat da Agustin Aizpuru (Bedia, 1946). Maiatzaren 4an aukeratu zuten batzordeko presidente. Datozen lau urteetan udal funtzioak beteko ditu batzordeak, eta alkate lanak egingo ditu Aizpuruk. Hartu zuten lehen erabakia izan zen Espainiako Gobernuari eskatzea Usansolo Espainiako Tokiko Entitateen Erregistroan sartzeko, baina ezezko erantzuna jaso zuten joan den hilean. “Tokiko Entitateen Erregistroan egon arte, ez dugu eskumen askorik; beraz, ezin dugu lan handirik egin”.

Espainiako Gobernuak esan dizue ez dutela Usansolo Espainiako Tokiko Entitateen Erregistroan sartuko, ez dituelako gutxienez 5.000 herritar erroldan, Espainiako Estatuko legeak eskatzen duen moduan. Orain zer?

Bagenekien gerta zitekeela; beraz, prest egon gara. Maiatzeko udal hauteskundeetan Galdakaoko Udalerako aurkeztu ginen Usansolo Herria plataforma moduan, eta bi zinegotzi lortu genituen. Zinegotzi horiek EH Bildu buru den Galdakaoko udal gobernuan daude. Akordio ekonomikoa daukagu EH Bildurekin inbertsioak egiteko Usansolon. Horretan ibiliko gara oraindik aurrera, akordio hori betetzen. Desanexio prozesua ere jarraituko dugu. Ez gaituztenez erregistratu, bi bide ditugu. Batetik, prozesu administratiboari jarraitu, eta erreklamazio bat egin. Bestetik, alde juridikotik plantea dezakegu gatazka juridiko bat.

Zer eskumen ditu orain Usansoloko Kudeaketa Batzordeak?

Galdakaoko Udalak ditu ia eskumen gehienak. Haiek daukate dirua. Beraz, adostuta daukagun dirua zinegotziarekin kudeatuko dugu, eta guk batzordean erabakiko dugu zertan inbertituko den. Ez bagaude erregistratuta, ez dugu ez aurrekonturik, ez diru laguntzarik. Egin dezakeguna da datozen urteetan zer gobernu nahi dugun zehaztu, eta araudia osatzen hasi. Baina inbertsiorik ez; Galdakaoko Udalak egingo ditu, eta guk erabakiko dugu zer eta noiz egin.

Beraz, Galdakaoko udal gobernua osatzeko akordio hori lortu ez bazenute EH Bildurekin, Usansoloko Kudeaketa Batzordeak ez luke ezer egiteko aukerarik izango?

Linboan egongo ginateke. Udal bat diru barik ez da ezer. Araudiak onartu ahal izango genituzke, baina inbertsiorik egin ez. Akordioari esker, Galdakaok Usansolon ematen dituen zerbitzuak ere guk kontrolatuko ditugu. Galdakaoko gobernuan bi zinegotzi ditugu, eta haietako bat arlo askotako zinegotzia da: hau da, hirigintza arloan, obrenean eta zerbitzuenean… arlo nagusi guztietan du eskumena, Usansolon jardun ahal izateko.

Arautu dezakezuela diozu. Adibidez, kudeaketa batzordeak onar dezake Usansolorako hiri antolamenduko plan orokor bat?

Orain ezin dugu, baina itxaropentsu nago, eta uste dut laster konponduko dela gatazka hau, eta berehala onartu ahal izango dugula. Agintaldi berri honetan Usansolok pausoak eman beharko ditu.

Beste gatazka bat ere baduzue: Espainiako Estatuko Abokatuak helegitea ipini zuen abenduan Bizkaiko Batzar Nagusien desanexio erabakiaren aurka.

Hor ere lan egin beharko dugu. Eta baita alderdi politikotik ere. Lan egiten ari gara aspalditik. Espainiako Tokiko Erregimenaren Oinarrien Legeko 13.2 artikuluak esaten du 5.000 biztanle behar direla segregazio baterako. Guk salbuespen bat sartzea nahi dugu, eta horretarako zuzenketa bat prestatu genuen EAEn eta Nafarroan ez aplikatzeko, lurralde historikoak direlako. Baina Espainiako Gorteak desegin egin ziren, eta berriro hasi beharko dugu. Bi urte ibili gara lanean EAJrekin, EH Bildurekin eta Podemosekin. Espainiako hauteskundeen ostean ikusi beharko da oreka politikoa zein den, eta ikusiko dugu zelan bultzatu dezakegun berriz ere zuzenketa hori.

Espainiako hauteskundeetako emaitzek kezkatzen zaituzte?

PP ez dago gure kontra. Batzar Nagusietan beti babestu gaitu, eta esan digute [Espainiako] gobernura helduz gero babestuko gaituztela. Baina, inkestetako zifren arabera, Vox ere gobernuan egongo da, eta ez dakigu zer egingo duen. PSOEk jarraituko balu, orain arte ez dira desanexioaren alde egon. Ikusi beharko da zer oreka sortzen diren. EAJ, EH Bildu eta Sumar gurekin daude, eta hiruren artean PSOEk jarrera aldatzea lortu beharko lukete. Sozialistek esaten digute herriak ez direla banatu behar, batu baizik, baina haiek Andaluzian hainbat segregazio egin zituzten 2018an.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak esan du Espainiako Gobernuaren erabakia errekurrituko duela diputazioak.

Eskertzekoa da. Nahi dugu jakin zelan egingo duten, gure abokatua ere koordinatzeko. Haiek euren errekurtsoa egingo dute, eta guk gurea, baina garrantzitsua da koordinatzea. Galdakaoko Udalak ere egingo du berea.

Zer erronka ditu batzordeak datozen lau urteetarako?

Duela hiru aste eskatu nion diputazioari kudeaketa batzordea azken hauteskundeen emaitzetara egokitzeko. Orain, EH Bilduk kide bat edukiko luke, eta EAJk bat galduko luke. Hori egin behar da; ez du zentzurik kudeaketa batzordea 2019ko emaitzen arabera osatuta egoteak. Irailean berritzea espero dut. Lanean hasi beharko dugu orduan. Alde politiko eta juridikotik lan asko dugu, eta baita kudeaketa aldetik ere. Proiektuen zerrenda bat osatu beharko dugu. Proiektu handirik ez daukagu oraindik pentsatuta, baina txikiak, asko: kaleak hobetu, zubien segurtasuna sendotu…

Metroaren 5. linea dela eta, herrian duzuen Eustronen lineako geltokia galduko duzue.

Euskotren hamabost minutuan behin pasatzen da; beraz, guk zerbitzu ona dugu orain arte. Geltokia galduko dugu. Metroaren proiektuak dio sarrera bat egongo dela Labean, ospitalera joateko metroa hartzera. Baina hango segurtasuna ez da ona; herrigunetik kanpo dago eta toki iluna da. Herrigunean nahi dugu geltokia, edo sarrera bat lurpetik herritik ospitalera. Jaurlaritzarekin eta diputazioarekin bildu behar dugu.