Mikel Garcia Martikorena
Surfak fisika du atzean. Olatuen sorrera, taula gainean mantentzeko mugimenduak eta abar azaltzeko, indarren arteko harremanak ulertu behar dira. Horiek jendearengana gerturatzeko asmoz sortu du Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko katedrak, beste zenbait elkarterekin batera —Euskal Surf Federazioak, tarteko— infografia sorta bat. Irudiok NorArte Visuals Bilboko estudioak egin ditu. Gaur egun, Bakion daude, Sabino Arana etorbidean, hondartza parean. Ikusgai egongo dira igandera arte. Baina hori ez da izango triptikoek Bizkaian ikusi ahal izango diren leku bakarra. Izan ere, abuztuaren 1etik 16ra arte Sopelan egongo dira ikusgai.
Iaz, Donostiako Udalarekin batera bultzatu zuen proiektua EHUk, aurrenekoz. Jasotako erantzuna ona dela ikusirik, Bizkaiko kostaldera etortzea erabaki dute. Are gehiago, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko Kultura Zientifikoko katedraren zuzendariak azaldu duenez, “surfa oso zabalduta dagoen jarduera da euskal kostaldean”, eta erakusketa surf kultura errotua duten herrietara eramateko apustua egin dute. Horregatik, Bakion eta Sopelan igaroko ditu zenbait egun, katedraren zuzendariak esan duenez, surfa praktikatzeko “leku paregabeak” baitira biak ere.
Perezek dio surfa “bereziki egokia” dela zientziaren printzipio eta ezagutzak zabaltzeko: “Faktore asko daude jokoan, eta fisikaren ikuspuntutik oso interesgarria bihurtzen da; olatuak, esaterako. Ez daude bi olatu guztiz berdinak direnak: altuera eta abiadura ezberdina dute denek”. Asko hitz egiten da Mundakako ezker olatuaz, adibidez, baina gutxik dakite olatuak, oro har, nola sortzen diren. “Haizea ur geruzaren gainetik dabilenean sortzen dira olatuak. Oso fenomeno berezia dira, mugimendua dagoen arren ura bere lekuan geratzen delako. Ur molekulak elipse edo zirkulu baten antzera mugitzen dira. Gainazalean dagoena mugitzen da, ura lekuz aldatu gabe”, azaldu du katedraren zuzendariak.
Surfa atalkatuz
Garrantzi hori kontuan izanda, hiru infografietatik batek olatuei erreparatzen die zuzenean. Bertan, olatuaren atalak, olatuaren sorreran eragiten duten faktoreak —haizearen abiadura, irismena eta iraupena— eta mareen sorreraren zergatia zein surfean duten eragina jorratzen dira, besteak beste. Bigarren panelari dagokionez, taulen teknologiaren inguruan mintzo da. Edu Ogondo EHUko Fisika saileko ikerlaria eta surfarekin lotutako lanaren aholkulari teknikoak dio taulen forma edo materiala erabakitzeko orduan uste daitekeena baino “fisika handiagoa” dagoela: “Punta-puntako taulak ez dira jainkoaren inspiraziotik sortzen; simulazio fisikoak eta matematikoak daude taula on baten ezaugarrien atzean”.
Hirukia, surfaren teknikari buruzko informazioak osatzen du. Olatu batean nola surf egin eta haren gainean ibiltzeko eragiten duten indarren azalpena jasotzen du infografiak. Bultzadak, grabitateak, flotagarritasunak, gainazaleko tentsioak eta beste hainbat indarrek eragiten dute surflariak taula gainean jarri eta uretan ibili ahal izateko. Hau da, Newtonen mugimenduaren legeei eta Navier-Stosen ekuazioei esker uler daiteke nola praktikatzen den Bizkaiko kostaldean hain hedaturik dagoen kirola.
Dibulgazioa xede
Unibertsitateko gela batean egonda, azken bi lege horiekin azalduko litzateke dena, ekuazio konplexuekin. Infografietan, ostera, “edonork ulertzeko” moduko hizkuntzan egitea erabaki dute, Ogandok azaldu duenez: “Oso argi dugu gure helburua dibulgazioa dela. Saiatu gara gauzak ahalik eta argiena jartzen; horregatik, ez dago ez ekuaziorik, ez termino konplexurik”. Horrela, paseatzen dagoen bitartean “gauza berriak” ikasteko aukera izatea nahi du Ogandok.
Ildo beretik jo du Perez Iglesias EHUko katedradunak. Hark uste du aukera paregabea dela zientzia jendearengana gerturatzeko: “Zientziak espazio publikoan leku bat izatea da gure helburua”. Zientzia zabaltzeko egitasmo “gehienak” Internetez edo hitzaldietan egiten ditu unibertsitateak. “Horrek, jendea guregana gerturatzea behar du. Infografiekin gu gerturatzen gara”.