Ibai Maruri Bilbao
Azaroaren 23an onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansolo Galdakaotik bereizi eta Bizkaiko 113. udalerri bihurtzea. Egun hartako poza urtea bukatzear zegoela epeldu zitzaien herrian: abenduaren 30ean jakin zen Espainiako Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri diola desanexioari EAEko Auzitegi Nagusian. Haren ustez, Usansolok ez du betetzen Espainiako Tokiko Erregimenaren Oinarrien Legea; horren arabera, udalerri berriek gutxienez 5.000 biztanle izan behar dituzte. Hasi duten prozesuan eragina izango duela aitortu du Usansolo Herria plataformako bozeramaile Monika Menak (Bilbo, 1980), baina esan du “oso lasai” daudela.
Hainbat politikarik iragarri zuten helegitea etor zitekeela. Zuek espero zenuten?
Bagenekien gerta zitekeela, hainbatek esaten zutelako, eta Ezkio-Itsasoko aurrekaria, Igeldokoa eta bestelakoak ere hor daudelako. Baina ez genuen espero. Eskumena Bizkaiko Batzar Nagusiena da, eta hemen foru arauak agintzen du. Foru arauak eskatutako baldintza denak betetzen ditugu. Hor daude batzorde mistoak egindako txostenak; jasangarritasun ekonomikoaren azterketa ere eginda dago. Aldundiak ere egin zuen beste ikerketa bat. Gainera, urteotan Andaluzian zortzi desanexio egon dira, eta haiei bai eragiten diela bete-betean estatuko legeak. Zortzi kasu horietatik bakar batek baino ez du gainditzen 2.000 biztanleko muga. Ia guztiak PSOEren udalen esku daude. Zergatik Andaluzian bai eta Usansolon ez? Haiek estatuko legea bete behar dute, eta guk, ez. Haiek ez dute betetzen estatuko legea, eta guk, foru araua bai.
Sozialistek esan izan dute Espainiako legedia indarrean sartu aurretik martxan jarritako prozedurak direla kasu horiek.
Gurea ere bai! 1988an hasi zen Usansolon desanexio prozesua.
Batzartu izan zarete Bizkaiko PSE-EErekin haien ezezkoa zeri dagokion jakiteko?
Alderdi guztiekin elkartu gara. PSE-EEk esan zigun ez zutela desanexioa babestuko, estatuko legea errespetatu behar dugulako. Erantzun genien eskumena foru aldundiak duela. [Espainiako] Konstituzioak dio estatuko legedia bete beharko dela tokiko araudi bat ez dagoenean. Guk badugu hau arautzen duen foru araua; beraz, foru araua bete behar dugu. Espainiako Tokiko Erregimenaren Oinarrien Legea 2013an onartu zen. Foru araua 2015ekoa da. Bizkaian estatuko legediak dioena bete beharko balitz, 2015ean esan behar zuten foru arauak ez duela betetzen, baina inork ez zuen esan ezer, ez duelako bete behar. Ez du zentzurik, ez bada estrategia politikoagatik.
Estatuko Abokatutzak helegitea ipini dio foru aldundiak onartu eta Batzar Nagusiek berretsitako erabaki bati. Nork defenda dezake orain epailearen aurrean erabaki hori?
Interesdun guztiok dugu helegite horren aurrean erabakia defendatzeko eskubidea; guk, tartean. Usansolo Herria inplikatuta dago auzian. Galdakaoko Udala ere uste dut interesduna izan daitekeela, prozeduran parte esanguratsua izan delako. Desanexioa lehenengo eta behin Galdakaoko Udalak onartu behar izan zuen osoko bilkuran. Eta, noski, Bizkaiko Foru Aldundiak. Edozelan ere, uste dugu hau, batez ere, aldundiak defendatu behar duela.
Defentsa bateratua nahi duzue, ala zuek bereziki hartu nahi duzue parte auzian?
Alderdiei eta aldundiari eskatu diegu bilerak egiteko, planteatzeko zelan egin defentsa, eta proposamen bateratu bat egiteko. Denok batera joan behar dugu, ulertzen dugulako instituzio baten kontra doala, erabaki politiko baten kontra. Eskumenak eta burujabetza daude auzitan, eta denon artean defendatu beharko ditugu.
Madrilen helegiteak zertan eragin dio Usansoloko desanexio prozesuari?
Hemen argi dago gauza bat: epaileak kontrakoa esan arte, Usansolo Bizkaiko 113. udalerria da, eta prozedurak aurrera egin behar du. Badakigu gauza batzuk atzeratuko direla. Gutxi gorabehera, auzia bi urtez egongo da Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian, eta, gero, epaiari helegiteak aurkeztuz gero, beste urte bi Madrilen, Espainiako Auzitegi Gorenean. Lau urte horietan kudeaketa batzordearekin egon beharko dugu, udala osatu gabe. Kudeaketa batzordeak udalaren funtzioak betetzen ditu, desanexiotik hurrengo udal hauteskundeak arte. Uste dugu estatuak erregistroan ere eten duela gure prozedura, eta ezin ditugula datorren maiatzean udal hauteskundeak egin. Galdakaon egingo lirateke, eta Usansoloko emaitzen arabera osatuko litzateke kudeaketa batzordea. Hala ere, horrek ez du gelditzen prozesua.
Orain ere osatu behar izan duzue kudeaketa batzordea.
Aldundiak osatu behar du. Oraindik eratu gabe dago, eta eratu dezala eskatzeko bilera eskatu diogu, baina ez dugu erantzunik jaso. Independentea da Usansolo, baina oraindik ez dugu erakunderik.
Badago osatzeko eperik?
Legeak ez du markatzen. Urtarrilean izatea espero genuen, Iurretan eta Ziortza-Bolibarren erabilitako epeak kontuan hartuta, eta ariketa ekonomikoarekin bat egiteko. 11 kide izango ditu, eta 2019ko hauteskundeetan Usansolon lortutako emaitzen arabera osatuko da: Usansolo Herriako zortzi kide, EAJko bi eta EH Bilduko bat. Datozen lau urteetan batzordearekin jarraituko badugu, udal hauteskundeen ondoren emaitzetara egokitu beharko da.