Nork hartuko duen makila

Nork hartuko duen makila

Ibai Maruri Bilbao

Udal hauteskundeek gehiengoak argi utzi ez zituzten lekuetan, bukatu da itxaronaldia. Bihar osatuko dira Bizkaiko 112 udalak. Hala ere, oraindik leku batzuetan ez da segurua zein alderdiko alkategaiak lortuko duen aginte makila. EAJk eta PSE-EEk sinatutako akordioak gehiengoa erraztu du hamazazpi udaletan; tartean, Bilbokoan. Baina beste hamabost bat udalerritan independenteek edo PPk hartuko duten erabakiaren zain daude egoera argitzeko. Lehen bozketan, hautetsien gehiengo osoa behar da alkatetza lortzeko; halakorik ezean, bozetako irabazleak jasoko du aginte makila.

ABADIÑO. Giltza, independenteek

EH Bilduk irabazi ditu Abadiñon hauteskundeak, sei zinegotzirekin. Lau zinegotzi dituzte jeltzaleek, eta bat sozialistek. Beraz, zinegotzi independente biek dute giltza, eta, erredakzio hau ixterakoan —ostegun eguerdia—, ez zuten argitua zer bozkatuko duten.

BALMASEDA. Jeltzaleak itzuliko dira

2019an, CLI Tokiko Hautagaitza Independentea izan zen lehen indarra Balmasedan, sei zinegotzirekin. Ez zuten gehiengo nahikorik EAJri alkatetza kentzeko —bost lortu zituen—. Horregatik, EH Bildurekin —zinegotzi bat— akordioa egin zuten, eta koalizioan gobernatu dute. Orain, ostera, EAJk aurrea hartu die, eta PSE-EEren zinegotziarekin gehiengo osoa dute. Beraz, Alfonso San Vicente jeltzalea izango da alkate.

BERMEO. Guzanek du azken hitza

Zinegotzi bat galduta —zortzi ditu orain—, gehiengo osoa ere galdu zuen EAJk maiatzaren 28an. Bost zinegotzi ditu EH Bilduk, eta lau Guzan plataforma independenteak. Azken horien esku dago, beraz, erabakia. Bizkaiko Hitza-ri esan diote EAJrekin eta EH Bildurekin “sarri” bildu direla egunotan, baina edizio hau amaitzerako ez zuten akordiorik lortua inorekin. “Dena dago zabalik, inoiz baino irekiago”, esan du Xabier Ortuzar Guzaneko zinegotziak.

DURANGO. Oreka haustea, PPren esku

EH Bilduk Bizkaian gobernatu duen herri handiena da Durango. Duela lau urte lortu zuen alkatetza. Herriaren Eskubideak eta Elkarrekin Podemosek osatutako koalizioarekin osatu zuten gobernua. EH Bilduk gora egin du orain, zinegotzi bi irabazita: bederatzi ditu. Baina Herriaren Eskubidea eta Elkarrekin Podemos banatuta aurkeztu dira, eta horrek zigortu ditu: Herriaren Eskubideak zinegotzi bat lortu du, eta Elkarrekin Podemosek, batere ez. Hortaz, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak hamar zinegotzi dituzte elkarrekin. Kopuru bera dute EAJk eta PSE-EEk ere —zortzi eta bi—. Hala, PPko zinegotziak hautsiko du oreka, eta, ezustekorik ezean, Mireia Elkoroiribe jeltzalea izango da alkate.

GORLIZ. Independente bat alkate

Duela lau urte, EAJk irabazi zituen hauteskundeak Gorlizen. Koalizio gobernua osatu zuen alderdi guztiekin: EAJ bera, EH Bildu eta Gorlizko Talde Independentea. Independenteek urte erdi bat ere ez zuten iraun gobernuan; salatu zuten EAJk eta EH Bilduk haien arteko “akordio ezkutuen” bidez gobernatzen zutela. Otsailean desegin zen talde independentea. Plataformako kideek beste batzuekin hautagaitza independente berria sortu zuten maiatzeko hauteskundeetarako: Gorliz Bizirik. Eta irabazi egin dute: bost zinegotzi eskuratu dituzte. Launa dituzte EH Bilduk eta EAJk, hurrenez hurren. Beraz, besteen babesarekin edo gabe, independenteen esku geratuko da alkatetza, ez baita espero EH Bilduren eta EAJren artekoa errepikatzerik.

GERNIKA-LUMO. Akordioak oso zail

Gernika-Lumon, Guztiontzako Herria hautagaitza sortu zuen iaz Jose Maria Gorroñok maiatzeko hauteskundeetarako. 2007tik da alkate. Orduan, EAren alkategaia zen, eta EAE-ANVrekin osatu zuen gobernua. 2011n, Bildurekin iritsi zen agintera. 2015ean, Euzko Abertzaleak hautagaitza sortu, eta EAJrekin osatu zuen koalizioa; batera gobernatu dute orain arte. EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak, sei zinegotzirekin. Gorroñoren hautagaitzak ere sei ditu, baina boto gutxiago. Bost zinegotzi dituzte jeltzaleek. Ez da akordiorik ezagutarazi, eta ez da espero. Beraz, azken ordukorik ez balego, babes gehien dituen hautagaia delako, EH Bilduko Jose Ramon Bilbao izango da alkate.

MUNDAKA. EAJko alkate ohiak erabakiko du

Agintaldi mugitua izan du Mundakak azkena. Mikel Bilbao EAJko zerrendaburu independentea izendatu zuten alkate 2019an. Alderdiarekin zituen desadostasunengatik kargugabetu zuen EAJk. HA Herritar Alternatiba hautagaitza sortu, eta alkategai izan da. Lau zinegotzi ditu EAJk, hiru EH Bilduk, bi HAk. Ez dute inongo akordioren berri eman. Bilbaoren eta EAJren arteko harremana oso txarra da; hortaz, egotekotan, EH Bilduren eta HAren artekoa izango litzateke.

ZALLA. Zalla Bai eta EH Bildu

EAJk irabazi du Zallan, sei zinegotzirekin. Emaitza bera lortu zuen 2019an, eta PSE-EEren zinegotziarekin koalizioan gobernatu dute. Beste horrenbeste ditu Zalla Bai hautagaitza independenteak ere; 2019an baino bat gehiago eskuratu ditu. Sozialistak zinegotzi barik geratu dira. Bakarra du EH Bilduk, baina funtsezkoa da. Independenteek eta independentistek, oraingoz, ez dute akordiorik egin, baina ez da espero EH Bilduk EAJren gobernua ahalbidetuko lukeen erabakirik hartzea.