Larrialdiei erantzun aukerak sortzeko

Larrialdiei erantzun aukerak sortzeko

Mikel Garcia Martikorena

Haurren zaurgarritasunak hamaika aurpegi ditu, denak izen eta abizenekin. Batzuk jaio eta berehala heltzen dira amildegi ertzera. Kasu horiei erantzuteko, Bizkaiko Foru Aldundiak Harrera Sarea sortu zuen 1997an. Ordutik, 2.000 ume baino gehiago igaro dira sarea osatzen duten familietatik. Gaur egun, 308 adingabe daude sarean. Familiak lau esparrutan daude banatuta, eskaintzen duten zerbitzuaren arabera: larrialdikoak, aldi baterakoak, iraunkorrak eta espezializatuak.

Larrialdiko harreran, zaurgarrien dauden haurrekin lan egiteaz arduratzen dira. Gehienetan, jaioberriak edo hilabete gutxiko haurrak izaten dira; guraso biologikoek zaindu ezin dituztelako amaitzen dute aldundiaren eskuetan. Halako “egoera latzetan” agertzen dira Pili Urruzuno Eluk (Ondarroa, 1966) eta Carlos Fraile Garciak (Gasteiz, 1963) osatutakoa bezalako familiak. Oro har, haurrok ez dute hilabete batzuk baino gehiago irauten familiekin. Urruzunok eta Frailek argi dute larrialdiko harrera familien helburua beraiekin dauden bitartean “umeak ondo daudela ziurtatzea” dela.

Orain dela sei urte hasi ziren Urruzuno eta Fraile Ondarroako beren etxean harrera sareko haurrei “bizi berri bat” eskaintzen. Lau ume pasatu dira jadanik ordutik. Gutxi falta zaie laugarrenari “agur” esateko; hilabete batzuk barru beste larrialdi eskaera bati erantzuteko prest egongo dira.

Biek diotenez, bikote egin zirenean “nagusiegiak” ziren seme-alabak izateko: “Umeak gustuko ditugu, baina, gure adina kontuan hartuta, uste dugu ez dagoela orekatuta. Haiek 15 urte dituztenean gu oso nagusiak izango gara”. Urruzunok dio, hala ere, “maitatzeko” gogoa eta indarra zutela. Horregatik erabaki zuten harrera sarean sartzea, batzuetan “gogorra” dela onartu duten arren.

Familiekin hobeto

Haurrak oso egoera “eskasetan” heltzen dira larrialdi familietara. Urruzunok azaldu duenez, askotan abstinentzia sindromearekin jaiotzen dira, eta zenbaitek ospitalean igaro behar dituzte aurreneko hilabeteak, morfinarekin. Ondarroako familiak ohartarazi du horrelako egoerak jaio orduko izateak eragin negatibo handia izan dezakeela adingabearengan, eta, hori dela eta, “nahitaezkoa” ikusten dute umeoi “zaintza berezia” ematea. “Beharrizan handiak dituzte, eta zentro batean ezinezkoa da horiei momentu oro erantzutea”.

Urruzunok argi du zentroetan ondo zaintzen dituztela, baina ezberdintasun handiak nabaritzen ditu: “Zentroetan beste bat dira, eskolan bezala. Hamaika daude bertan, eta, zaintzaileek ondo dauzkaten arren, harremana ez da hain pertsonala”. Familia batekin egoteak etorkizunari begira “segurtasun handiagoa” ematen diela uste du. Fraile harago doa, uste baitu, “familia batekin egon ezean, zailagoa” dela “aurrera ateratzea; traba gehiago sortzen dira”. Fraileren ustez, “aukerak” sortzeko baliagarriak dira harrera familiak.

Aukera horiek, Urruzunoren iritziz, “besteekiko konfiantza izatea” ahalbidetzen dute, adibidez: “Txikitatik jendearekin lotura estuak sortzea oso garrantzitsua da; bestela, etorkizunean jenderengan konfiantza izatea zaila da oso”.

Zaurgarritasuna gertu

Halako egoera “latzak” gizartearentzat “ikusezinak” direla azaldu du Urruzunok: “Zaurgarritasuna kanpoan bilatzen dugu, eta, askotan, uste dugun baino gertuago dago”. Ondarroko bizilagunak dioenez, antzina berak ere begiak itxita zeuzkan, baina telebistan jakin zuenean Gipuzkoan harrera familiak behar zirela, Bizkaian egoera nolakoa zen aztertzen hasi zen. Laster konturatu zen bazegoela boluntarioen beharra; “batez ere, larrialdiko harreretarako”.

Itsutasun hori erakundeetaraino heltzen dela adierazi du Frailek. Izan ere, bestelako harrera edo adopzioetan ez bezala, larrialdiko harreran dauden familiek ez dute baimenik jasotzen lanean haurrak zaintzeko: “Adopzio edo harrera iraunkorreko familiek legez bermatuta daukate lan baimena, baina gu alde batera utzi gaituzte”. Frailek azpimarratu du jaioberri batek “24 orduko zaintza” behar duela, eta baimenik gabe “oso zaila” dela hori ziurtatzea.

Esparru batzuk hobetzeko dauden arren, beste hainbat gauzatan “ondo” jokatzen dela diote. Behar izanez gero, umeek eta harrera familiek laguntza psikologikoa izateko aukera dute. Hasierako ikastaro bat egiten dute familiek, eta, ondoren, psikologoek erabakitzen dute sarearen parte izateko gai diren. Urruzunok dio ikastaro horietan inguruko errealitatea erakusten dietela. “Ez genekien benetan harrera sarean sartzea nahi zuten”, gogoratu du. Urtean zehar bestelako ikastaroak egiten dituzte, eta aldundiak diru laguntzak ematen ditu umeen beharrizanak bermatuta daudela ziurtatzeko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: Bizkaia.eus/familia-harrera