Ibai Maruri Bilbao
Kanpotik begiratuta, barruan dagoena iragartzen du eraikinak: sigi-saga egiten du kristalezko fatxadak, zabaltzen ari den dokumentu zahar bat balitz bezala. Bilbon dagoen Euskadiko Artxibo Historikoak helburu du historia gordetzea, kontserbatzea eta, aldi berean, argitara ateratzea. Eta eraikin osoan nabarmena da argitasun hori. Baita lurpeko hiru solairuetan ere: han daude biltegiak, eta hara ere sartzen da argi naturala.
Guztira, hamabost biltegi dituzte. Artxibo lanaz arduratzen diren sei langileek baino ez dute sarbidea. Haietako bat da Itziar Azua. “Denak ez daude beteta; bizpahiru hutsik daude. Apal guztiak beteta baleude, 22 kilometroko artxiboa edukiko genuke”. Eusko Jaurlaritzaren agiriak eta irudiak gordetzeko sortu zen Euskadiko Artxibo Historikoa, 2014an. Dohaintzan jasotako dokumentu eta irudi pribatu mordoa ere badituzte. Egoera onean mantentzeko, ezinbestekoa da biltegietan baldintza batzuk bermatzea. Agiriak daudenak, estaerako, urte osoan daude hamazortzi graduan, eta ezin dira igaro %60ko hezetasunetik. Baldintzak are zorrotzagoak dira argazkiak eta material digitalak dituztenetan: hamalau gradu eta %50eko hezetasuna. Azuak esan du Bilbo hiri hezea dela, eta udan arazoak izaten dituztela. Kontatu duenez, agiri zaharrek gehiago iraun dezakete, ondo zainduz gero; mendeak. Ostera, XX. mendeko papera azidoa da, eta, artxiboko baldintzetan, ehun bat ute iraun dezakete, nahiz eta horitzen eta ahultzen hasi.
Apalategi horiak dituzten korridore luzeetan, lehen Eusko Jaurlaritzaren agiriak dira dokumentu garrantzitsuenetakoak, hainbat familia aberatsen, erakunderen eta enpresaren dokumentu pribatuekin batera. Baita XVI. mendetik XX.era arteko parrokietako agiri sakramentalak ere: bataio, ezkontza eta hiletenak. Horregatik, askok arbola genealogikoa egiteko jotzen dute artxibora: batzuek, fisikoki; besteek, Dokuklik.euskadi.eus webgunera —han dago artxiboak digitalizatuta daukan guztia—.
Laugarren solairuan, digitalizazio gunea daukate. Bereizmen handiko argazki kamera batekin egiten dute lan; ondoren, argazkia tratatu, eta Dokuklik-en ipintzen dute, denen eskura. Digitalizatu beharrekoa handia denean, eskanerra erabiltzen dute.
Bilegiteko apalategi batetik karpeta handi bat atera du Azuak. “Hau da artxiboan dugun harribitxietako bat”. XII. mendeko agiri bat da, Antso VII.a Nafarroako erregeak Labrazari (Oion, Araba) emandako hiribildu gutuna. Garai hartako latinez dago idatzita, orduko grafiarekin. Arrano beltzaren zigilua du behean, Nafarroako errege-erreginen ikurra.
Gure publikoa
Lehen solairuan, erakusketa gela du artxiboak. Han, ikusgai daude biltegietan dauden argazkietako asko : Manu Leginetxe kazetariarenak, Juantxu Rodriguez fotokazetariarenak, Eusko Jaurlaritzarenak, Foat airetik argazkiak egiten zituen enpresarenak… Bigarren solairuan, liburutegia eta kontsulta gela daude. Historialariak, ikertzaileak eta, tarteka, ikasleak joaten dira. Mikrofilm gela dago alde batean, eta liburutegi espezializatua bestean.