EPk udal hautagaitza gehiago; PP, Madrilgo politikariekin

I. M. B.

Podemosek, Ezker Anitza-IUk, Berdeak Equok eta Aliantza Berdeak osatutako Elkarrekin Podemos koalizioak Bizkaiko 31 herritan aurkeztu du hautagaitza maiatzeko udal hauteskundeetarako. Koalizioan 2019. urtean baino alderdi bat gehiago dira —Aliantza Berdea da kide berria—, eta orduan baino bederatzi herri gehiagotan osatu dute zerrenda: Abadiñon, Arrigorriagan, Igorren, Gernika-Lumon, Lemoan, Orozkon, Plentzian, Urduñan eta Zaldibarren. Ostera, oraingoan ez dute osatu Mungian eta Zamudion.

“Oinarriaren eskutik, nabarmen handitu dugu presentzia; izan ere, lan handia egin dute duela lau urte hautetsontzietan boto paperik izan ez genuen udalerrietan hautagaitzak aurkezteko”, esan du koalizioak.

PPk Madrilgo politikariak sartu ditu Bizkaiko udal zerrendetan

“Bilbotarrok nahi dugun lekuan jaiotzen gara” esanez argudiatu zuen Isabel Diaz Ayuso Madrilgo autonomia erkidegoko gobernuko presidenteak maiatzaren 28ko hauteskundeetan Bilboko PPren hautagaitzan aurkeztu izana. Zerrendako azkena da; beraz, kontu sinbolikoa da. Diaz Ayusoren esanetan, Euskal Herrian “askatasuna defendatzea zaila da”, eta asmo horrekin dator. Gogoratu du Maria San Gil babestera ere etorri zela, Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpaina batean.

Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu ohiaren bozeramaile izandako Miguel Angel Rodriguez da Ayusoren kabineteburua egun, eta Durangoko PPren hautagaitzako aurkeztu da, azken postuan. Euskal Herria “Mendebaldeko zibilizaziotik aldentzen” ari dela ohartarazi du Rodriguezek.