Edozertaz barre egiteko eguna

Edozertaz barre egiteko eguna

Ibai Maruri Bilbao

“Norbaitek banana baten azalarekin irrist egin duela ikustean barre egiten duen norbanako hori azaleratu”. Antolatzaileen arabera, hori da Durangoko Tontolapiko Egunaren helburua. Iazko arrakastaren ondoren, bigarren aldia antolatu dute aurten, eta, zehazki, gaur egingo dute. Aurora Abasolo parkean eta Landako gunearen eta Plateruena kultur aterpearen inguruetan, bost ikuskizun eskainiko dituzte goizetik gauera joango den antzerki maratoian, doan.

Ganso & Cia konpainia da umore egun honen sustatzailea, eta San Agustin kulturgunearen eta Durangoko Udalaren babesa du. COVID-19aren pandemia iritsi zen arte, Aste Santuko egunetan Topaclown izeneko clown jaialdia antolatzen zuten. 2020ko eta 2021eko etenen ondoren, iaz eraldatu egin zuten, eta Tontolapiko Eguna bihurtu zen. Ganso & Cia konpainiako Gorka Gansoren esanetan, iaz, osasun larrialdiak ezarritako mugak zirela-eta ez zuten aukerarik ikusi lehengo jaialdian eskaini ohi zituzten ikastaro eta berbaldiak antolatzeko. “Tontolapiko Egunaren formatu honek erraztasun handiagoa zeukan egoera hartan zerbait txukuna egiteko”. Aldi berean, ohartu ziren Topaclownek ziklo bat bete zuela. “Lan asko eskatzen zuen, eta pentsatu genuen momentua zela beste proiektu berri bat hasteko, energia gehiagogaz”. Tontolapiko Eguna, bada, gehiago dago pentsatuta ikusleei begira. Funtsean, umore ikuskizunen maratoi bat da.

Clownak eta pailazoak dira ikuskizunen ardatza. “Pertsonaia inozoak, tontolapikoak, inozenteak eta sinpleak erabiltzen ditugu umorea egiteko”. Horretarako “beste modu bat” dela esan du Gansok, sarri gutxietsia izan dena. Apurka gero eta balio handiagoa ematen zaion arren, adierazi du 1970eko eta 1980ko hamarkadetatik hona “umeentzako ikuskizun” modura hartu direla, “eta gehiago kalean egiten bada”. “Lehen publiko guztiarentzat ziren, baina, garai hartan, Los payasos de la tele [Espainiako pailazo konpainia] eta halakoen ondorioz, aldaketa gertatu zen”.

Gaurko Tontolapiko Egunean horri buelta ematen saiatuko dira. Esaterako, azkeneko ikuskizuna, 21:00etan Kataluniako Los Galindos konpainiak eskainiko duena, ez da umeek ikusteko modukoa; 12 urtetik gorakoentzat katalogatu dute. MDR du izena, eta heriotza du gai nagusia. “Ematen digu aukera heriotzari buruz hitz egiteko beste modu batean, barre egiteko. Oso beharrezkoa da horrelako gaietara umorez gerturatzea”. Horregatik, Gansok uste du halako jaialdiei esker jendeak beste ikuspegi batetik begiratzen diela pailazoei eta clownei. “Gu garena islatzen dute beste modu batetik. Oso askatzailea izaten da clownak taula gainean ikustea. Egiten duten umorea ez da bakarrik umeentzat, baizik eta nagusien gaien ingurukoa da”.

Gansoren arabera, Euskal Herrian clownen diziplina bultzatzeko ahalegina egiten duten arren, oraindik ez dira asko. “Afizionatu moduan jende piloa dabil; ikastaroetara eta saioetarako jende asko agertzen da. Beraz, argi dago interesa sortzen duela, baina profesionalki oso gutxik lantzen dugu”.

Cándido

Egitarau zabala

Tontolapiko Eguneko egitaraua osatzeko orduan, ahalegindu dira umorearen inguruan dauden ikuspuntu ezberdinak biltzen. Esaterako, Andaluziatik (Espainia) etorriko den La Nordika konpainiak clown diziplina zirkuarekin nahastuko du. Nafarroako Parena konpainia berria dela azpimarratu du: “Oso pertsonaia nazkagarriak lantzen dituzte, baina barregarriak, aldi berean”. Ostera, Adrian Condek (Asturias, Espania) ikuskizun laburrak egiten ditu: hamar minutu irauten dute, autokarabana barruan. Kabaret antzeko ikuskizun bat ere antolatu dute, erakusteko oso interesgarria dela pailazoak pieza laburrak egiten ikustea ere. “Ikuskizun laburrak ere oso dibertigarriak izan daitezke”. Berbarako, Noche Dieguez clowna eta funanbulista da, eta, gaur arratsaldeko saioan, Aragoiko (Espainia) joka bat dantzatuko du soka gainean. “Proposamen horrekin emaitza dibertigarria izan behar da ezinbestean”.

Horrez gainera, animazioa eta musika ez dira faltako egun osoan. Esaterako, Arabako The Farra Marching Band taldea kalejiran ibiliko da. Foodtruck edo jatekoa saltzen duten furgonetak ere egongo dira. Hartara, bisitariak Durangon eguna pasatzeko aukera izango dute, umoreaz eta bestelakoez gozatuz.

MDR