Ondarroaren harrizko bihotza

Ondarroaren harrizko bihotza

Mikel Garcia Martikorena

Arrantzaleek euren interes komunak babesteko elkarteak dira kofradiak historikoki. Ondarroan Santa Klara kofradia dago, eta haren aurreneko araudia 1593koa da. Mendeak pasatu dira arrantzaleen aurreneko komunitate horretatik, eta kofradiek jada ez dituzte ez helburu, ez zeregin berak. Are gehiago: Ondarroako kofradiak aldaketak izan ditu, baita eraikinean bertan ere. 1920an eraiki zuten gaur egun kofradia zaharra deitzen dena, Ondarroako zubi zaharraren alboan dagoena, alde zaharrean, Artibai ondoan.

Urteak eman zituzten arrantzaleek Pedro Gimon arkitektoak egindako eraikinean, 1969an utzi eta egungo portura igaro ziren arte. Yolanda Burgoa Ondarroako Turismo bulegoko arduradun ohiak dio kofradia eta haren inguruan dagoena —batez ere, zubi zaharra—, “Ondarroako bihotza” direla: “Herrian edozein ospakizun dagoenean —jaiak, esaterako—, bertatik igarotzen da jendea. Alde zaharraren erdigunea da”.

Urteak igaro ziren marinelek Santa Klara kofradia zaharra utzi eta eraikinari erabilera jakin bat ezarri zitzaion arte. Milurtearen aldaketarekin batera, udalak erabakia hartu zuen: museo bat egingo zen bertan. Garrek irentsi zuten nahi hura; izan ere, 2000. urtean sute batek kofradia barrutik kiskali egin zuen. Ia bi urteko lanen ostean leheneratu zuten eraikina, baina, orduko hartan, museoaren ideia alde batera utzi, eta kofradia zaharrean Turismo bulegoa ezartzea erabaki zuen udalak. 2002tik funtzio hori betetzen du eraikinak.

KOFRADIA ZAHARRA

Arrantzale herria

1920tik 1969ra, eraikina ez zegoen Ondarroara zetozenei mapak eman eta gomendioak eskaintzera bideratuta. Burgoak kofradiaren eginkizun nagusi gisa jo ditu “arrantzarekin lotutako arauak ezarri, arrantzatzeko eremu bat esleitu —baldin eta balea bat ez bazen; orduan heltzen zen aurrenak zeukan ehizatzeko eskubidea—, arraina zer preziotan saldu esan, arrantzan noiz irten erabaki, eta, arrantzaleei ezbeharren bat gertatuz gero, familia laguntzea”.

Arrantzaleen arteko laguntza garrantzitsua zen oso. Izan ere, “Ondarroa arrantzarekin guztiz lotuta zegoen herria da”, esan du Burgoak. Kofradia zaharra eta zubi zaharra dauden lekuan zegoen garai hartan Gipuzkoarako irteera. Zubiaren bi aldeetan ikus zitezkeen emakumeak sare hondatuak josten, Burgoak dioenez. Are gehiago: antzina arrantzaleen anbulategia zen eraikina Zubizar ikastola egiteko erabili zuten, herriaren eta arrantzaren arteko harremanaren erakusgarri. Harreman hori ez da hain estua egun; halere, Ondarroako Turismo bulegoko arduradunak dio “berreskuratzeko saiakerak” daudela.

ONDARROAKO BAPOREAK

Zubi zaharra

Begirada gehien biltzen dituena Santa Klarako kofradia zaharra den arren, haren alboan dagoen zubia da Ondarroaren historia ezagutzen duena; edo, behintzat, zubi zaharraren lekuan egon diren zubiek. Izan ere, herriaren historian hainbat alditan eraitsi eta berreraiki izan dute. Azkenaldietako bat 36ko gerran izan zen: Burgoak gogoratu duenez, indar errepublikanoek zubia dinamitatu zuten tropa frankistak bertatik igarotzea saihesteko. Gerra ostean berreraiki zen zubia.

Are gehiago: Ondarroa herria denetik izan du zubi zaharra dagoen lekuan zubi bat. 1327an eman zion hiri gutuna Ondarroari Maria Diaz Harokoa Bizkaiko andreak, eta hemeretzi urte geroago eraiki zuten lehenengo aldiz zubia. Yolanda Burgoaren arabera, aurreneko zubia egurrezkoa izan zen. Egungoak, berriz, estilo erromanikoa du, eta harriz egina dago.