Enkarterri hidroponikoa

Askotan jarri izan diet marrazketa teknikoko ikasleei Olatz Salvadoren Korapilatzen: “Begitxo horiekin begiratzen zenidan/ Esanez bezala ‘ez zaitez joan’/ Eta ni zure gogoz berriz/ Buelta ematerakoan sentituz momentu oro nola”. Lasai hasteko ariketa da, estutxeetatik tresneria atera bitartean, ni estutzen hasi bitartean. Gero, ordea, ireki, arnasa har dezaten eta ibilbidean bi nota eman dezaten, inpernuko hauspoa bezala.

Kolitzapetik doinu horrekin ari naiz behatzen nola ari diren XXI. mendeko baserritarrak sega-larreak atontzen, orrazten. Metalezko erraldoiak agertu dira, bolak egiten diren garaiotan, belarraren usaina erretako gasoleoarena denean. Tarte baterako belarraren altuerak soropilarena bezainbeste neurtzen du. Kilkerrak matxinsaltoak eta bestelako xomorroak, trikuarentzat bazka ederra diren bitartean, mozoloa eta zapelaitz arrunta txandaka dabiltza, egun eta gau. Holan harrapatzen gaitu uda gordinak, hausnartzen nola asmatu Enkarterri Meeting Point, metarik geratzen ez bada. Urteroko ohiko abestia bilakatu da, baina berdea ez da berdin!

Hortik sakabanatzen diren bizidunen antzera, badugu inguruan halako hanka biko fauna ere, behin odola epeltzea lehenengo beharra duena. Ehizan has daitezke kate trofikoak behartzen duten lekuan kokatuz. Sugandilak zomorro txikietan trebatu nola, eta sugeak, berriz, sugandila, sagutxo, eta bestelako ornodun txikietan hala. Ezinbestean, azken hauek; bestearen diru goseak bultzatuta lehenengoek. Gizakia dena suntsitzeko gai. Under the sun.

Horrek ekarri du gorputzen birmoldaketa, egokitzapena, garapena. Askok gorputza zapaltzen dute, eguzkitan ahalik eta azalera handiena jarri nahian. Beste batzuk nahiko daukagu zapalduak ez izatearekin, udara begira hondartza kutunena Atlantikoan dutenengandik aldentzeko, Kantauri txiki geratzen omen zaielako. Tokian tokiko izendapen umoretsuarekin, zayetanoak kasurako!

Eboluzioan zehar, une bakoitzean zein den baliabide onena, daukana bada aurrera egiteko gaitasuna, aldaketa hobetzeko izan behar da, biziraupena bermatzen duena. Izan ere, gutxi dira trikua bildu eta arantzezko pilota bihurtzen denean, menpera dezaketen harrapariak. Errepideko bazterrak lotzeko urteetan eraginkorra izan zaion babes berbera erabiltzen jarraitzen du.

Giza harremanak sinbiotikoak dira, bizkarroi eta saprofitoak, segun eta nola banatzen diren etekinak eta kalteak. Elkarri bizkarra eman, elkar lotzeko kakorik gabe, eremu komunik gabe; eskala ezberdinetan geratzen da. Artxipelago bat da Kolitzapetik dagoen eremua, baina gero uharte bakoitzean tonbolo, atoloi, mikloklima bereziak sortu dira, enkaptsulatutatako fraktalak bezala. Beste erremediorik ez dago. Souffléaren haizea saldu eta Enkarterri hidroponikoa bilakatu.

“Zure usaina nigandik badoan/ Eskuak poltsikoetan eta/ Zure zaporea ahoan/ Korapilatzen jarraitzen badugu/ Ez dugu jakingo nola askatu/ Korapilatzen jarraitzen badugu”.