Durangaldearen etxea

Durangaldearen etxea

Ibai Maruri Bilbao

Abadiñoko Astola auzoan dago Zubiaurre etxea. Hainbat maizter izan dituen arren, Durangaldeko erakundeen egoitza izateko sortu zen, berez. “Durangoko Merindadeak bazuen egoitza bat Durangoko Kurutziaga kalean. Baina behar bezalako egoitza baten beharra zuen, eta Abadiñoko hau erosi zuen XVI. mendean, merioaren etxea izateko, epaitegi moduan erabiltzeko eta eskualdeko kartzela ere jartzeko”, azaldu du Jon Irazabal historialari eta Gerediaga elkarteko kideak.

Durangaldeko hamabi elizateak Gerediagako ermitan eta foru zelaian elkartzen ziren batzar nagusian. Baina eskualdean beste lau herri zeuden, elizate barik hiribildu zirenak: Ermua, Elorrio, Otxandio eta San Agustin Etxebarria. “Batzuetan denak elkartzen ziren, elkar laguntzeko. Batzar hori ez zen sekula Gerediagan egiten, hura elizateen lurra zelako; Astolan elkartzen ziren”, zehaztu du Irazabalek. Beraz, Astolako Zubiaurre etxeak merindadearen administrazio egoitza moduan funtzionatzen zuen.

Hamalau herrien batzarra esaten zitzaion guztiak elkartzen ziren bilkura horri. “Hamabi elizate eta lau hiribildu; guztira hamasei izan beharko lukete. Baina 1630ean Elorrioko hiribildua eta San Agustin Etxebarriko elizatea elkartu egin ziren. Liskarretan ibili ziren merindadeko gainontzekoekin, eta ez zuten gehiago bilkuretan parte hartu XX. mendean Durangoko Merindadeko Mankomunitatea sortu arte”.

Eraikinak hamaika ugazaba zituen. “Jabe asko dituzten etxeetan inork ez du iltzerik jartzen. Esaterako, Mallabiko elizateak zer interes izango zuen bere herrian ez dagoen eraikin batean inbertitzeko?”. Mantentze lanik egin gabe, guztiz hondatuta egon da sarritan. XVIII. mendearen erdi aldera, bota eta berria egin zuten: hura da orain zutik dagoena. Merioak berak ere, sarritan, Durangora edo beste herriren batera ihes egiten zuen, etxe hartan hotz egiten zuela argudiatuta.

Astola

Liskarrak diputazioarekin

XIX. mendearen erdi aldera utzi zion kartzela izateari. 1876an, foruak indargabetu zirenean, galdu zituen gainontzeko funtzioak. XX. mendearen hasieran Bizkaiko Diputazioak eskuratu zuen, udalekin akordio bat eginda. Inguruko maisu-maistren bizileku bihurtu zuen. Han bizi izan zen, berbarako, Julene Azpeitia maistra eta idazlea, 1937an erbesteratu zen arte.

1967an, diputazioak Gerediaga elkarteari utzi zion han egoitza zabaltzen. 1980ko hamarkadan lortu zuten zaharberritzeko proiektua martxan jartzea. “Asmoa zen Gerediagaren eta Durangaldeko Mankomunitatearen egoitza izatea, eta, aldi berean, eskualdearen ikur bihurtzea”. Besteak beste, museo txiki bat atondu gura izan zuten kartzela izandako dorrean: “Hainbat gauza azaldu nahi ziren: Durangaldeko foruak zer ziren, zer erakunde zeuden eskualdean, zer funtzio zuten; azken batean, Bizkaiaren barruan autonomia zuela”.

Baina, 1986an, Gasteizko Munduko Pilota Txapelketaren harira, Euskal Herriko Pilota Federazioa sortu zuten, eta haren eta Euskal Herriko Herri Kirol Federazioaren egoitza bihurtu zuen Zubiaurre diputazioak. “Eztabaida handia izan genuen, eta lortu genuen, bi federazioez gain, Gerediaga eta mankomunitatea ere han egotea”. Beraz, museoaren plana moldatu, eta zeldetako batean erakusketa txiki bat dute egun: kartzelako zepoa, eskuburdinak, Durangaldeko zigilu ofiziala, pisu ofiziala eta beste tresna batzuk daude. Gerediagak eskaintzen duen Merioaren Ibilbidean bisitatu daiteke, aurrez ordua eskatuta. Gerediagak eta mankomunitateak Durangon dituzte egoitzak orain, nahiz eta mankomunitateak Astolan egin osoko bilkurak.

Astola