Mikel Garcia Martikorena
Duela ez hainbeste, zaila zen emakumezko futbol jokalariak ezagutzea. Egun, baina, ez da hain arraroa parkean dauden haurrak Damaris Egurrolaren, Ainize Barea Peke-ren edo Alexia Putellasen izenak sorbaldan dituztela ikustea. Azken urteetan gora egin du gizarteak emakumezkoen futbolaren inguruan duen interesak, eta horrekin batera handitu da kirola praktikatu eta noizbait profesional bihurtzeko ametsa duten umeen kopurua.
Amets horiek egia bihurtzeko aurreneko pausoa haurtzaroan ematen da, eskola kirolari esker. Amets del Cura da nahi horiek egia bihurtzeko katebegietako bat. Basauriko Indartsu klubeko presidenteordea da, eta Basauri Harrobi taldeko entrenatzailea. Azken taldeak hamar neska ditu txikien taldean, eta maila horretan neskek eta mutilek batera jokatzen dute. Del Curak dio geroz eta neska gehiago daudela, “erreferente gehiago” dituztelako.
Gaur egun entrenatzen dituen neska horien antzera ibili zen Del Cura duela ez hainbeste; halere, azkeneko hamarkadan aldaketa “nabariak” egon direla azpimarratu du, eta ez soilik erreferenteei dagokienez: “Neskek futbolean jokatzeko espazio gehiago dituzte orain”.
Joseba Perez Ortuellako Jendea klubeko presidenteak igoera sumatu du futbola praktikatu nahi duten haurrengan, baina ez daki zein den igoeraren arrazoi “zehatza”. Dena den, gizartea “neskak futbolera gerturatzen” saiatu dela adierazi du. Ortuellako Jendean 90 neska inguru daude, hiru mailatan: lurraldekakoan, kimuan eta txikian.
Futbola eraldatu
Azkeneko urteetan aurrerapen “sendoak” izan direla azpimarratu du Del Curak: “Gizarte moduan balioak ezarriz joan gara emakumeak futbolean jokatzeagatik diskriminatuta senti ez daitezen”. Urratsak egin diren arren, ez da nahikoa, eta azaldu du haurrek gizon batzuengandik “jarrera oldarkorrak” bizi dituztela. Jarrera horiek “soilik neskak izategatik” bizi dituzte, haren esanetan.
Klubetan jasotako tratuak bera izan beharko lukeela uste du, baina egunerokotasunean hori gezurtatzen duten esperientziak bizi izan ditu Basauri Harrobiko entrenatzaileak: “Baliabideak ez dira berdinak guztiontzat. Gure taldean, neskek eta mutilek batera jokatzen dute, eta, zelai batzuetan, aldagela txikiena beti neskentzat da. Beste batzuetan, ez dute aldagelarik, eta mutilek bukatu arte itxaron behar dute”. Azken urteetan horren aurka egiteko pausoak eman dituzte Indartsun eta Basauri Harrobin. “Helburua erabateko integrazioa da, jokalariek dituzten beharrei erantzuteko adina baliabide izan ditzaten”. Oraindik gauza asko geratzen dira egiteko.
Del Curak uste du arazoa oinarrian egon daitekeela, egun gizarteak futbola ulertzeko duen moduan: “Ez dut uste futbola oso positiboa izan denik hezkuntzari dagokionez”. Hark dioenez, zelaietan sarritan agertzen diren balioak “oso negatiboak” dira, eta askotan “berdintasunaren aurkakoak” izan ohi dira; “neska baten antzera jokatzen duzu” eta halako iruzkinak, esaterako. Horrelako jarreren inguruan hausnartu eta nolabaiteko aldaketak egin behar direla azpimarratu du Basauri Harrobi taldeko entrenatzaileak.
Metodologia ezbaian
Aldundiak eta beste hainbat erakundek apustua egin dute emakumeen futbola hauspotzeko. Proiektu horietan, metodologia ezberdinak proposatzen dituzte neska eta mutilentzat. Ortuellako Jendeako presidentea ideia horren aurka ageri da. Perezen ustez, nesken futbola indartzeko egitasmoak “onak” diren arren, entrenamenduetan “diskriminatzea ez da erantzuna”: “Berdintasunez lantzea, hori behar du emakumeen futbolak. Entrenamenduek berdinak izan behar dute, haurrak direnean irakatsi behar zaiena berdina baita”.
Perezek azpimarratu du haur guztiek, mutil edo neska izan, “beldur berak” dituztela. “Kontrolak berdin egiten ikasi behar dute, atezainei berdin irakatsi behar zaie lurrera botatzen, eta buruz berdin ematen diote baloiari”, esan du. “Ikasi behar dituzten oinarriak berberak” direlako, Ortuellako Jendea klubeko presidenteak uste du onuragarriena izango litzatekeela haurrak entrenatzeko “metodologia bakarra” izatea.