Golkoko izaki koloretsuak

Golkoko izaki koloretsuak

Amaia Igartua Aristondo

Bisigu baten aurpegia dago lehen planoan, kolore arrosazko gouachearekin apainduta, agerian dituena ezkerreko begia eta zakatzak, eta ezpain mardulen zati handi bat. Hondorantz, gorputza, grafitoz nabarmendutako trontzoa, eta hori hornitzen duten ezkatak. Bisigu bat da, xehe irudikatuta, igeriketa betean ikuslearengana. “Iruditu zitzaidan irudia gehiago nabarmendu zitekeela paperetik irtetera doalako efektua ematen banion. Irudi dinamikoago bat egin nahi nuen”, azaldu du egileak, Patxi Juaristi Azkuek. Ez da ohikoa ilustrazio zientifikoaren moldean, dioenez, eta, agian horregatik, EHUk eta Plentziako Itsas Estazioak antolatutako Ilustrazio Zientifikoen Lehiaketaren hirugarren aldian gailendu da. Orain, bisigua Plentziako udaletxean dago ikusgai, Bizkaiko Golkoko askotariko flora eta fauna irudikatzen duten beste dozena bat ilustraziorekin batera, apirilaren 30era bitartean.

EHUren Ilustrazio Zientifikoko Masterreko ikasleek taxututako lanak biltzen ditu erakusketak: azken aldian aurkeztutako ilustrazio guztiak, baita hiru aldietako irabazleak ere. Gouachez ondutako legatza, abakandoa eta antxoak ilustrazioetako protagonistak dira; aparteko apaingarririk gabe eman dituzte, orobat, alga sorta batzuk; eta elementu gehiago txertatu dituzte beste irudi batzuetan, zefalopodo sorta bat kokatu dute ur sakonean, itsaso harro batek inguratutako kosta batean ipini dute muskuilu mardul bat, hondo urdin ilun bat jarri dute berdel talde baten atzean.

Plentziako Itsas Estazioko zuzendariorde Manu Sotoren arabera, golkoko espezieak ez dira oso desberdinak inguruko kokalekuetakoekin alderatuta. Zerrendatu egin ditu: itsas mihia, urraburua, kaioak, berdela… Ugaztunak ere aitatu ditu, hala nola izurdeak eta zereak, eta zefalopodoak ere oroitu ditu, besteak beste, olagarroak. Krustazeoak topa daitezke orobat golkoko bazterretan, abakandoa, esaterako. Are, baita algak ere, nabarmendu duenez. “Ehunka alga espezie daude gure kostaldeetan. Batzuk endemikoak dira, eta badaude endemikoak diren loreak ere. Adibidez, Armeria euscadiensis; hala deitzen da euskal kostaldekoa delako”.

Bizkaiko Golkoa 2

Dibulgatzeko baliabidea

Artea eta zientzia uztartzen ditu ilustrazio zientifikoak. Masterrean, irakasgai dituzte askotariko formatu artistikoak, eta, era berean, hainbat diziplina zientifikotako irakasleen lezioak jasotzen dituzte. Ikasleen artean ere, ugariak dira soslaiak: kasu baterako, Juaristi Azkue ingeniaria da ikasketaz eta ogibidez. Oro har, gustuko du margotzea, eta interesa du ilustrazio zientifikoan, batik bat bi arrazoirengatik: “Margotzeko askatasuna ematen dizu, zeure ikuspuntua ematekoa; eta transmititzeko modu bat da”.

Formatuak baditu bere ñabardurak, eta ingeniariak idatzizko generoei erreparatu die horiek azaltzeko. “Ez da berdin nobela bat idaztea, edo poesia, edo prentsa ohar bat, edo definizio bat”. Ezberdinak dira forma eta helburua, eta hori bera gertatzen da artearen esparruan ere: haren irudiko, artelan bat poesiaren baliokidea izango litzateke, eta ilustrazio zientifikoak antz handiagoa luke prentsa ohar batekin edo definizio batekin. “Informazio zehatza transmititzeko helburua du, baina hori helaraz daiteke modu aspergarrian edo erakargarrian. Ez du poesiaren askatasunik, baina jakintza baten transmisio erakargarri bat egiteko balio du: joko hori interesatzen zait”.

Bizkaiko Golkoa 3

Dibulgazioa aipatu du Sotok, halaber. “Gaur egun, infografia asko erabiltzen dira hedabideetan, albisteak-eta ilustratzeko. Eta gure lan zientifikoetan gero eta arreta handiagoa ari gara jartzen hedapenean”. Hala, irudiek lagun dezakete emaitza zaparrada bat digeritzen, testu zientifiko astun bat samurtzen, eta azalpenak xeheago eman litezke marrazkien bidez, era berean. “Oso inportantea da mezua zabaltzea irudien bitartez. Grafikoak modu ulergarri batean egin behar dira, begirada batez ikusi ahal izateko datuak, eta laguntzeko emaitzak interpretatzen”.

Zorroztasunaren arrastoan, asko izan litezke ereduak, andana bat bozetoak, azken bertsioa erdietsi bitartean. Juaristi Azkueren arabera, baina, sarritan lan hori ezkutuan geratzen da. Hori horrela, bozetoei ere balioa eman nahi izan die bere ilustrazioan. Lehiaketarako, masterrean landutako irudiak erabil zitzaketen; ingeniariak bisigu buru bat egina zuen gouachez, eta hori aprobetxatu zuen: gorputza egin zion, grafitoz. “Bozetoa utzi nuen, prozesua agerian uzteko modu bat: hor ageri dira gorputzeko formak lortzeko trazuak eta marrak. Nahaste bat dago: parte batzuk bukatuta daude, eta beste batzuk, bukatu gabe”. Bide beretik, ilustrazioaren beheko aldean urrunagoko bisigu multzo bat marraztu du. “Arrain bera da, errepikatuta: bi koloreztatuta daude, eta besteak bukaerako irudira heltzeko egindako bozetoak dira”.

Bizkaiko Golkoa 4