Elkartasuna eta memoria, lasterka

Elkartasuna eta memoria, lasterka

Ibai Maruri Bilbao

Burdin Hesiko lehen mendi lasterketa egingo dute uztailaren 9an, Gamiz-Fikan. Fikatik abiatuta, 34 kilometroko mendi lasterketa bat, luzera bereko martxa bat eta hamahiru kilometroko beste martxa bat prestatu dituzte Gamiz-Fikako Eperlanda kultur elkartekoek. Lasterketak baditu hainbat berezitasun, Jose Portillo elkarteko kidearen arabera. Batetik, 36ko gerran Bilbo frankisten erasoetatik babesteko eraiki zen lerroaren zati batetik ibiliko dira parte hartzaileak; tartean, hesiaren aztarnak ikusiko dituzte. Bigarrenik, lasterketa konpentsatua izango da. Azkenik, hainbat balio uztartzen ahalegindu dira: kirola, natura, memoria historikoa eta elkartasuna, besteak beste. Etzi arte dago izena emateko aukera.

Iaz sortu zuten Eperlanda elkartea. Pentsatu zuten herrian kirol proba bat antola zezaketela. “Ni korrikalari izandakoa naiz, eta herria inguru menditsuan dago. Beraz, mendi lasterketa bat egitea aproposa iruditu zitzaigun”. Abiapuntua bazuten, beraz. Baina zerbait ezberdina antolatu gura zuten. “Mendiko lasterketen eztanda bat dago, eta, jendea erakarri gura baduzu, zerbait berezia egin behar duzu”. Horregatik aukeratu zuten konpentsatua izatea. Euskal Herrian halako lehen mendi lasterketa izango dela azpimarratu du. “Zure mailaren arabera, konpentsazio bat emango dizute beste mailen aldean. Esaterako, beterano bat senior bat baino lehenago irtengo da. Horrek erakargarri egin dezakeela uste dugu, baina ikusteko dago arrakastarik izango duen”. Badute esperantza, korrikalarien artean bolo-bolo zabaldu delako berria. Esaterako, Espainiako irrati batetik deitu diete, elkarrizketatzeko, konpentsatua izateak arreta piztu dielako.

Bestalde, ekintza solidario bat izatea gura zuten. “Bagenekien herriko andre batek sarkoma minbizia duela, eta erabaki genuen gaixotasun horren ikerketara bideratzea bildutako diru guztia”. Hezurretan eta gorputzeko ehun bigunetan sortzen diren hainbat minbiziri ematen dieten izen orokorra da, eta 70 motatik gora daude identifikatuta. Tratamendu berak ez du kasu guztientzat balio. Oraindik asko dute ikertzeko, eta horretan ari dira, besteak beste, Bartzelonako Vall d’Hebron ospitale publikoan. Han ari dira artatzen gaitza duen Gamizko andrea ere. Horregatik, hango ikerlariek jasoko dute lasterketan eta haren bueltan antolatutako jaian bilduko duten dirua. Lasterketan eta martxan luzean parte hartzeko, 38 euroan eskuratu ahal izango dute dortsala; martxa laburrerako, berriz, 28 euro ordaindu beharko dituzte.

Uztailaren 7an aurkeztuko dute lasterketa Bilboko BBK aretoan egingo duten ekitaldi batean, eta ospitaleko Onkologia arloko zuzendari Josep Tabernero medikua izango da hizlarietako bat. Hasierako asmoa zen hurrengo urteetarako beste proiektu solidario batzuk bilatzea, haiek laguntzeko. Besteak beste, pentsatu EITBk Gabon aurretik egin ohi duen Maratoiarekin elkarlanean aritzea. Baina azkenean urtero bildutako dirua sarkomaren ikerketara bideratzea erabaki dute. Izan ere, haien asmoen berri jakin dutenean, herriko beste andre bat azaldu zaie berak ere gaitza duela kontatzera, eta egingo dutenagatik eskerrak ematera. “Gauza handia da 1.400 biztanle eskaseko herri batentzat bizilagun biren bizitza salbatzen laguntzeko ekarpena egin ahal izatea”.

Herri osoa lanean

Antolatze lan handia eskatzen du horrelako lasterketa bat antolatzeak, Portilloren arabera. Dagoeneko ibilbidea ondo baino probatuta dute. Proba bakoitzean hirurehun parte hartzaileko muga ipini dute, segurtasuna bermatzeko. Uste dute, datozen urteetan apur bat handitu ahal izango dutela muga hori, baina ez gehiegi. Parte hartaileei poltsa bana emango diete, bisera batekin, kamiseta batekin eta buff batekin. Horniduraguneetan ere fruta, fruitu lehorrak, gelak, ura… banatuko dizkiete. Indaberritzeko behar duten guztia. “Korrikalariak ahalik eta ondoen zaintzen saiatuko gara”. DYAren, Babes Zibilaren eta Ertzaintzaren laguntza izango dute. Eta, noski, Gamiz-Fikako boluntarioena. “Herrian proiektua aurkeztu nuen egunean bertan, ehun herritar laguntzeko prest agertu ziren. Bilborentzat Frantziako Tourraren hasiera antolatzea bestekoa da Gamiz-Fikarentzat horrelako lasterketa bat antolatzea”.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

Burdinhesikomendilasterketa.eus