Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea, maiatzean

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea, maiatzean

Ibai Maruri Bilbao

Maiatzaren 4an hasiko da Udabarria bertsotan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea, Urdulizen eta Durangon. 48 bertsolarik parte hartuko dute, bi multzotan banatuta. Maiatzeko eguen bakoitzean bina saio egingo dituzte, 18:30ean hasita beti, eta sei bertsolari arituko dira lehian aldi bakoitzean. Gutxienez, 26 lagunek izango dute aukera udazkeneko herrialdeko txapelketara pasatzeko —hamahiru lagunek, multzo bakoitzetik—, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sustapen arduradun Ione Narbaizak azaldu duenez.

Maiatz bukaeran, herrialdeko txapelketarako beste izen-emate txanda bat egongo da, eta, orduan, aurreko txapelketan finalistak izan zirenek eta finalaurrekoetan parte hartu zutenek izango dute izena emateko aukera; guztira, hamazortzi bertsolarik. Beraz, horiek ematen badute izena, sailkapen fase honetatik 26 pasatuko lirateke txapelketara. Hamazortzi baino gutxiago badira, ostera, 26 baino gehiago igaroko dira sailkapen fasetik.

Gazte askok eman dute izena. Bederatzi bertsolari berri daudela azpimarratu du Narbaizak. Andreak ere gehiago dira, baina txapelketa ez da parekidea oraindik. “Urterik urte, kopurua handituz doa proportzionalki. Zer esanik ez fasez fase aurrera egitean: emakumeen kopurua nabarmen handitzen da fase batetik bestera. Norabide egokian gabiltzala uste dugu, baina bide luzea dugu egiteko”. Sailkapen fasea denez, bertsolarien maila ere ezberdina izango da. Dena den, saio onak izango direla espero du elkarteko kideak: “Eskolartekoetan eta gazteen beste txapelketetan zelan dabiltzan ikusita, uste dugu ondo ariko direla. Belaunaldi berriak datoz, eta bertso eskoletan eta ikastetxeetan bertsolaritza lantzen egiten den lanaren emaitza da hori, zalantza barik”.

Udabarria bertsotan fasearen bigarren aldia da aurtengoa. Aurreko txapelketan antolatu zuten lehenengoz, Narbaizak gogoratu duenez. “Lehen, eskualdeka jokatzen zen lehen fasea, giro informalagoetan. Ikusten genuen Bizkaiko Taldekako Txapelketak betetzen zuela horren funtzioa, beste funtzio batzuekin batera, eta modu osoagoan. Beraz, eskualdeetako txapelketak kendu, eta sailkapen fase hau sortu genuen”. Lehen aldian, 2020an, COVID-19aren pandemiak baldintzatu zuen Udabarria bertsotan. Lehengo, irailera atzeratu behar izan zuten, eta, irailean ere, iragarri baino astebete beranduago hasi behar izan zuten. Hala ere, eredua baloratzeko balio izan ziela esan du Narbaizak. “Orain arte, asteburuetan egiten ziren saioak. Orduan, astegunetan egin ziren, ontzat jo zen hori, eta, oraingoan ere, nahita, astegunetan izango dira. Bi multzotan egitea eta sailkapen fase modura egitea ere ontzat jo genituen”.

Sarrerak aurrez eskuratzeko, jo webgune honetara: Bertsosarrerak.eus