Giza eskubideen aurkako delituen 800 biktima baino gehiago daude Erandion

Giza eskubideen aurkako delituen 800 biktima baino gehiago daude Erandion

M. Garcia Martikorena

Urteetan biolentzia ezberdinengatik nork sufritu duen jakitea, hau da, giza eskubideen urraketen biktima izan direnen memoria jasotzea, “bizikidetzarako aurreneko pausoa” da, Javi Buces Aranzadi elkarteko ikerlariaren ustez. Ideia hori premisatzat izanik osatu du Erandioko Udalak Erandio Oroimena izeneko ekinbidea. 19 36ko gerratik gaur egunera bitarte Erandioko herritarrek pairatutako biolentzia mota oro jasotzen du ikerketak; izan frankismoaren errepresioa, ETAren biolentzia edota indar polizialen torturak. Horretan aritu da lanean Buces, eta esan du lana oraindik ez dagoela bukatuta. Ekinbidearen emaitza da Erandiooroimena.eus webgunea. Orotara, 826 pertsonen kasuak ditu dokumentatuta.

Biktimen fitxak agertzen dira han: datu pertsonalak, urraketa mota eta informazio hori lortzeko ikerketa taldeak erabilitako iturria. Izan ere, Bucesek azaldu duenez, ikerketak bi ardatz izan ditu: dokumentazioa eta testigantzak. Dokumentazioari dagokionez, era askotariko artxiboak aztertu dituztela dio, “polizialak, militarrak, udalekoak, eta abar”. Hala ere, dokumentuak ez dira nahikoa giza eskubideen aurkako urraketak aztertzerako orduan, “delitu horietako asko ez daudelako paperetan idatzita”, Aranzadiko ikerlariak azpimarratu duenez. Hori dela eta, testigantzak jaso dituzte. “Torturak edo emakumeen aurkako biolentzia frankistak askotan ez du dokumenturik uzten”.

Testigantzak bi ataletan bereizi dituzte. Alde batetik, 1936ko gerratik 1959ra arteko epeari dagozkion kasuak Memoria historikoa izeneko atalean bildu dituzte. Beste aldetik, 1960tik gaur egunera arte jazotakoak bildu dituzte, Gertuko oroimena izenaren barruan sartuta. Azken izen horrek harrabotsa eragin du Aranzadin. Izan ere, Bucesek dio “eufemismo” bat dela, euskal gatazka terminoa ez erabiltzeko.

Kasu gehienak —649, hain zuzen— Memoria historikoa atalaren barruan biltzen dira. Bucesen ustez, “normala” da kasu gutxiago egotea euskal gatazkaren inguruan; halere, azpimarratu du atarian agertzen direnak ez direla jasotako guztiak: “Zenbait pertsonak eskaera egin dute testigantza haiek hil ostean argitaratzeko”. Oraindik argia ikusiko ez duten arren, testigantza horiek egun biltzeak duen garrantziaz mintzo da lanaren egilea: “Frankismo hasierako urraketa asko ez ditugu inoiz ezagutuko, momentu hartan ez zirelako testigantzak jaso. Ezin dugu akatsa errepikatu. Orain ez baditugu testigantzak dokumentatzen, etorkizunean ez dugu haien berri izango”.

Errelatoaren gerra

Proiektuaren xedea da “herrian urteetan zer gertatu den erakutsiko duen argazkia” lortzea, “inolako irakurketa etiko edo politikorik gabe”. Javi Bucesen ustez, memoria historikoa lantzeko “momentu txarra” da, “alderdi politikoen diskurtsoa geroz eta gogorragoa delako”. “Errelatoaren gerrari” dagokionez, alderdien artean konfrontazioa sumatzen duela dio: “Egia, justizia eta erreparazioaren alde agertzen dira gehienak, baina nori bideratu behar zaion aukeratu nahi dute”. Aranzadiren ustez, ez da “nor hori” erabaki behar; “biktima denei lekua egin” behar zaiela iritzi diote.

Bucesen aburuz, haien egitekoa aurreneko puntuan dago egia, justizia eta erreparazioaren prozesuan; hau da, egia ezagutzera mugatzen dira. Hori lortzeko eta ahalik eta biktima gehienen testigantzak jaso ahal izateko, momentu oro garatuz doan proiektu bat da Erandiokoa. Horregatik erabaki dute aurretiko metodologia alde batera uztea eta teknologia berrietara salto egitea: “Lehen, ikerketa egin eta liburu bat argitaratzen zen ondorioekin, baina guri tresna hobea iruditzen zaigu webgunea. Jendeak badaki zertan ari zaren lanean, eta erreferentzia bat du bere bizipenen berri emateko”.

Memoria zabaltzen

Aranzadi elkarteak beste hamaika proiektu ditu memoria historikoari bideratuta; are gehiago, Erandion bultzatu den proiektua bezalako beste zenbait izan baditu Euskal Herriko beste hainbat herritan. Hala ere, Erandio Bizkaiko aurreneko udalerria izan da proiektu hori egin duena; besteak, Gipuzkoan egin dira. Horrek, baina, ez du esan nahi Bizkaian modu horretako ekinbide bat izango duen udal bakarra izango denik. Izan ere, Galdakaon jada prest dute proiektua, eta, Bucesen ustez, otsail hasieran aurkeztu ahal izango dute.