Mikel Garcia Martikorena
Zornotzako San Migel kaleko 16. zenbakiak elementu berri bat du astelehenetik. Amorebieta futbol klubaren denda dago bertan, eta elementu horrek distira berezia du, handik igarotzen den zornotzar ororen begirada harrapatzeko adinakoa. Metal zatiak bi zenbakia adierazi nahi du, eta Espainiako 1. RFEF ligako garaikurra da: datorren denboraldian Bigarren Mailan jokatuko dutela esan nahi du, besteak beste. Larunbatean Ferroldik (Galizia) ekarri zuten garaikurra du eskuetan Jon Larrea (Zornotza, 1976) klubeko presidenteak —2-0 galdu zuten arren, Zornotzatik eramandako hiru golen abantailak balio izan die mailaz igotzeko—. Larreak urte asko daramatza Amorebietan; jokalaria izan zen 1990eko hamarkadan, eta 2018tik presidentea da. Hareazko zelaietan jokatzetik, palko esanguratsuenetariko batzuetan esertzera igaro da.
Bigarren Mailara igo zarete berriz. Gainera, larunbatean Ferrolen galdu arren, 1. RFEFeko txapeldun izatea lortu zenuten. Zer eragin dizu garaipen horrek?
Oso pozik nago. Badakigu futbola nolakoa den. Kirol denek dute zorte puntu bat, eta guk aurten gure alde izan dugu zorte hori. Kontuan hartu behar dugu denboraldiko aurreneko partidak oso gogorrak izan zirela: 7. jardunaldian, azkenak ginen. Hilabete batzuk geroago, gure multzoko lehenengoak izan gara, eta, gero, Racing Ferrol gainditzeko gai izan gara, nahiz eta larunbatean Galizian jokatutako partida 2-0 galdu genuen. Zornotzatik eramandako hiru golen abantailak balio izan digu txapeldunen arteko txapeldun izateko.
Zer esan nahi du zuretzat Amorebietako presidentea izateak?
Harro nago presidentea izateaz. Zornotzakoa naiz jaiotzez, eta nire bizitza bertan egin dut beti. Odolean daramat Amorebieta. Nire aitita jokalari eta presidente izan zen, eta ni ere jokalaria izan nintzen. Familia osoa Amorebietari lotua dago. Txikitatik izan dut harreman estua klubarekin. Igandero joaten ginen Urritzera partidak ikustera. 1980ko hamarkadako partidak ditut gogoan; oso giro ona sortzen zen harmailetan. Erantzukizun puntua du; herrian denok ezagutzen dugu elkar. Gertutasuna nabaritzen da. Azkenean, herri bat gara. Ahalik eta erabakirik egokienak hartzen saiatzen zara, hausnartu ondoren, beti.
Badirudi zuen lekua zilarrezko mailan dagoela. Azken hiru urteotan bigarrenez egongo zarete bertan. Zer esan nahi du horrek Amorebieta bezalako klub batentzat?
Azken hiru urteok kontuan hartuta, badirudi hori dela gure lekua. Baina kontuan izan behar dugu Amorebieta, klub bezala, 1925ean sortu zela. Laster ehun urte egingo ditugu. Guk urte asko egin ditugu Hirugarren Mailan [gaur egungo 2. RFEF]. 2010-2011n Bigarren B Mailara igo ginen. Bigarren Mailan egotea poztekoa da, noski. Baina harrotasun handiz esan behar dugu Amorebieta garela, ez dugula zoratu behar aurreneko maila horietan egoteagatik. Erronka handia dugu aurretik, eta ilusio eta erantzukizun handiz ekingo diogu, baina nor garen eta nondik gatozen inoiz ahaztu gabe. Horrek ez du esan nahi gure esku dagoen guztia egingo ez dugunik Bigarren Mailan ahalik eta denboraldi gehien egoteko. Lasaitasunez eta ilusioz beterik egingo diogu aurre datorren denboraldiari.
Erronka denek bezala, alde txarra ere badu. Zornotzan ezin jokatzea, esaterako. Non jokatuko duzue?
