Olaia Zabalondo
Bizkaiko ateak zabalik daude errefuxiatuentzat. Nazioartean babes edo asilo eskaera aurkezten dutenak artatzeko lanean dabil Gurutze Gorria, horretarako duen programa baten bidez. Bilbo eta Bermeo dira errefuxiatuak hartu dituzten herriak. Bilbok dituen lekuak beteta daude; Bermeora, oraindik, iristen ari dira.
Harrera integrala eskaintzen duen programa bat da Gurutze Gorriak errefuxiatuei eskaintzen diena. “Harrera zentroetara sartzen direnetik irteten diren arte, horiek gizarteratzen saiatzen gara”, azaldu du Jessica Manzanok, aipatu programarako Bizkai, Araba eta Gipuzkoako koordinatzaileak. Horrela, hizkuntza ikas dezaten saiatzen dira, heziketa ematen diete, eta, ondoren, lan munduan sartzen saiatzen dira.
Manzanok dioenez, Bizkaiak 30 urte daramatza errefuxiatuak hartzen. Bilbon hartarako prestatutako leku guztiak beteta daudela dio. Bizkaiko hiriburuak 24 errefuxiatu hartzeko kopurua ezarria du. Hala ere, 30era zabaltzea posible litzatekeela iruditzen zaio Gurutze Gorrikoari. Oraingoz, 24 leku horiek “beteta” daude; otsailetik aurrera iritsi diren multzoetako 24 pertsona daude bertan.
Bermeon, 20 dira beteta dauden lekuak. Izan ere, asteotan, hainbat errefuxiatu iritsi dira hara, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Zubiaur Tar Kepa kalean dituen etxebizitzak atondu dituzte Gurutze Gorrikoek haientzat.
Hainbat lekutako errefuxiatuak dira Bermeora iritsi direnak. Ukraina, Sudan, Venezuela, Siria, El Salvador, Libano, Pakistan eta Hondurastik heldu dira azken egunetan Bermeora, besteak beste. Eta, oraindik, iristeko dira gehiago. Datorren astean, esaterako, lau laguneko bi familia espero dira. Hasieran, herrian 26 pertsona hartzea aurreikusi zuten, baina 30 lagunera zabaldu dute kopurua, “beharrizana dagoelako”.
Askotariko beharrizanak
Pertsona bakoitzaren arabera, gauza bat edo beste behar izaten dutela azaldu du Manzanok: “Batzuek atsedena baino ez dute behar izaten, eta, gutxika-gutxika, gizarteratuz joaten dira. Beste batzuek, berriz, osasun arazoak izaten dituzte; batez ere, buruko gaitzak izaten dira”.
Bermeoko Gurutze Gorria buru-belarri ibili da lanean azken asteetan, eta errefuxiatuak gizarteratzen laguntzeko boluntario bila aritu da. Hala ere, oraingoz, ez da talde egonkorrik osatu. Naiara Lopategi eta Jone Miren Urionabarrenetxea Bermeora iritsitako errefuxiatuekin lanean ari dira, eta, diotenez, uda izan daiteke taldea ez osatzearen arrazoia. Deialdia, gainera, kartelen bitartez egin dute, eta, askotan, kartel ugariren artean “galduta” gera daitezkeen susmoa dute. Azaldu dutenez, irailean sentsibilizazio kanpaina bat martxan jartzea dute helburu. Izan ere, Bermeoko Gurutze Gorrian dauden boluntarioak hondartzetara eta itsas salbamendura bideratuta daude.
Horregatik, herrira zabaldu gura dute Gurutze Gorriak errefuxiatuei eskaintzen dien programa, herritar gehienek oraindik ez daukate-eta ez programaren berri, ez errefuxiatuak herrira iristen ari diren berri. Gainera, une hauetan, iritsi diren pertsonengan ari dira arreta jartzen batez ere, eta ez horrenbeste boluntariotzan. Hala eta guztiz ere, bi gizarte langileen arabera, “oso garrantzitsua” da herriko jendez osatutako talde bat eratzea. Boluntarioak beharrezkoak dira, batez ere hizkuntza erakusteko, lekuetara laguntzeko, herria ezagutarazteko… Behin hizkuntza apur bat jakinda, hizkuntza bikoteak aurkitzea ere ondo legokeela diote, “gaztelera praktikatu dezaten herriko jendeagaz”.
