Oinezkoak eta bizikletak izango dira nagusi Zorrotzaurreko ibaiertzean

Oinezkoak eta bizikletak izango dira nagusi Zorrotzaurreko ibaiertzean

Aitziber Laskibar Lizarribar

Aurrera doa Zorrotzaurrerako proiektua; zehazten eta beharrezko tramiteak gainditzen ari da. Aste honetan, irla eta ingurua urbanizatzeko aurkeztu duen proiektuaren lehen zatia onartu du Bilboko udal gobernuak, eta 2017ko urtarrilerako espero du behin betiko onarpena. Juan Mari Aburto alkateak argi azaldu du ingururako duen asmoa: Zaha Hadid arkitekto zenak hasierako proposamenean gomendatu bezala, urak inguruan protagonismo osoa izatea nahi du, eta aisialdirako guneak nagusi izatea.

Aisialdirako guneek, oinezkoenek eta bizikletaz ibiltzekoek presentzia berezia izango dute “Bilboren eraldaketarako proiektu estrategikorik handizaleena” den egitasmoan. Hala azaldu du alkateak berak. Lehen fasean 359.654 metro koadro eraikiko dira, Zorrotzaurre berria sortzeko aldatu nahi diren 850.000 metro koadroren erdia baino zerbait gutxiago. Lehen fase horrek 70 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du; 66 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du udalak, baina BEZa kontuan hartu gabe. Kostuen erdia Eusko Jaurlaritzak ordainduko du, lurren gehienak bereak baitira. Irailaren 30era arte erakusketa publikoan egongo da proposamena. Helegiteak jaso eta horien inguruko erabakiak hartu ondoren, datorren urte hasierarako behin betiko oniritzia espero du udalak. Orduan hasiko dira urbanizazio lanak, faseka.

Memoria eta modernitatea

Lehen faseak hartuko dituen ia 400 mila metro koadroak guneka bereiziko dituzte. Itsasadarraren ertzak oinezkoei eta bizikletaz dabiltzanei zuzenduta egongo dira batik bat, bidegorri eta guzti. Irlaren erdibidea garraio publikoarentzat eta autoentzat gordeko da; tranbiak lotuko du irla izango dena gainontzeko Bilborekin, eta Bilbobusek ere plataforma bera erabiliko du.

Kanalaren ertz bakoitzak bere izaera gordeko du: eskuinaldean portuari lotutako memoriari eutsi nahi dio udalak, eta, hartarako, amarrerako mutiloiak zein garabien errailak mantenduko dituzte, besteak beste. Irlan bertan, “ura protagonista izango den parkea” sortuko dute. Hona hemen proiektuaren lehen zatiaren zertzelada nagusiak, guneka:

SAN INAZIO

Idom eraikinaren eta Elorrietako biribilgunearen artean, kilometro erdiko pasealekua egingo dute. Leku horretan hiri hondartza eta igerilekuak egiteko asmoa du udalak, baina, hori Hiri Antolaketarako Planean txertatuko denez, udal gobernuak atzo onartutako proposamenetik kanpokoa da asmoa. Bi mailakoa izango da pasealeku hori, Abandoibarrakoaren antzekoa. Irla San Inaziorekin lotuko duen zubiaren ondoan 5.000 metro koadroko plaza egingo dute, haurrentzako jolasguneekin, nagusientzako eremuekin eta estalitako hiru gunerekin. 565 etxebizitza ere eraikiko dituzte. Sarrikon, rokodromoa egingo dute.

DEUSTU

Euskaldunako biribilgunea desagertu egingo da. Horren ordez, Ballets Olaeta kalea luzatuko dute, hiriaren erdigunera iristeko. Inguruan egingo dituzten trafiko aldaketak direla eta, IMQ klinikaren inguruan pasiarako gunea sortzeko aukera egongo da, eta Botika Zaharreko lorategiak handituko dituzte. 465 etxebizitza ere egingo dituzte.

DEUSTUKO ERRIBERA

Zutik irauten duten etxebizitzen ingurua oinezkoentzako eremu bihurtuko dute. Gune hori Zorrotzaurreren alde zahar modukoa izatea nahi du udalak; berezko izaera mantendu dezala. Ehun urtetik gorako etxeen kanpoalde eta balkoi bereziak berrituko dituzte hartarako. Artiach-en lantegia zen eraikinera arteko pasealekua egingo dute, eta berritutako etxe zaharrak 407 etxebizitza berriekin elkarbiziko dira.

Zorrotzaurreren hegoaldeko muturrean, itsasontzi itxura izatea nahi duten “irlaren proan”, ostalaritza saltoki baterako lekua egongo da, eta formatu txikian egindako ikuskizunetarakoa.

ZORROTZAURREKO ERRIBERA

Etxe berri gehienak irlaren iparraldeko muturrean egingo dituzte: 1.587. Hainbat altuerako pasealekuak egingo dituzte, eta amaierako gunea eraiki gabe utziko dute, “etorkizuneko beharren arabera” egokitzeko.