Azken urteetan, Barakaldoko udal zerbitzu publikoekin lotutako hainbat salaketa jaso ditu Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Agurne Gaubeka zuzendariak azaldu duenez, erakundeek, oro har, Barakaldoko hiztun kopurua hartzen dute kontuan, “eta, horren arabera, badirudi eskubide gutxiago dutela zerbitzuak euskaraz jasotzeko, edo erakundeek neurri gutxiago hartzen dituztela. Udalak herritarren kexen aurrean jarduten du, baina prebentzio lana ere behar da; eta, azpikontratatutako enpresekin, jarraibide eta neurri zehatzagoak”. Hauek dira Behatokiak kudeatutako kexetako batzuk:
• Kultur etxeekin (hau da, auzitegiaren ebazpenaren eraginpeko eremuarekin) kexu bat baino gehiago jaso dute Behatokian. Azkena, Retuertokoaz: erabiltzaile batek telefonoz deitu zuen, eta euskaraz egindako galderari gaztelaniaz erantzun zion langileak; gero, beste bi lankide euskaldunekin aritzeko aukera eman zion, baina biok ez ziren ondo moldatzen euskaraz.
• Barakaldoko Udalaren oharrak eta seinaletikak soilik gaztelaniaz ikusi dituzte herritarrek zenbait aldiz. “Udalak erantzuten digu arrazoia dutela, elebitan jartzeko betebeharra dutela, eta hala jakinarazten dietela azpikontratei ere”, esan du Behatokiak. “Hala ere, urtero gertatzen dira halakoak”.
• Autobus zerbitzu KBusek kartelak gaztelania hutsean jartzen zituela ohartarazi zuen herritar batek. Udalak azpikontratatutako enpresekin hitz egin ostean zuzendu zituzten.
• Udaletxeko segurtasuneko langileen inguruan hainbat kexa jaso ditu Behatokiak. Euskaraz ez jakitea ez ezik, erantzun desegokiak ere salatu dituzte erabiltzaileek: “Herritar bati esan zioten: ‘Pertsona bati hitz egiten diozunean, edukazioz, ulertzen zaituen modu batera hitz egin beharko diozu, ala?’. Suposatzen da udala hainbatetan jarri dela segurtasun enpresarekin harremanetan, hizkuntzarekin lotuta jarraibide batzuk har ditzaten, baina halakoak behin eta berriz errepikatzen dira”.
• Udalaren webgunean, albiste guztiak ez zirela euskaraz agertzen salatu zuen herritar batek, eta testu batzuk egun batzuk berandu euskaratzen zituztela edo informazio gutxiago zekartela. “Erantzun ziguten ele bitasuna, tamalez, itzulpengintzaren mende dagoela, eta ohar horiek argitaratu zirenean itzultzaileak bajan zeudela”.