Olatz Silva Rodrigo
Irala, Errekaldeberri, Larraskitu, Uretamendi, Betolaza, Artatzu Goikoa, Artatzu Behekoa, Iturrigorri-Peñascal, Urizar dorrea eta San Adrian. Auzo horiek osatzen dute Bilbo hegoaldea, eta 70.000 biztanle inguru bizi dira zona horretan. Hainbat elkartek urteak daramatzate bertan lanean, euren auzoetan bizi baldintzak duinak izan daitezen. Bakoitzak bere kabuz egin izan du lan. Hala ere, ohartu dira guztiek antzeko tratua jaso dutela erakundeen partetik: erantzunik ez. Hori dela eta, batzea erabaki dute, eta Bilboko Hegoaldea Bizirik izeneko plataforma sortu dute.
Udalak antolatutako barrutiko kontseiluko bileretan eskaerak egin izan dituzte, baina ez dute ezer lortu. “Ez dira munduko gauza berezienak, baina ez ditugu lortzen”, esan du Arrate Lopez plataformako kideak. Azken bileran planto egin zuten, eta esan ez dutela gehiago parte hartuko. “Entretenituta mantentzen gintuzten euren jolas horretan”. Lopezen arabera, entzungor egiten du udalak. Elkarteek proposamenak lantzen dituzte, denbora eskaintzen diete, lan handia egiten dute. “Baina udalak nahi duena egiten du gero; oso haserre gaude. Nabaritzen dugu gure auzoetan utzikeria handia dagoela”.
Helburua, “ikusaraztea”
“Indarrak batu ditugu, gure ahotsa entzunarazteko”, azaldu du Lopezek. Izan ere, “abandonatu sentsazioa” dute. Euren indarra ikusarazteko, manifestazio bat antolatu dute martxoaren 18rako. “Gure asmoa da noizean behin kalera ateratzea, hortxe gaudela ikusarazteko”. Auzoetan aurkezpenak egingo dituzte, euren mezua hedatzeko.
Bilbon 1960ko hamarkadatik dabiltza lanean euren auzoak hobetzeko helburuz. “Beti borrokatu behar izan dugu gauza guztiengatik: kaleen konponketak, osasun etxea… Eta, orain ere, sentitzen dugu berdin gaudela”. 75 elkarte eta eragilek baino gehiagok hartu dute parte plataformaren sorreran; besteak beste, Autopista Kanpora plataformak eta metroaren laugarren linearen aldekoak.
Plataformak aldarrikapen historikoak jasoko ditu: saihesbidea kentzea eta metroa auzo horietara ailegatzea, esaterako. Hala ere, arazoak “arlo guztietan” dituztela nabarmendu du Lopezek. “Hainbeste borroka egin ondoren, lortutako zerbitzuak galtzen ari gara; atzeraka goaz”. Hark azaldu duenez, osasun etxeetako zerbitzuak murrizten ari dira, nerabe eta gazteentzat dagoen arreta psikologikoa auzoetatik kentzen ari dira, eta modulu psikosoziala ere “arriskuan” dago.
Hezkuntzari dagokionez, gero eta Batxilergo aukera gutxiago dituzte ikasleek. “Gazteek ikasi nahi badute, auzotik kanpo joan behar dute; zentroak oso zaharkituta daude, eta inbertsio falta itzela dute”. Are gehiago, ikasleen zaurgarritasunaren datua “nahikoa deigarria” da: “%40 ingurukoa, Bilboko handiena”.
Irisgarritasun arazo handiak ere badituzte. “Auzo aldapatsuak dira, eta populazio zaharkitua dugu. Ospitalea eta auzoak lotzen dituen autobusa orduero igarotzen da; ez da batere erabilgarria. Eta entzun dugu beste autobus linea batzuk ere murriztuko dituztela”. Eskatu beharko ez lituzketen aldarrikapenak ere badituzte: “Kale bat garbitzea edo kale batzuetako argiztapena hobetzea. Kontu oso oinarrizkoak dira, eta horiek ere borroka itzela eskatzen dute gure auzoetan”.
“Sakrifikatutako peoiak”
Lopezek uste du udalak “antzeztu” egiten duela auzoetako parte hartzea: “Parte hartzea bultzatzen dutela saltzen dute, baina ez da egia”. Hori dela eta, argi utzi du plataformak zer nahi duen: “Benetan gurekin jesar daitezen, auzo hauetako beharrak azter ditzaten eta gaia serio har dezaten”.
Lopezek adierazi du udalak auzoetan ez duela inbertsiorik egiten, udalarentzat inbertsio hori ez delako interesgarria. “Partida batean sakrifikatu beharreko peoiak gara. Guggenheimen Bilbo horretan inbertsioak egiten dituzte. Auzo berri batzuk egiten dituzte, baina gurean inbertitzea ez zaie interesatzen. Guk gure zergak ordaintzen ditugu, baina beste toki batzuetara bideratzen dituzte”.