Ibai Maruri Bilbao
Bilboko Mariaren Bihotza plazan aparkaleku bat eraikitzeko proiektua zegoen. Bazekiten han XV. mendeko komentu bat eta XIX. mendeko kuartel bat egon zirela. Badaezpada, indusketa lanak egin zituzten 2007an, obrak hasi aurretik. “Ez zekiten zer topatuko zuten”, gogoratu du Bilboko Berreginen Museoko teknikari Itziar Martijak. “Dokumentu batzuen arabera, komentua harriz harri desegin zen; kuartela eraikitzeko; beraz, ez zen askorik espero”. San Frantziskoren Hirugarren Ordenakoek —egungo Frantziskotar Ordena Sekularra— komentuan zuten aretoaren sarrera topatu zuten. Elizaren ataria zela pentsatu zuten orduan arkeologoek. Elizaren oina eta klaustroaren erdia ere agertu ziren. “Hain ondo kontserbatuta zegoenez, bigarren fasea abiatu zuten”. Orduan azaleratu ziren klaustroaren beste erdia eta elizatik ia falta zen gehiena. 2016tik bisitatu daiteke.
Indusketa lanetan, kuartelaren zati gutxi berreskuratu zituzten, haren azpian zegoen komentua azaleratu nahi baitzuten. Hala ere, oraindik ikus daiteke kuartelaren atzeko horma okerra: “Modulu zentralaren atzeko horma da”. Patioa ere topatu zuten, baina haren erdian zegoen putzua baino ezin daiteke ikusi. “Bitxia da: orain klaustroaren aztarnetan ikusten da putzua, eta badirudi komentuko putzua dela, baina ez, kuartelekoa da; horregatik ez dago klaustroaren erdian, bazter batean baizik”. Martijaren arabera, Euskal Museoan dauden XIX. mendeko hainbat grabatutan ikus daiteke komentua, eta batzuetan klaustro birekin ageri da. “Ez dugu lortu beste bat ote zuen baieztatzea. Hemen ez da agertu. Baina garai hartako grabatuetan paisaia asmatzea ohikoa da, eta posible da hori ere irudigileak asmatutakoa izatea”.
Frantziskotarrena izan zen komentua. San Mames aldean izan zuten beste komentu bat, baina Bilbo atarian berria eraikitzeko baimena eskatu zioten Sisto IV.a aita santuari, eta honek onartu egin zien. “Frantziskotarrena eskeko ordena da. Hiria itsasadarraren beste aldean zegoen, gaur egun Zazpikaleak diren inguruan. Beraz, hau leku aproposa zen eskerako, Bilborako sarrera nagusietakoa zen eta”. Juan Arbolantxakoak eman zien orubea.
Eliza handienetan bigarrena
Martijak kontatu duenez, garai hartako Bizkaiko komenturik garrantzitsuenetakoa izan zen. Batetik, hiriburuan zegoen. Bestetik, komentu inperiala izan zen: Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore eta Espainiako errege Karlos V.ak babestu zuen, eta bere armarria erabiltzeko baimena eman zien; atarian ipini zuten, “handi-handi”. Azkenik, garai hartako Bizkaiko elizarik handienetan bigarrena zen; Bermeoko Santa Maria zen handiena. XVII. mendea izan zen komentuaren arorik oparoena. Orduan handitu behar izan zuten, esaterako, Hirugarren Ordenakoentzat aretoa egiteko. Martijak azaldu duenez, San Frantziskok hiru mailatan antolatu zuen bere ordena. Lehenengoan, fraideak daude; bigarrenean, mojak; eta hirugarrenean, jende arrunta, botoak hartu gabe baina konpromiso erlijiosoa hartu nahi dutenak. “Komentuetan barik, nor bere etxean bizi dira; bizitza normala dute. Ezkonduak ere badira. Hirugarren ordena hori XVII. mendean iritsi zen Bilbora, eta oso arrakastatsua izan zen”.
XIX. mende hasieran, gainbehera iritsi zen: oso fraide gutxi geratzen ziren. Guda karlistetan militarrak komentua erabiltzen hasi ziren. “Eraikina moldatu egiten zuten, haien beharretara egokitzeko. Baina ohartu ziren ez zela leku aproposa haien beharrentzat. Horregatik, komentua eraistea eta haren gainean kuartela eraikitzea erabaki zuten”, gogoratu du. Kuartela ere oso handia izan zen. Frantziskotarrek Iralan eraiki zuten komentu berria, egungoa.
Bi mila metro koadroko eremua kudeatzeko ardura Bilboko Berreginen Museoak du. Nork bere kasa bisitatu dezake, edo bisita gidatua adostu museokoekin: gutxienez hamar laguneko taldea osatu behar da, eta, gehienez, 20-22koa. Ikusgai dauden piezen bitartez, komentuaren eta Bilboren historia kontatzen du aztarnategiak. Panelak eta irudiak ere baliatzen dituzte azalpenetarako.