Aitziber Laskibar Lizarribar
Bilboren eraldaketan sakontzeko asmo irmoarekin, etorkizunari begira jarria dago udala, nolako hiria nahi lukeen amesten. Aspaldi utzi zion izaera industrial gogorreko hiri izateari Bilbok, eta udalak aspaldi kokatu zuen zerbitzuen eta aisialdiaren hiriburu bihurtzeko norabidean. Bide horretan beste jauzi bat egin nahi du orain, eta urratsa egin du hartarako. Hiri Antolaketarako Plan Orokorra aldatzekotan dela jakinarazi du, eta zein asmo dituen azaltzerakoan hainbat proposamen zehatz egin ditu. Oraindik eztabaidatu eta landu beharreko egitasmoak dira; proposamen soilak. Baina argi adierazten dute zein norabidetan birmoldatu nahi duen hiriburua. Elorrietarako egin duen proposamena da asmo horien erakusgarri argiena: industria oinarri zuen eremuan igerilekuak egiteko nahia azaldu du udalak. Itsasadarrean bertan egingo lirateke igerilekuak, Ibaizabalen txertatutako aisialdi eremu gisa.
Elorrietako erriberan, itsasadarraren ertzean, pasealeku zabala egiteko proposamena aurkeztu du “datozen hamabost edo hogei urteetarako” plan estrategikoen diseinuak bilduko dituen Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren aurrerapenean. Zorrotzaurre berritzeko planaren jarraipen gisa eraldatuko litzateke Elorrieta ere, San Ignaziora arteko pasealekua osatuta.
Etxebizitza berriak egin, eta bizileku gunea ere sortu nahi du udalak eremu horretan, hainbat azpiegiturarekin lagunduta. Zorrotzako irlarako lotura ere izango luke, oinezkoentzako zubi batekin.
Luxuaren luxua izango luke ingurune berrituak, proposamenaren arabera: aisialdirako gune zabala, hiriko hondartza edo igerileku eta guzti. Itsasadarraren ertzean egongo lirateke bainurako guneak, plataforma batzuetan. Itsasadarrean murgildutako kaiak ere irudikatu ditu udalak, eta erriberako landarediz jantzita egongo liratekeen uhin-hausleak. Besteak beste. Deustuko kanalean egingo litzateke hori guztia, Elorrietako biribilgunerako tartean. Egitasmoaren zehaztasun handirik ez du oraindik eman udalak, baina irudikatzen duenaren infografia plazaratu du.
San Anton eta Abandoibarra
Itsasadarra aisialdirako gune nagusi gisa erabiltzeko lanean aspaldi hasi zen udala. Horren ondorio da Abandoibarra inguruak azken urteetan izan duen inbertsioa eta eraldaketa. Bilbo zeharkatzen duen ibaian bainatzeko aukera izatea ere betiko amets nostalgikoa izan da, nolabait. Baina utopia gisa ikusia; bete ezinezko amets gisa.
Azken urteetan, ordea, utopia horretatik gertuago ikusi du bere burua udalak. 80ko hamarkadan nekez aurkituko litzateke itsasadarrera salto egiteko prest agertzen zenik. Ibaizabalen kolore ilunak eta aldiro isurtzen zuen kiratsak agerian uzten zuen erabat zikin, kutsatuta zegoela. Azken urteetan, berriz, igeriketa txapelketak ere egin dira bertan; izen handiko triatloi lehiaketak, besteak beste.
Herritarrak itsasadarrean bainatu ahal izateko lanean hasteko aukera Iñaki Azkuna alkate zenak jarri zuen mahai gainean, lehen aldiz, aurreko legegintzaldian. Aurrera begirako nahi gisa aipatu zuen Bilbon hondartza egiteko aukera, baina, ordurako, asmo gauzagarri gisa.
Eta Juan Maria Aburto alkatearen taldeak heldu dio orain proposamenari. Udaran itsasadarrean bainua hartzeko guneak prestatzea aztertzen ari dela jakinarazi du. Oraindik landu beharreko proposamena dela adierazi du, baina Ricardo Barkala Hiri Garapenerako zinegotziak aurreratu du udalaren ustez zein gune izango liratekeen egokienak: Itsas Museoaren ingurunea eta San Anton ingurua. Beste gune batzuk egokitzeko aukera ere ez du baztertu.
Proposamenak mahai gainean jarri eta gaia aztertzeko, itsasadarraren kudeaketan eskumena duten erakunde guztiak uztailean bilduko direla iragarri zuen Barkalak; Portu Agintaritza, Itsas Kapitaintza, Itsas Agintaritza, Ura eta Bilboko Udala dira biltzekotan, hileon. Aukerak eta zailtasunak aztertu, eta ametsa gauzagarria den erabakiko dute.