Ibai Maruri Bilbao
Larrabetzuko Estraminea abeltzainen elkartearen arabera, azken urtebetean hamabi abere hil dira herrian, txakurrek egindako erasoengatik. Azkena joan den astean gertatu zen, ekainaren 21ean: Sarrikola inguruan aurrerako artxo bat zaurituta topatu zuen jabeak, eta biharamunean hil zen. Horregatik, udalak dei egin die jabeei landa inguruan dabiltzanean ere txakurrak kontrolpean izatera.
Estraminea elkartekoek ohartarazi dutenez, arazoa ez da soilik euren herrikoa. “Gero eta txakur gehiago daude, eta horren ondorioak igartzen dira, bai hirietan, bai landa inguruan: kalean haien gorotzak biltzen ez direlako kexatzen da jendea, eta guri abereak hiltzen dizkigute”. Hala ere, argi utzi gura izan dute arazoa ez direla txakurrak, jabeak baizik. “Txakurrek ondo hezita egon behar dute, eta beti kontrolpean izan behar ditu ugazabak”. Elkartea iaz sortu zuten, eta ordutik Larrabetzun zenbatutako eraso kopuruak kezka sortu die.
Estramineakoen arabera, arazoa da landa ingurura heltzean jabeek txakurrak askatzen dituztela, korrika egiteko, eta inguruan topatzen dituzten abereengana gerturatzen direla. Ohartarazi dute behin haginka egin duen txakurrak gehiagotan egiten duela. Edozelan ere, nahiz eta hozkarik egin ez, kalte egin dezakete. “Txakurrek askotan pentsatzen dute olgetan dabiltzala, baina abereak ikaratu egiten dira, eta topatu izan ditugu ihes egin eta trokatik erorita”. Gainera, urte sasoiaren arabera, okerragoa izan daiteke ondorioa: “Azaro eta abendu inguruan, emeek ernaldia nahiko aurreratuta izaten dutenez, ardia ez ezik barruko kumea ere gal dezakete”.
Erasoez gain, bestelako arazoak ere sortzen dituzte txakurrek eta haien ugazabek. Esaterako, ohikoa izaten da belardietan txakurrekin olgetan ibiltzeko erabiltzen diren pilotak edo adarrak egotea. “Orain, belarra sikatzeko sasoia da. Sega makinak sartzen ditugunean, pilota edo adarrekin matxuratu edo apurtu egin daitezke”. Gainera, kexatu dira txakurrek edonon egiten dutelako kaka, eta gero abereek ez dutela belar hori sikatuta jan nahi izaten.
Kalte ordainak
Abeltzainek diote neurriak hartzen dituztela, eta, besteak beste, haien lurrak hesituta izaten dituztela. Baina ohartarazi dute arazoa ez dutela haiek sortzen, eta konponbidea denek bilatu behar dutela. Udalak oharra kaleratu du, udal ordenantzak zer esaten duen gogoratuz. Besteak beste, gogoratu du bide eta leku publikoetan eta eraikin kolektiboetako guztien erabilerarako zatietan, txakurrek libre ibili izan ahalko dutela, baldin eta ez badaude arriskutsu moduan sailkatuta eta erasotzeagatik aurrekari erregistraturik ez badute. Kasu horietan, beraien jabe edo zaintzaileen kontrol eta ardurapean egongo dira. Udalak gogoratu du txakurrek sor ditzaketen kalteen arduradun edo erantzule bakarrak jabeak izango direla.
Estramineatik esan dutenez, askotan ugazabek ez dituzte txakurrak aseguratuak izaten. Gainera, abeltzain kaltetuentzat “nekeza” izaten da aseguruekin paper kontuak egitea, eta uko egiten diote kalte ordaina jasotzeko prozesua abiatzeari. Gogoratu dute azken erasoaren ondoren txakurraren jabearengana joan zirela, baina ez dutela ezer lortu: “Oraindik arkumea bizirik zegoen, eta ea zer nahi genuen galdetu zigun. Biharamunean hil zen”.