Galdakao-Usansolo ospitalean dago Transfusioen eta Giza Ehunen Zentroa, eta martitzenetik gaur greban daude hango beharginak, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuek deituta. Aurretik beste hamalau greba egun eginak zituzten. Besteak beste, zentroko langileek Osakidetzako langileekin alderatuta jasaten duten “soldata diskriminazioa” salatu nahi izan dute: “Osakidetzako gainerako lankideek baino %4 gutxiago kobratzen dugu, eginkizun berberak edo antzekoak betez”, ohartarazi dute.
Langileek bi urte baino gehiago daramatzate gatazkan. Joan den martitzenerako, bilerara deitu zituzten Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Lan Harremanetarako Euskal Kontseiluaren Bilboko egoitzan ziren biltzekoak, baina ez zitzaizkien agertu.