Jazarpena ez ahazteko plaka

Jazarpena ez ahazteko plaka

Mikel Garcia Martikorena

Beste urrats bat egin du Bilboko Udalak memoria historikoari dagokionez. Hilaren 9tik, plaka bat dago udaletxeko sarreran, 1937ko ekainaren 19tik aurrera jazarria izan zen udalbatza gogora ekartzeko eta omentzeko. Plaka horretan, 1931. urtean demokratikoki hautatu zen udalbatzari aitorpena egiten zaio. Garrantzia, baina, ez du objektuak berak, baizik-eta horrelako ekimenek duten esanahiak: memoria historikoa berreskuratzea, gizarteak ez dezan ahaztu duela zortzi hamarkada gertatutakoa.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ildo horretatik jo du plakaren aurkezpenean: “Plakak balio du udalean sartzen diren guztiek, herritar guztiek eta mundu guztiak jakin dezan Bilbon bakea, demokrazia eta egiaren balioak aldarrikatzen ditugula”. 1936ko gerra eta frankismoaren urteak “bidegabekeriaren eta zentzugabekeriaren basakeriazko urte ilun” moduan definitu ditu alkateak.

Plaka Euskal Herriko Talde Errepublikanoak aurkeztutako herri ekinbide batetik sortu da. Haren kokapena ez da zorizko erabaki bat izan. Sarreraren hondoko horman kokatu dute, eskailera nagusiaren eskuineko erakusketa gunean. Plakak 1931ko udal korporazioarekin lotuta dagoen beste elementu bat du alboan: 1931ko apirilaren 12an demokratikoki hautatutako udalbatzaren kargua hartzeko aktaren pergaminoa.

Jazarritako bakarra

Ernesto Erkoreka 1931tik 1937ra bitarte izan zen Bilboko alkatea. Aurrenekoz, ezker errepublikanoarekin aurkeztu zen, eta, bigarrenez, Fronte Popularrarekin. Omenaldian Jose Alberto Erkoreka haren biloba eta Mikel Baroja Lasa birbiloba egon dira, besteak beste. Biek “pozez” hartu dute udalaren erabakia, haien senitartekoa eta haiekin batera errepresioa jasan zutenak gogoratzea “garrantzitsua” baita haientzat: “Bilboko historian jazarria izan den udalbatza bakarra izan dela gogoratu behar da”.

Hunkituta zegoen Jose Alberto Erkoreka. Hiriak nahi zuen alkatea zela esan du: “EAJk eta PSOEk ez zutenez gehiengoa lortu, monarkikoak ez beste alderdi denak ados jarri ziren nire aitonaren alde bozkatzeko”. Bigarrenez aurkeztu zen hauteskundeetara eta gehiengo osoa lortu zuen, 31 zinegotzirekin.

Haren bilobak adierazi duenez, bi helburu zituen Erkorekak alkate bezala: hezkuntza eta langileen eskubideak. Jose Alberto Erkorek dioenez, haren aitonak alkate bezala irabazi zuen “diru guztia” langileei eman zien: “70 urterekin bihurtu zen alkate. Berak erretiroa zuen, eta soldata langabezian zeuden Errekaldeko langileen emazteei eman zien”. Bilobak gaineratu du Erkorekak langileentzako “otordu sozialak” bultzatu zituela.

1931an hautatutako udalbatzaren plaka

Errepresioa

“Indar faxistak Bilbora sartu zirenean atxilotu zuten, eta presoen arteko trukaketa batean utzi zuten libre”, dio Jose Alberto Erkorekak haren aitonaz. Hala ere, Valladolidera (Gaztela eta Leon, Espainia) deserriratu zuten, baina hura Bilbora itzuli zela gogoratu du Erkorekak. Gerrak iraun zuen bitartean Gurutze Gorriarekin batera aritu zen lanean, Jose Alberto Erkorekak dioenez.

Trukean emandako gatibua zenez, “ez ziren ausartu” fusilatzera, ilobaren esanetan. Garaiko udaleko beste hainbat zinegotzik ez zuten zorte bera izan: “Alderdi monarkikoak ziren hiru zinegotziak izan ezik, zinegotzi denek jasan zuten errepresioa”.

Memoria eraikitzen

Alkate ohiaren bilobak dio gaur egungo herritarrak ez direla jakitun duela laurogei urte baino gehiago “haien herrietan” gertatu zenaz. Hori dela eta, azpimarratu du “oso garrantzitsua” dela gazteei komunikatzea gertatu zena, “gertatutakoa ez errepikatzeko”. Esan du bera bere semeei ezagutza hori helarazten saiatu dela.

Plaka ez da Bilboko Udalak memoria historikoarekin lotuta bultzatu duen egitasmo bakarra. 2017an, indar faxistek Bilbo mendean hartu zutenetik laurogei urte bete zirenean, udalak “memoria historikoa berreskuratzea xede duen prozesu trinkoa” abiarazi zuen, alkatearen esanetan.

1931ko akta

Horren barruan, Gogora institutuarekin zein bestelako elkarte memorialistekin elkarlanean zenbait egitasmo egin dituzte. Besteak beste, Artxandako interpretazio pasabidea Burdin Hesiari lotuta, Bilboko espetxeetan errepresaliatutako emakumeen omenezko plaka Orue txaletean eta Begoñako hilerrian dagoen 1936ko gerrako hobi komunaren indusketa lanak Aranzadi elkartearekin.