Ibai Maruri Bilbao
Euskal kostaldeko beste hainbat uhartek bezala, Lekeitioko Garraitzek hainbat funtzio bete ditu historian. Horren guztiaren aztarnak ditu, eta Eusko Jaurlaritzak parke arkeologiko izendatu zuen 2019an. “Ondorioz, han agertzen diren aztarna guztiek irlan geratu behar dute, ondo interpretatu ahal izateko, eta bisitatzeko aukera eskaini behar da”, azaldu du Guillermo Ruiz de Erentxun Lekeitioko Atabaka elkarteko kideak. Orain, erreserba natural izendatzea gura dute, uhartearen bioaniztasuna babestu ahal izateko. Lekeitioko Udalari eskatu zioten martxoan, eta jardunean dagoen udal gobernuak esan zien aztertuko dutela.
Uharteari buruzko lehen aipamen idatzia 1549koa da; han zeuden eraikin batzuei buruzkoa, zehatzago esanda. Ruiz de Erentxunek kontatu du ermita bat zegoela, San Nikolasen omenez eraikia. “Hortik datorkio beste izena irlari: San Nikolas”. 1578an, izurrite batek herria jo zuen bederatzi hilabetez, eta gaixoak uhartean bakartu zituzten; hau da, lazareto moduan erabili zuten. Gune erlijiosoa ere izan zen: XV. mendeko ermitaren inguruan, XVII. mendean, Aita Solagurenek frantziskotar errekoletoen komentua sortzeko agindua eman zuen, eta 1617an lehen meza eman zuten han. Alboan, ospitale txiki bat ere egon zen pobreentzat eta erromesentzat. Halere, 1650ean fraideek alde egin zuten, ur edangarria falta zutelako eta baldintza meteorologikoak gogorrak zirelako. 1795ean, Konbentzio Gerran, militarrek dena suntsitu zuten. Kanoidun gotorlekua eraiki zuten, eta Lehen Karlistaldian ere erabili zuten.
Urtero, abuztuan, indusketak egiten dituzte, Aranzadi zientzia elkarteak gidatuta. Lekeitiarrak ibiltzen dira boluntario, auzolanean: “Lehenengo goiko lurrak kendu, eta, gero, finago. 35-40 lagun ibiltzen gara”. Aurten, abuztuaren 14tik 17ra ibiliko dira.
Ruiz de Erentxunek kontatu duenez, Lekeitioko historia ezagutzeko “ezinbesteko” lekua da Garraitz. Berbarako, duela pare bat urte, lau txanpon agertu ziren, denak batera, 80 zentimetroko sakoneran, metro koadro bateko eremuan. “XIII. mendetik XV.era artekoak ziren: Bramantekoa, Eskoziakoa, Portugalgoa eta Gaztelakoa. Horrek erakusten digu Lekeitiok zelako garrantzia zuen itsas merkataritzan. Erdi Aroan, Bilboren pareko hiria zen ekonomia arloan”.
Pinua, Garraitzetik Bizkaira
Euskal kostaldeko uharte gehienek izan dute ospitalea, izan dute komentua edo eliza, eta izan dute gotorlekua. Baina Lekeitiokoa laborategi ere izan da. Hori du berezitasuna. Adan de Iarza familiak proba botanikoak egiteko erabili zuen XIX. mendean. “Koniferoak ekarri zituzten kanpotik, Bizkaiko baldintzetara egokitzen ziren ikusteko. Haien ekimenez hedatu zen herrialdean pinus radiata. 120 urte pasatu arren, han daude oraindik hainbat konifero: pinus pinaster, pinus nigra eta cupreus macrocarpa“.
Horrez gain, irlak duen hegazti aberastasuna nabarmendu du Ruiz de Erentxunek. “Ondo zainduta dago, eta habiak egiteko leku politak eta babestuak dituzte. Ubarroiak, edo Lekeition esaten duten moduan, karrabaijuak, hiru kalatxori mota eta beste hegazti txiki asko daude”. Udalari eskatutako babesarekin, murriztu gura dute umatze aldian uharterako sarbidea, droneen erabilera mugatu, eta suziriek urteko sasoi batzuean eztanda egitea saihestu, besteak beste.
Edonoiz bisitatu daiteke irla, baina mareabehera dagoenean, orduan azaleratzen baita harako bidea. Udalak San Joan ermitaren alboko tabernatxoaren kudeaketa eman zien elkartekoei, eta, han lortutako diruarekin, Atabakak bisita gidatuak antolatu zituen iazko uztailean eta abuztuan. Aurten ere eskainiko dituzte.