Gure asmoa da, aurrekoan bezala, Lezaman jokatzea. Argi dugu, zoritxarrez, Urritzen ezingo dela jokatu. Pena da, baina aurretik ere bagenekien. Ezin gara negarrez egon horregatik; aurrera begiratu behar dugu. Lezamara joango gara Liga Profesionalarekin eta Athleticekin harremanek bide onetik jarraitzen badute; baikorrak gara. Jendeak sekulako irakaspena eman zigun duela bi denboraldi. Autobusak jartzen ziren Zornotzatik Lezamara joateko, eta herritar asko joaten ziren animatzera.
Bigarren Mailan jarraituko bazenute, zelaiari dagokionez pentsatua duzue zerbait?
Aurreproiektu bat prest dugu, Urritze Ligak eskatzen dituen ezaugarrietara moldatzeko. Urritzeko zelaia udal azpiegitura bat da, eta, hortaz, Zornotzako Udalarekin batera aritu beharko dugu. Gu prest gaude pauso horiek emateko, eta badakigu oso gaitza dela Bigarren Mailako futbol zelai bat izatea —agian, ezinezkoa da…—, baina saiatuko gara. Horiek, baina, etorkizuneko kontuak dira.
Bestelako zer neurri hartu beharko dituzue hilabeteotan?
Azpiegitura aldetik, pertsona gehiago behar dituzu lan egiteko. Jokalariak goizez eta arratsaldez hasten dira entrenatzen. Beste dimentsio bat hartuko du klubak. Amorebieta gara, harro gaude azken ia ehun urtean izan dugun ibilbideaz, eta ez dugu zoratu behar.
Zer aldatu da azken urteetan Hirugarren Mailan jokatzetik Bigarren Mailara jokatzera igarotzeko?
Gauza askoren batuketa izan da igoera. Zuzendaritzaren aldetik, administratiboki nolabaiteko egonkortasuna ematen saiatu gara. Oreka bat bilatu nahi izan du. Kirol aldetik, Asier Goiriak [entrenatzailea] egindako lanaren emaitza da. Azkenean, taldea Zornotzari oso loturik dago, eta herria pozik dago taldearekin. Lotura hori, beharbada, galdu egin zen azken hamarkadetan. Gu duela bost urte sartu ginen zuzendaritzara, eta gure helburuetako bat izan da harreman hori berreskuratzea, herria Urritzera gerturatzea. Uste dut lortu dugula.
Zer aldaketa egon dira presidentetzara sartu zinenetik?
Kirol arloan igoera bat egon da, argiki. Hiru urtean, bi denboraldi Bigarren Mailan egingo ditugu, eta espero dugu denbora luzez jarraitzea horrela. Bestetik, egoera ekonomikoa dago. Klubean sartu ginenean, egoera ekonomikoa oso txarra zen. Aurrelehiaketan sartu ginen. Bost urte geroago, kluba ekonomikoki osasuntsu dago, ez dugu zorrik. Zuzendaritza aldetik, hori zen gure erronketako bat.
Nola egin zenioten aurre egoera ekonomiko horri?
Zentzuz jokatuz. Ezin dena egin da duzuna baino gehiago gastatu. Egoera ekonomikoaz hausnartu genuen, eta aurrera begira jarri ginen. Murrizketa asko egon ziren tarteko, baina guztiontzako onuragarriak izan direla esango nuke.
Nola azalduko zenuke herriaren eta taldearen artean dagoen harremana?
Heldu ginenetik harreman hori hauspotzen saiatu gara. Entrenatu edo partidak jokatu ostean, jokalariekin joaten gara herriko tabernetara freskagarri bat hartzera. Jokalari asko herrian bertan bizi dira, eta eguneroko bizitza Zornotzan egiten dute. Klub baten inguruan bizi den herri bat gara. Baina ez da bakarrik Amorebieta; saskibaloikoa ere badago. Zornotzan kirolaren inguruan —kasu honetan, Amorebietaren inguruan— eratzen den giroa oso polita da. Familia baten moduan ikusten dugu geure burua.
