“Azpikontratazio modua aldatu nahi dugu: salerosketa da hau”

“Azpikontratazio modua aldatu nahi dugu: salerosketa da hau”

Mikel Garcia Martikorena

Hilabeteak daramatzate —ekainetik, hain zuzen— Apnabi espektro autistaren nahasmendua dutenen familien Bizkaiko elkarteko langileek mobilizazioekin. Pairatzen dituzten lan baldintzak salatzen dituzte; erosahalmenaren galera, bereziki. Iñigo Brullek eta Alberto Corralek Apnabi elkartean egiten dute lan, eta elkarte horretako langile batzordeko kideak dira; are gehiago, Brull batzordeko presidentea da. Brullek etxez etxe egiten du lan; Corral, berriz, eguneko zentro batean dabil. Egoerak hobera egin ezean grebara joko dutela diote.

Nolakoak dira Apnabiko langileen lan baldintzak?

IÑIGO BRULL: Enpresa barruan hainbat zerbitzu daudenez, baldintzak oso ezberdinak dira: orduko 8,40 euroko soldatetatik, urteko 40.000 euroko soldatetaraino. Halere, langile gehienak lehen talde horretan daude. Etxez etxeko langileen kasuan, esaterako, urtean 1.600 orduko lanaldiak dira, 21.000 eurorengatik.

ALBERTO CORRAL: Ordezkapen gehiegi daude. Lantaldea hirurehun pertsonakoa izan arren, zortziehun inguru daude urtero.

Zerk eragiten ditu baldintza horiek?

CORRAL: Kontatu ez den zerbait dago gatazka honetan. Gizartearentzat ikusezinak diren pertsona askorekin egiten dugu lan, eta horrelakoa da gure lana ere: ikusezina. Ikustea gustuko ez dugun gizartearen zatia dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiak haiekin egiten duen lana guztiz paternalista da. Ez dago oso urrun antzina Elizak egiten zuenarekin: “Nik dirua emango dut, eta besteek zaindu ditzatela zoro gaixo hauek”. Horrek ezin du horrela jarraitu. Pandemia garaian domina asko jarri zizkiguten, baina ekintzarako momentua heldu denean, dena baliorik gabeko hitz politetan gelditu da.

Zer eskatzen duzue?

BRULL: Garrantzitsuena da erosteko ahalmena berreskuratzea; Bizkaiko batez bestekora igotzea. Gaur egun, bizitzaren eta gure soldataren artean %14ko galera dago. Gainera, bestelako hamaika eskakizun ditugu, enpresako arlo gehienak hartzen dituztenak. Erretiroa edo agresioak, esaterako. Joan den urtean 42 laneko istripu izan genituen, eta horietatik %85 erabiltzaileen erasoaldiek eragin zituzten.

Baina gure eskari nagusia da Bizkaiko Foru Aldundiarekin dugun azpikontrazio modua aldatzea. Salerosketa eredu bat da hau. Aldundiak lanpostuko ordaintzen du bi entitateen artean itundutako prezioaren arabera. Geroz eta prezio baxuagoa, orduan eta lanpostu gehiago. Horrek zuzenean eragiten du gure lan baldintzetan. Eredua aldatzen ez den bitartean, langileon eta erabiltzeileen baldintzak ez dira inoiz onak izango. Gainera, horrelakoak diru publikoarekin ordaintzen den zerbitzu batean gertatzea oso larria iruditzen zaigu.

Nolakoak dira enpresarekin dituzuen harremanak?

BRULL: Tentsio handikoak. Egia da nolabaiteko aurrerapausoak eman direla eta harremanak lasaitu direla, baina, azken aldiko joerarekin jarraituz gero, harremana pikutara joateko arriskua dago. Negoziazio mahaia egon badago, baina ez da benetakoa. Soilik Apnabirekin negoziatzeak ez du ezertarako balio; aldundia ere bertan egon beharko litzateke. Haiekin bilduta egon garen arren, batak bestea babesten du. Konponbidea sistemaren aldaketan dagoela uste dugu.

Zer-nolako lana egiten duzue Apnabin?

BRULL: Erabiltzaile mota asko daude, espektro autistan maila asko baitaude; horregatik, lanak oso ezberdinak dira. Egun 30 zentro ditugu, eta, batzuk soslai jakin batzuetara bideratuta dauden arren, orokorrean, heterogeneoak dira oso. Horrek gure lana zailtzen du. Erabiltzaile gutxiko taldeak baldin badituzu, kontrolatu eta haiekin lan egin dezakezu, baina, talde handietan lan eginez gero, oso zaila da. Egun, 45 erabiltzaile inguruko taldeak osatzen dituzten. Horrela lan egitea ezinezkoa da.

Zenbat denbora daramazue borrokan?

BRULL: Borrokan iazko ekainetik daramagula esan dezakegu, baina arazoa aurretik dator. 2020ko urtarrilaren 1ean hasi ginen gure eskaerak plazaratzen, baina, pandemia heldu zenez, alde batera utzi behar izan genituen. Orain, egoera oso larri batera heldu gara: langileen ia %60 ez dira hilabete bukaerara heltzen. Jendeak hogei urte lanean eraman arren, ez dakite hipoteka ordaintzeko gai izango diren. Aldundiak azpikontratatutako zerbitzua gara; praktikan aldundiak ordaintzen ditu gure soldatak. Egoera hori ezin da jasan.

Etorkizun hurbilean nolakoak izango dira zuen protestak?

BRULL: Areagotuko dugu gure aktibitatea. Hilaren 31n geldialdi bat egingo dugu, eta otsailaren 1ean erabakiko dugu otsailaren 8an eta 9an greba egingo dugun. Egoera ez bada hobetzen, greba mugagabea aurreikusia dugu. Grebek, zentzu mediatikoan, eragin handia dute. Erabiltzaileentzako ez da galera handia izango, baina bozgorailu handia ematen dizu greba bat deitzeak. Langileen %90ek mobilizazioetan parte hartu dute.