Lehorra eta itsasoa, elkarri keinuka

Lehorra eta itsasoa, elkarri keinuka

Ibai Maruri Bilbao

Matxitxako/ Bizkaiko kostako jagolea/ lorratz argia/ itsasoak argiztatzen dituena/ trumoirik gabeko tximistargia/ argi-dirdai osoa/ eder eta bitxia”, dio Julio Fernandez Varoren poemak. Bizkaian iparralderen dagoen tokia da Matxitxakoko lurmuturra. Bizkaiko itsasoaren eremu guztiz zabala zelatatzen du, eta, aldi berean, lehorra non dagoen iragartzen dio itsasoan dagoenari. XIX. mendetik itsasargiak izan ditu horretan lagun: ordukoa da zaharra, eta XX. mendekoa berria. Elkarrengandik gertu daude biak. Gaur egun, lehena hutsik dago, eta behatoki moduan erabiltzen dute. Bigarrena martxan dago, eta Estatuko Portuak Espainiako erakunde publikoarena da.

Faro zaharra 1852ko abuztuaren 21ean inauguratu zuten; itsasertzetik gertuen dagoena da. Lurmuturreko zelairik zabalenean eraiki zuten, itsas mailatik 64,6 metrora. Juan Martinez Apaicio izan zen aparejadorea. Durangaldeko harrobietako harria erabili zuten. Garai hartako itsasargietan indartsuenetakoa zen: 23 itsas miliatik ikus zitekeen.

Sistema hondatu egin zen 1861ean, tresna optikoaren karga handiagatik. Hiru farozain arduratzen ziren itsasargia jagoteaz eta mantenu beharrak egiteaz. Sistema aldatzeko egokitze lanak aprobetxatuta, haien etxebizitzak handitu zituzten, txikiegiak baitziren sortu nahi zuten farozainen eskola atontzeko. 1845 eta 1863 artean ibili ziren han ikasleak.

Matxitxako

Argiaren irismena gutxienez 35 miliakoa izatea nahi zuten, eta, gainera, etengabeko argiaren ordez, bost segundoan behin argi distira azkarrak eskaintzea. Horregatik, 1901ean tresna berri bat eskuratu zuten. Gainera, leku egokiago bat bilatu zuten, hodeiek, lainoak edo lanbroak begi optikoa estali ez zezaten. Hegoaldera 116 metro joanda eraiki zuten faro berria, Rafael de la Cerda ingeniariaren gidaritzapean. 1909ko abenduan hasi zen lanean. Ordutik aurrera, laino argi modura erabili zuten zaharra.

Berriak oinplano laukizuzeneko eraikin dotorea du. Sarrera nagusiak puntu erdiko arkua du. Farozainaren etxea, biltegia eta erremintak gordetzeko lekua zituen, besteak beste. Gaur egun hutsik dago. Zazpi segundoan behin egiten du keinu. Argia 35 itsas miliatik ikusten da. Aspaldi elektrifikatu zuten arren, hasieran lanparak petroliozkoak ziren. 1926an irrati faro bat ipini zioten; 1963an, bozina bat.

Bizitzaren lekuko

Matxitxakoko itsasargia historiaren lekuko izan da. 1878ko Zapatu Santuko galernan, hamalau batel eta hiru txalupa hondoratu ziren; 85 marinel hil ziren. 1912ko abuztuaren 12tik 13rako goizaldean ere enbatak jo zuen, eta Bizkaiko 143 marinel hil zituen. 1937ko martxoaren 5ean 1936ko gerrako itsas bataila nagusia borrokatu zen lurmuturraren parean: Matxitxakoko gudua. Euzko Itsas Gudarosteko 35 marinel hil ziren, Canarias gerraontzi frankistaren aurkako borrokan.

Betidanik izan da itsas fauna ikusteko leku paregabea. Faro zaharra hustu, eta, 2014an, zetazeoak eta hegaztiak ikuskatzeko behatoki bihurtu zuten. Ikusten errazenak diren zetazeoak dira izurde handia eta izurde arrunta. Zere handiak ere ikusten dira tarteka, eta orkaren bat ere ikusi dute inoiz. Hegaztietan, zangak eta gabaiak dira ugarienak, baina dozenaka espezie ikus daitezke. Hileko lehen zapatuetan behaketa bereziak egiten dituzte, Ekoetxea Urdaibaik antolatuta.

Matxitxako