Natalia Salazar Orbe
Winter is coming. Zazpi erreinuetan ikaraz espero duten negu gogorrak Bermeo ere astinduko du. Game of Thrones telesailaren zazpigarren denboraldiko eszena batzuk Bizkaiko kostaldean ere grabatuko dituzte urriaren amaieran. Hala jakinarazi du HBO kateak. George R. R. Martin idazleak A song of ice and fire literatura sagan sortutako fikziozko mundua irudikatzeko Gaztelugatxeko parajeek aukera paregabea eskaintzen dutela erabaki dute telesailaren arduradunek.
Oraingoz argitu gabe dago itsaso gaineko lur eremu horretara zein pertsonaia gerturatuko diren: John Snow edo Stark etxeko Sansa, Arya edota Brandon; Daenerys Targaryen khalessi; Cersei, Jaime edo Tyrion Lannister… Ezustekoz betetako telesailean ezin jakin horietako nortzuek iraungo duten bizirik Gaztelugatxera egiten duten bisitaldian ere.
Seigarren denboraldia duela aste gutxi batzuk bukatu zen. Eleberriari aurrea hartuta ekin dio bere bideari telesailak oraingoan, George R. R. Martinek orain artean idatzitakoa kontatu ostean. Ondo baino hobeto lotu dute argudioa gidoilariek eta telesaileko talde osoak, istorioaren oinarri-oinarrian dauden zenbait gertakizunen zergatiak argituz.
Brandon Starkek iraganera egiten dituen bidaietako batek pertsonaia batzuen jarrera eta sentimenduen arrazoiak argitu bai, baina aldi berean, etorkizunera begira zalantza ugari ere sortu ditu. Ikusteko dago aspaldiko gertakizun horiek argia ikusi ostean zer nolako eragina izango duten oinordetza kontuetan eta familia batzuen eta besteen arteko norgehiagoka eta gerretan.
Estreinaldia, 2017ko udan
George R. R. Martinen eleberrietan oinarritutako telesailaren atal berriak filmatzeko lanak udan hasiko ditu lantaldeak. Eta estreinaldia bera ere ohi baino atzerago egingo dute: datorren urteko udara arte ez dute emitituko. Casey Bloys HBO kateko programazioaren presidenteak eman ditu horretarako arrazoiak: “Negua Game of Thrones-era iritsi den honetan, David Benioff eta D. B. Weiss ekoizleek pentsatu dute hurrengo denboraldiko gertakizunentzat aproposagoa izango litzatekeela ekoizpena ohi baino geroago hastea; alegia, eguraldia aldatzen hasten denean”.
Euskal Herriko beste txoko batzuk ere azaldu dira telesailean. Nafarroako Bardean barrena agertu dira dothraki-ak euren zaldietan trostan. Eta Zumaiako flyscha ere (Gipuzkoa) azalduko da hurrengo denboraldian.
Zazpigarren denboraldi horrek zazpi atal besterik ez du izango: orain arteko laburrena izango da.
Izotz eta suaren abestiak Bermeotik igarota zer nolako doinuak uzten dituen ikusteko dago. Amaiera gero eta gertuago dago. Izan ere, kateak iragarria du zortzigarren denboraldiarekin bukatuko dutela botere goseak, mendekuek, saldukeriek eta gerrek markatutako istorioa.