Filmak, eta kronika mordo bat: oparo dokumentatu zituzten bidaiak

A. Igartua Aristondo

Ekialde Hurbileko lilura ez zuen bere baitan gorde bisitari andana hark; kontrara, iturri oparoa izan zen kronikak, ilustrazioak eta filmak ere taxutzeko. Maria Luz Mangado komisarioak azaldu duenez, espedizio horietan askotariko soslaiek hartu zuten parte. “Arkitektoak, kronikagileak, baita [Joaquin] Sorolla pintorearen eskolako artistak ere”, aletu du. “Zinemazale batzuek Ekialde Hurbileko aurreneko filmazioak egin zituzten”. Irudi horietako batzuk Bilboko Arkeologia Museoan proiektatu dituzte, eta, era berean, garai hartako liburu eta argazkiz jantzi dute Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean erakusketa.

Kronikak ugariak izan ziren XX. mendeko hasierako hamarkadetan; 1902an, “luxuzko” edizio batean pilatu zituzten idazkietako batzuk, eta liburu horrek gidatzat balio izan zuen hurrengo hamarkadetako osteretarako. Halaber, aldizkariak sortu zituzten propio, Mangado komisarioaren arabera. Gasteizen, El peregrino (Erromesa) kaleratu zuten hasieran, eta El Turista (Turista) ondoren, 1920ko azken urteetara arte.

Izen batzuk nabarmendu ditu Mangadok; esate baterako, Sylvia Baleztena Azkarate Nafarroako idazlearena. Indusketa arkeologikoetan parte hartu zuen hark, adibidez, eta bidaia horietako esperientziak Jerusalem liburuan bildu zituen; 1925ean argitaratu zen, eta nahiko arrakastatsua izan zen. “Howard Carter eta Agatha Christie ezagutu zituen”.

Urrutiko postalak

Tutankamon topatu zuen Howard Carter antropologoak ere ekarpena egin zion iruditeria horri. “Inpresio handia sortu zion hilobiak, eta postalak sortzeko ideia izan zuen, zuri-beltzean eta koloretan”. Hilobiko piezak aukeratu zituen erakusteko, eta indusketa prozesuak ere helarazi zuen postalotan, Bilboko erakusketan ikus daitekeenez. “Ikusten da arkeologoen kanpadenda, eta trenbidea: linea berezi bat sortu zuten hilobiko piezak zuzenean Kairoko museora eramateko”.