Ainhoa Larrabe Arnaiz
Bi ordu eta hamar minututik behin lapurreta bat gertatzen da Bizkaiko etxebizitzetan. Hala baieztatu du Unespa aseguru etxeen patronalak 2014ko lapurretei buruzko datuak biltzen dituen txostenean. 225 enpresa biltzen ditu Unespak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 800.000 etxebizitzako lagina hartu du ikerketa egiteko. Guztien artean, Bizkaia da lapurreta gehien izan duen lurraldea: %65,5 biltzen ditu. Eta Bilboaldea osatzen duten udalerriek dituzte lapurreta tasarik handienak. Ikerketaren arabera, Ibaizabal itsasadarreko udalerrietan egiten dituzte Bizkaian lapurreten %70. Hiriburuan, soilik, 1.300 salaketa erregistratu ziren 2014. urtean.
Azterketaren arabera, biztanleria kopuruarekin lotuta dago lapurreta tasa. Hau da, herritar eta etxebizitza gehiago dauden inguruetan izaten da eraso gehien. Irizpide hori aintzat hartuta, Bilbok du tasarik handiena. Erasoen %22,1 gertatzen dira Bilbon, eta haren atzetik daude Donostia eta Gasteiz. Baina ehunekoetan ezberdintasun nabaria dute Bizkaiko hiriburuarekin. Izan ere, %8ren bueltan dago duten lapurreta kopurua.
Hiru lurraldeetako hiriburuen ondoren, Bizkaiko udalerriak daude lapurreta kopuruen zerrendan lehen postuan. Ibaizabalgo itsasadarrean daude herriak, zehatzago. Tartean daude Barakaldo, Getxo eta Portugalete. Han gertatzen da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitzetan izaten diren bost lapurretatik bat.
Lapurretei buruzko usteak ere irauli egiten ditu ikerketak. Izan ere, nahiko hedatuta dagoen iritzia da udako eta neguko oporrak eta asteburuak aukeratzen direla lapurretak egiteko. Hau da, jaiegunak aukeratzen dituztela lapurrek beren jardunerako, jabeak etxetik kanpo igarotzen dituzten garaiak direlako, ustez. Baina, iritzi horien aurka, udaberrian izan da lapurreta gehien 2014an: martxoan, apirilean eta maiatzean. Eta egunei dagokienez, astelehen eta ostiralak aukeratu dituzte eraso egiteko.
Biztanle gehien biltzen duten udalerrietan, lapurreta gehiago izaten da. Baina etxebizitza kopuruaren eta lapurreten arteko batez bestekoa aztertzean “ezustea” hartu du Unespak. Izan ere, lapurretak izateko probabilitate handiagoa dute udalerri ertainek udalerri handiek baino. Patronalak bildutako datuen arabera, Urdulizek du batez besteko horretan lehen postua Bizkaian. Herrialde osoko batez bestekoa baino %82,5 aukera gehiago du Uribe Kostako herriak lapurretak jasateko. Ondoren daude Galdakao, Abanto-Zierbena, Barakaldo eta Zalla, besteak beste. Balantzaren beste aldean daude Plentzia, Mundaka, Ondarroa eta Berriz, adibidez. Herri horietan oso baxua da lapurreten batez bestekoa. Lurraldeko hiriburuan %5,2koa da erasoak jasateko bataz bestekoa.
%38 Bilbon
Lapurreten larritasuna ere aztertu dute txostenean. Eta, bildutako datuen arabera, udalerri ertain eta “lasaietan” izaten da kostu handiko lapurreta gehien. Laukiz ageri da zerrenda horretan lehen postuan: 4.476 euroko batez besteko kostua izan dute hango lapurretek. Lezama, Arrieta, Loiu eta Gatika dira kostuen aldetik erasorik handienak bildu dituzten udalerriak. Eta Gueñes, Lekeitio eta Ortuellak jasan dituzte erasorik arinenak.
Bizkaian egiten diren etxe lapurreten ia %34 Bilbon egiten dira. Eta auzoen araberako joera du hiriburuak erasoen kopuruari eta larritasunari dagokionez. Begoña, Ibaiondo eta Rekaldek dute lapurreta salaketa gehien: %38 inguru biltzen dituzte hiru auzoek. Edonola ere, etxebizitza kopurua eta lapurreten arteko harremana aztertuz gero, Abando, San Frantzisko, Miribilla eta San Adrian auzoek dute lapurretak izateko probabilitaterik handiena.
Lapurreten kostua ere asko aldatzen da Bilboko auzo batetik bestera. Zorrotza eta Basurton gertatu ziren garestienak. Gainontzeko inguruetan baino %300 kostu handiagoa zuten bi auzo horietan izan ziren erasoek. Abando auzoan 800 eurotik gorako kostua izan zuten erasoek, batez beste; Zazpikaleetan gertatutakoek, 248 eurokoa.