Herriko ekonomiaren bihotza

Herriko ekonomiaren bihotza

Ibai Maruri Bilbao

Harriek hitz egiten digute, eta irakurtzen jakin behar da: begiratu, eta zer kontatzen diguten ezagutu”, Eako HEA Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteko kide Asun Landaren arabera. Elkartekoak hori egiten ahalegindu dira Eako Urtubiagako burdinolarekin eta errotarekin. Azken urteetan lekua garbitzen, lehengoratzen eta ezagutzera emateko lanean dabiltza, udalaren eta diputazioaren laguntzarekin. “Herrian dugun ondare zibil garrantzitsuena da, gure herriaren bihotza eta, neurri batean, jatorria; ekonomia eta bizimodua markatu dituena”. 2013an kultura ondare izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak, monumentu multzoen katalogoan sartuta.

Presa batek, seiehun metro inguruko ubideak eta errotaren eta burdinolaren eraikinak osatzen dute ingurua, erreka bazterrean. Ubidetik datorren ura atapara batean biltzen da, errotan. Haren ondoan dago burdinola. Tailerrean daude labea, mailua eta hauspoa. Baita ikatz biltegi bi ere. “Ederrak, handiak, ikusgarriak”. Nabarmentzekoa da tunel hidraulikoa ere, oso ondo kontserbatuta baitago. Hormak oso garaiak dira, hauspoak labeko berotik ondo kontserbatzeko. Bulego txiki bat ere bazeukan, harrizkoa. “Ez du zer ikusirik gaur egungo bulegoekin, baina han egoten zen administratzailea, sartu eta irteten zen materiala kontrolatzen zuena, eta, jakin dugunez, garai batean emakumea zen”.

Landaren arabera, Ea, lehenengoz, 1334ko dokumentu batean agertzen da. “1487ko dokumentu batean eta 1499ko beste batean esaten da Urtubiagan burdina lantzen zela. Lotuta zegoen Lekeitioko elizari. Gaur egun dauden arrastoak XVIII. mendekoak dira: Erdi Aroko burdinolaren gainean 1725ean eraiki zuten”. Izan ere, XVIII. mendean burdinolen gorakada egon zen Bizkaian, landa inguruko noblezia txikiaren eskutik, Landak azaldu duenez. “Burdinola berriaren bultzatzailea Catalina del Puerto eta Martin Leizaoleta izan ziren. Landa inguruko jauntxoak ziren. Horretarako, Pedro Bernardo Villareal de Berriz aukeratu zuten zuzendari tekniko. Gizaburuagako Bengolea burdinolakoekin ezkonduta zegoen. XVIII. mendeko aurrerapen tekniko guztiak ipini zituen Eako burdinolan”. Landak kontatu du adituek esan dietela Bizkaiko XVIII. mendeko siderurgiaren eredua zela Urtubiaga. “Gere garaian oso berritzailea izan zen”.

EA, TURISMO GIDA

Herri osoa lanean

Somorrostrotik ekartzen zuten mea, itsasontziz. Eako portuan lehorreratzen zen, eta gurdibidetik eroaten zuten Urtubiagara arte. Han minerala garbitu, forma eman eta totxo moduan itzultzen zuten portura. “Eatik Europako porturik garrantzitsuenetara garraiatzen zuten, agirietan ikusi dugunez”, zehaztu du Landak.

Urtubiagan hainbat langile egoten ziren. Batetik, forjariak, mailuaz lantzen zutenak burdina, forma ematen ziotenak. Urtzaileak, labea kargatzen zutenak ziren, eta labea garbitzen zutenak; bi egoten ziren. Gatzamaileak edozer lan egiten zuen.

Edozelan ere, herri osoak zuen harremana burdinolarekin. Egur ikatzarekin funtzionatzen zuen labeak, eta inguruko baserritarrek hornitzen zuten. Esaterako, Landaren arabera, ohikoa zen baserritarrek maileguak eskatzea burdinolaren jabeei, baserria konpontzeko edo ganadua erosteko, eta ikatz bidez ordaintzen zuten baserritarrek zorra. Hala, maiatzetik irailerako tartean ohikoa izaten zen inguruan txondorrak piztuta ikustea.

Eako bizimoduan eragin nabarmena izan zuen Urtubiagako burdinolak. Dena den, gaur egun belaunaldi berriek ez dute ezagutzen. Horri buelta eman nahi diote HEAko kideek. Lekua lehengoratzen jarraitzen dute.