Palazio bat herriari emana

Palazio bat herriari emana

Zihara Jainaga Larrinaga

Erdi Aroan, Balmasedak zenbait pribilegio juridiko, fiskal eta komertzial lortu zituen. XV. mendeaz geroztik Gaztelako Erreinuaren aduana bat egon zen hiribilduan. Han, salgaiak pasatu ahal izateko zergak kobratzen zitzaizkien Bizkaitik Gaztela aldera zihoazenei. Hura gobernatzeko, erregeak funtzionario eta administrariak jartzen zituen, eta horietako batek, Lucas de Horcasitas aduanen administrariak, eraiki zuen Horcasitas jauregia, XVII. mendearen bigarren erdialdean. Lehorreko portu izan zen. Gerora jakin da igeltserotza lanez Francisco de Calleja balmasedarra arduratu zela. Herri erdian dago, eta ondasun izendatua dute. Egun, ekitaldiak, erakusketak eta bestelakoak egiteko erabilera anitzeko gunea da jauregia, herritarrei irekia.

Hiri jauregia 1686.urtean eraiki zen. Estilo soila du, eta klasizismoaren barruan sartzen da; elementu barroko batzuk ere baditu, ordea. Lau angeluko oinplanoko eraikin handia da, Bizkaiko jaur-etxerik garrantzitsuenetako bat. Hain zuzen ere, Bizkaian eraikin gutxik dituzte patio batean zutabe arkupedunak, eta hau da horietako bat.

XIX. mendearen amaiera aldera, Buniel markesaren familiaren esku geratu zen Horcasitas jauregia. Buniel Burgosko senatari bat izan zen, eta eduki guztiekin erosi zuen jauregia. Uda garaiko etxea zen haientzat.

XX. mendearen amaieran, eraikina eta haren eduki guztia Bizkaiko Foru Aldundiari saldu zizkion. Urte batzuetan, geldi egon zen, harik eta eraikin osoa eraberritzea erabaki zen arte. Osorik hustu eta Markina-Xemeinera eraman zuten guztia, han gordetzeko.

Herritarrek ezagutzeko

Orexinal Balmasedako kultura eta ondare elkarteak Markina-Xemeingo pabiloirako sarbidea izan zuen duela gutxi, eta egoerarik onenean zegoena berreskuratu ahal izan dute. “Hasierako ideia zen Balmasedatik kanpo hamabost urte igaro ondoren herrira berriro ekartzea eta hamarkada asko egon den leku berean uztea”, azaldu dute Aitor Ibarguen eta Eneko Beraza Orexinal elkarteko kideek. Herritarrek herriko ondarea ezagutzea nahi zuten, eta guztiena dela jabetzea. Hala, erakusketa bat sortu dute, baina, printzipioz, abenduan eta urtarrilean soilik ikusi ahal izango da.

Azaldu dutenez, jauregiaren itxura barrutik berregiteko prozesua zaila izanik, berreskuratutako elementuak ahalik eta era egokienean jartzen saiatu dira. “Markinan zegoenaren %10 soilik ekarri dugu”, zehaztu dute.

Paper sorta asko aurkitu dituzte, XVI. eta XVII. mendeetakoak, pergaminoak lurren salmentarekin, testamentuak, herentziak. Horiek Horcasitas familiarenak dira. Baina markesaren dominak, senatari izan zeneko liburuak, apezpikuak erabiltzen zuen ohea eta La Bilbaina elkarteko 1904. urteko menu bat ere badaude ikusgai, besteak beste. Gauza bitxiak aurkitu dituzte kaxen artean bila ibili ondoren: eskuz margotutako platerak, bitxiontziak, hegazkinlarien betaurrekoak…

Bidaia maletek, esaterako, erakusten dute eliteak plazeragatik bidaiatzen zuela, eta ez premiagatik. Horietan dauden pegatinek herritar gehienentzat ordainezinak ziren lekuak aipatzen dituzte. Halaber, azpimarratzekoak dira Louis Vuitton eta Magasins du Louvre markako maletak; izan ere, familia arrunt batek hainbat hilabetez lan egin ondoren jasotzen zuen soldata zen. Hala, aurkikuntza horiek garai hartako Balmaseda nolakoa zen erakusten dute.

Kritika egin dute Orexinal elkartekoek. Eraikina hustu zenean jauregia espiritu gabe utzi zutela iruditzen zaie. “Espoliazio kasu argia da: dena suntsitu zuten”, adierazi du Berazak. “Gizartea da honen jabea. Askok zekiten hori, eta inork ez du ezer egin”.

HORCASITAS_JAUREGIA copia

Balio handikoa

Jauregiak hogei logela zituen, korridore zentral baten inguruan banatuta —egun ez dira bereizten—. “Gela bakoitzak tximinia bat zuen”, nabarmendu du Ibarguenek. Han dauden tapizak, antigoaleko gauzak, altzariak eta alfonbrak, aberastasun handiaren erakusgarri dira. Halaber, eraikinak penintsulako liburutegi pribatu handienetako bat hartu zuen. Historialariek nabarmendu dutenez, horien edukia askotarikoa da. “Balio kalkulaezina dute”, azaldu du Ibarguenek. Esparru nobletik kanpoko edozein familiari arazo politikoak sortzeko moduko aleak zeuden.

Duela gutxi arte, etxe pribatua izanik, herriko inor ezin zen sartu barrura. “Herriaren %2k ezagutuko zuten hau eraberritzearen aurretik, haurrak zirenean kuriositatez sartzen zirelako begiratzera”, kontatu du Ibarguenek. Aitzitik, balio historiko handia du Balmasedako herriarentzat. Elitearen eta gainerako herritarren artean zegoen desberdintasuna islatzen du.