Ainhoa Larrabe Arnaiz
Azken sei urteetan egin bezala, bizikletak hartu eta aldarrikapenerako eta gozamenerako tartea hartuko dute Ekologistak Martxan elkarteak eta Ekologistas en Accion konfederazioak. Bihar hasiko dute VI. Ekomartxa, eta klima aldaketak kostaldean eragiten dituen kalteen inguruan kontzientzia hartzea da egitasmoaren helburu nagusia. Bilboko Areatzan hartuko dituzte bizikletak bihar, eta, hamabost egunez Kantauriko kostaldea zeharkatu ondoren, Xixonen (Galizia) bukatuko dute martxa, hilaren 30ean. Aldarrikapenerako eta gozamenerako aukera emango du Ekomartxak, Pedalei eragin planeta hozteko goiburuarekin.
Gaur iritsiko dira Bilbora VI. Ekomartxan parte hartuko duten kideak, eta ongietorri ekitaldia egingo dute arratsaldean Ekologistak Martxan-ek Zazpikaleetan duen egoitzan. Bihar egingo dute Bilbo eta Lemoiz elkartuko dituen lehen etapa, eta bi egunez izango dira Bizkaian.
Omenaldia Lemoizen
Berezia izango da biharko ibilbidea. Bizkaiko hiriburutik Lemoizera egingo dute Ekomartxako kideek, Plentzia eta Getxotik igaro ondoren. Eta Euskal Herriko borroka antinuklearrari omenaldia egingo diote han. 40 urte dira han jarri nahi zen zentral nuklearraren aurkako lehen protesta egin zenetik, eta gogora ekarri nahi dute ordukoa. Nuklearrik gabeko euskal kostalde baten alde goiburupean, mobilizazioa egingo dute Uribe Kostako herri horretan, 13:30ean.
Euskal Herriko mugimendu antinuklearrean mugarritzat hartzen da 1976ko abuztuaren 29ko protesta. Izan ere, Franco hil ostean onartu ziren lehen manifestazioetako bat izan zen Gorliz eta Plentzia artean egin zena. Garai hartako datuen arabera, 50.000 pertsona inguru elkartu ziren protestan. Gero eta jende gehiago bildu zuen nuklearraren aurkako borrokak. Horren adibide da Plentziako mobilizazioa egin eta urtebetera Bilbon egin zen manifestazioa: 150.000 lagun elkartu ziren orduan.
Mobilizazio haiekin batera, komite antinuklearrak sortzen hasi ziren auzo eta herrietan. Mugimendu ekologistak hartu zuen indarra izan zen Lemoizko zentral nuklearraren egitasmoa bertan behar uzteko gakoetako bat. 1982an iragarri zuen PSOEren gobernuak Lemoizko zentrala gelditzeko asmoa. Baina 1994ra arte ez zen eten zentralaren jarduna bere osotasunean.
Ekitaldiaren ondoren, Bizkaiko hiriburura bueltatuko da martxa bihar, eta igandean hartuko du Galiziarako bidea. Ezkerraldea eskualdeko herriak zeharkatu, eta Muskizera iritsiko dira etzi. Petrolioaren industriak kostaldean eragiten duen kutsadura salatzeko protesta egingo dute eguerdian Petronorren findegiaren aurrean, Anti-Coke koordinakundearekin. Eta, arratsaldean, Zierbenan izango dira, superportuek ingurumenean eragiten dituzten kalteak ezagutzeko. Astelehenean, bizikleta martxak atzean utziko du Bizkaia. Goizean goiz hartuko dute Muskiztik Kantabriarako bidea, eta beste bi astez pedalei eragiten arituko dira Kantauriko kostaldeko herrietatik.
Ekologistak Martxan-eko kideek ekitaldian parte hartzeko deia egin dute: “Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntza bertan behera uztea ahalbidetu zuen borroka oroituko dugu, eta oraindik ere bestelako arrisku nuklearrak daudela gogorarazi; Garoñako zentral nuklearra, kasurako. Kostaldean eragin handia duten industria eta hirigintza jarduerak ere salatuko ditugu”.