Eta zurekin zer harreman dauka herriak?
Presidente izanda, igartzen duzu jendeak ezagutu egiten zaituela, eta behin baino gehiagotan gelditzen zaituzte hitz egiteko, baina beti intentziorik onenarekin. Nik uste dut orokorrean jendea gure alde dagoela, eta beti daude laguntzeko prest. Horrek asko errazten du gure lana.
Amorebietan jokalari. Jon Larrea Amorebietako jokalaria izan zen gaztetan. Urritzeko zelaia belarrez barik hareaz zegoen osatuta. Argazkian, belauniko daudenetan, eskumatik hasita, lehena da.
Denbora asko eskatzen dizu presidente izateak?
Ni, ogibidez, abokatua naiz. Horretarako denbora behar dut. Zorionez, gure klubean langile paregabeak ditugu. Horri esker, nire lanari eskaini behar diodan denbora eskaini ahal diot. Askotan zaila da abokatu lana eta presidentetza uztartzea. Onena da ez pentsatzea: goizean goiz jaiki, eta lanean jarri behar duzu buru-belarri.
Abokatua izateak uste duzu laguntzen dizula Amorebietako presidente izaten?
Beharbada, lagundu dezake; kontratuak irakurtzeko orduan, besteak beste. Baina albaitari batek edo elektrikari batek nik ez dakizkidan gauzak jakingo ditu presidente izateko lagunduko diotenak. Ez dut uste formakuntza jakinik behar denik. Noski, formakuntza izatea, arlo gehienetan bezala, ona da.
Zergatik erabaki zenuen 2018an presidentetzarako aurkeztea?
Herrian esaten zen klubaren egoera ekonomikoa ez zela oso ona. Kezkatu egin ginen, eta aurrerapausoa ematea erabaki genuen. Agian, ezjakintasunetik egindako urratsa izan zen. Amorebieta maite dut, nire atal bat da. Sentimendu hori igartzen nuen, eta nire familiak aurrera egiteko indarra eman zidan.
Nolakoa izan da zure ibilbidea presidente bezala? Zer momenturekin geratuko zinateke?
Denak ez dira momentu gozoak izan. Askotan une gogorrak daude, erabaki gogorrak. Kideren bati jarraituko ez duela esan behar diozunean, esaterako. Familia bat izateak gogorrago egiten du erabaki gogor bat hartzeko garaia. Askotan burura datorkigu Badajozko [Extremadura, Espainia] igoera edo larunbatekoa, momentu on asko izan baititugu azken bost urteotan, baina erabaki gogorrak egoten dira.
Nolakoak izan ziren jokalari bezala eman zenituen urteak?
Hirugarren Mailan jokatzen nuen. Harro sentitzen ginen taldearen parte izanik. Zornotzan denok ezagutzen dugu elkar, eta maila horietan jokatzen genuenean, partidak galdu arren, zaleek ez zuten gure aurka egiten. Uste dut hori mantentzen dela. Kritikoak dira, noski, baina ez gara zoratzen; nor garen jakin badakigu.
Txikia zineneko zer oroitzapen dituzu Amorebietarekin lotuak?
Urritzera joatea. Giro oso polita sortzen zen, oso familiakoa. Oroitzen dut nolakoa zen zelaia: hareazkoa. Hemen euria egiten du askotan, eta harea lokatz bihurtzen zen. Baldintza horietan jokatzea zaila zen, baloiak pisu handiagoa zuelako.
Esentzia galdu egin da?
Nik ez dut uste galdu denik; ezberdina da. Profesionaltasunera gerturatzeak lehen taldearekiko genuen harremana aldatu egin du, baina oraindik sutsu bizi dugu.
Zein helburu nagusi dituzue datorren denboraldiari begira?
Bigarren Mailan segitzea. Aurreko igoeran ere posible ikusten genuen, eta ia lortu genuen; helburua lortzetik bi puntura gelditu ginen! Badakigu Amorebieta bezalako talde batentzat erronka handia dela, baina horretarako etorri gara.