Amaia Igartua Aristondo
Parke bat da, oinarrian, baina bisitariak harian-harian egingo du topo eskultura garai deigarriekin, inguruko landare eta zuhaitzekin kamuflatzen den pieza berde batekin, solemneagoa dirudien lan gris batekin. Parke bat da Gueñesko Arenatzarte, baina bada aire zabaleko museo bat ere; are, bata zein bestea uztartu egiten dira bi hektarea zabal den eremu horretan. “Naturaren eta artearen arteko oreka mantentzen da, ez da apurtzen; obrak ez dira nabarmentzen”, Jorge Muñoz Alboan enpresako langilearen arabera —bisita gidatuak egiten ditu Arenatzarten—.
Eremuak ehun urte baino gehiago ditu, baina Arenatzartek ibilbide laburra du: Enkartur Enkarterriko turismo elkarteak jaso zuen proiektua 2005eko Turismo Estrategiaren Planean —hala nola kultura eta turismoa sustatzeko helburuarekin—, eta 2007an jaio zen Arenatzarte, jada eskulturaz hornituta. Besteak beste, honako artelan hauek daude ikusgai, Muñozek aletu duenez: Marijose Rekalderen Natura Minduta; John Stone artista entzutetsuaren Arraroa, baina ezaguna; Vicente eta Ricardo Roscubas anaien Zaindariak, totem itxurako piezen multzoa; Mikel Lertxundiren Bakoitzak berea; Koldobika Jauregiren Kantu isila III; eta Angel Garrazaren Burua altxatuko balu.
Artelanez gain, bestelako ondarea ere badu Gueñesko parkeak. Esate baterako, Urrutia jauregia, gaur egun Gueñesko udaletxea dena. Leandro Urrutiak enkargatu zuen, XX. mendearen hasierako urteetan, Muñozek azaldu duenez. Galdameskoa zen Urrutia, baina Mexikora joan zen, eta han dirutza bildu zuen nekazaritzari esker, batik bat lihoa landatuta. Sorterrira itzuli zen, eta 1908an hil zen Urrutia; etxea bukatu gabe zegoen artean. “Bere emazte Josefa Galdamesek jarraitu zuen obrekin, nahiz eta jendeak ez zuen nahi emakume bat jar zedin halako proiektu bat gobernatzen; baina emakume aurreratua zen, eta indartsua”. Urrutiaren emaztearen ekimenez, 1910ean bukatu ziren lanak.
Jauregia Emiliano Pagazaurtundua arkitektoak diseinatu zuen, sonatua orduko hartan, Muñozen esanetan. Estilo eklektikoa du eraikinak, funtsean. “Nahaste bat dauka, Bigarren Inperioko frantsestuaren eta ukitu modernisten artekoa”. Egun, eraikinak udaletxeko areto eta bulegoak hartzen ditu, baina bisitatu daiteke, eta gida turistikoak lehen solairua gomendatu du, bereziki, garai hartako estilo arkitektonikoaren erakusle baitira han dauden xehetasunak. “Ikus daiteke nola lantzen zuten egurra, beirateak…”.
Askotariko erabilerak
Ondareaz gain, baina, Arenatzarte aberatsa da landareetan. Galdames da horren erantzule, halaber. Emakumeak lorategi bat nahi zuen sortu etxearen inguruan, eta, hura hornitzeko, Ameriketatik hainbat landare eta zuhaitz espezie ekartzeko agindu zuen, hala nola sekuoia erraldoiak, haritzak, gereziondoak… Gaur egun, lorategiak 30 landare mota inguru biltzen ditu, eta zuhaitzetako batzuek ehun urtetik gora dituzte. Gainera, Gernikako arbolaren kimu bat ere badago landatuta.
Muñozen arabera, Arenatzartek erakartzen ditu turistak; bisitatzen du, orobat, gertuko ikastetxeetako ume mordo batek, eta hainbat ekintzetarako agertokia ere bada. Han egiten da iraileko Gueñesko Paperezko Soinekoen lehiaketako desfilea —bat egiten duten diseinatzaile famatuek—, nola Gueñesko bizilagunek; eta han egiten dira martxoko San Jose azoka eta ekaineko Landarearen eta Lorearen azoka.