Herria ezagutzen
Bermeora iritsi diren errefuxiatuak “pozik” daudela dio Lopategik. “Horietako batzuek gaztelera ikasteko klaseak hasi dituzte jada. Bilbora joaten dira, nahiz eta egokiena Bermeon bertan bermeotarrekin ikastea izango litzatekeen. Horrek asko lagunduko luke gizarteratzean. Bagabiltza lanean; ea posible dugun klaseak Bermeon izatea”. Baina, “oraintsuko” gauza izanik, pausoz pauso ari dira. Herriko hainbat txoko ezagutu dituzte errefuxiatuek, eta liburutegiko txartela ere egin dute: “Euren kabuz gaztelera ikasteko liburuak hartzen dituzte, eta ordenagailuak erabiltzera joaten dira”.
Egoera “oso gogorrak” izan dituztela dio Lopategik; beraz, “eskertuta” daudela: “Askok esan digute babestuta sentitzen direla, denbora luzean lehenengoz”. Umeak ere gaztelera ikasten hasi berri dira, eta, abuztuan, goizeko udalekuetara joateko aukera izan dezaten saiatuko dira, “herriko beste umeekin sozializatzen has daitezen”. Ikasturteagaz batera, eskolara ere hasiko dira. “Arin” ikasiko dutela uste du Lopategik: “Dagoeneko hasi dira berba solteak esaten”.
Sei hilabeteko lehenengo fasean, gaztelera ikasiko dute, lan orientabidea jasoko dute, eta beharrezkoak dituzten paperak erregularizatzen lagunduko diete boluntarioek. Sei hilabete, baina, denbora “gutxi” da Lopategiren ustez. Ondoren, bigarren fasean, etxebizitza partekatua bilatzen lagunduko diete, beste hainbat gauzaren artean. Urionabarrenetxeak adierazi duenez, “bigarren fasean autonomiaz aritzen dira, betiere gutariko norbait sostengu modura edukita”.
“Informazio falta”
“Haien herrialdeetako egoera zein den ikusita, behar-beharrezkoa da errefuxiatuentzako ateak zabalik izatea; ongi etorriak dira gurean”, esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. “Alde humanitarioa kontuan izanik, beharrezkoa da Bermeoko herrian ahalik eta harrerarik egokiena ematea, eta, gure herrian dauden bitartean, eurak ondo egon daitezen saiatu behar gara”.
Hala ere, beste gai batzuetan gertatu modura, honetan ere, erakundeen arteko lankidetzaren falta sumatu duela dio Bidegurenek: “Nire ustez, Eusko Jaurlaritzak bideratu beharko luke gai hau, eta Jaurlaritza, ondoren, udalekin elkarlanean aritu. Gauza eta erabaki garrantzitsuak dira. Jaurlaritzak eta Eudelek osatutako erakundeen arteko mahai bat egon den arren, guk informazio eskasa izan dugu, eta guk geuk deitu dugu Jaurlaritzara informazio eske”.
Bidegurenen ustez, “egokia izango litzateke harrera bat egitea eta udalak dituen zerbitzuen berri ematea”. Hala ere, Gurutze Gorriak bere programa duenez, “horien esanetara” daudela gogorarazi gura die alkateak: “Behar dutena eskaintzeko prest gaude”.
Saharatik etorritakoekin herritar talde bat lanean egon zela adierazi du: “Horiek ziurrenik prest egongo lirateke boluntario lanak egiteko, baina informazio falta dago”. Udala “ahal duen neurrian” laguntzeko prest dagoela esan du Bidegurenek.