Ibai Maruri Bilbao
Erandioko Altzaga auzoko Tartanga gunean laurehun etxebizitza eraikitzeko proiektua gelditu eta hari buruzko herri galdeketa eskatuz, Tartanta Berdea plataformak bi mila sinaduratik gora bildu eta aurkeztu zituzten Erandioko udaletxean, urtarrilaren 18an. “Forma akatsengatik”, udalak ez dizkie onartu: eskaera zuzentzeko agindu die, notario batek egiaztatu behar dituela argudiatuta. Plataformakoak haserre daude, sinadurak onartzeko exijitu diote udalari, eta galdeketa bat egiteko eskaera berretsi dute.
Joan den domekan manifestazioa egin zuten Altzagan, Tartanta Berdea taldeko kideek deituta. Bukaerako adierazpenean salatu zuten udala “adarra jotzen” ari zaiela. Ukatu egin dute eskaerak “forma akatsa” duela: “Kontsultatu dugu, eta, adibidez, Durangon ez zen notario bat behar izan eraiki nahi zituzten bost dorreen aurka aurkeztu zituzten sinadurak egiaztatzeko. Durangon, udaleko idazkariak berak egin zuen egiaztatze lan hori”.
EAJk, PSE-EEk eta Podemosek otsaileko osoko bilkurara Tartanga Berdearen herri egitasmoa premiazko mozio modura eramatea ere salatu zuten domekan. Plataformakoek txarretsi dutenez, alderdiek ez zuten eurekin ezer adostu, Tartangari buruz hitz egitea “saihestu nahi” dutelako: “Bi mila auzokideen borondatea zaramara bota nahi izan dute inork zaratarik atera gabe”. Atzo, edizio hau amaitu ondoren, martxoko udal bilkurara joatekoak ziren.