Olatz Enzunza Mallona
Bizkaiko mendebaldean dago Armañongo parke naturala, Turtzioz eta Karrantza artean. 3.000 hektarea inguru ditu, eta, oro har, kareharria da bertan nagusi. Lurrazaleko berdeguneez gain, ehunka pasabide sekretu ere baditu lur azpian. Mendiaren magalean, Pozalaguako haitzuloaren atari parean, interpretazio zentroa dago: Armañongo parketxea. Iristen diren guztiei egiten diete harrera gune horretan, eta, informazioa emateaz gainera, ibilbideen eta jardueren berri ematen da. “Interpretazio zentroa natur parkearen barruan dago, eta bertan aurkituko duen guztiari buruzko informazioa ematen diogu bisitariari”, azaldu du Nahikari Altuna Armañongo parketxeko koordinatzaileak. 2006. urtetik da mendigune babestua Armañongo parke naturala, eta parketxea, berriz, 2012an ireki zuten.
Berez, bi gune fisiko biltzen ditu interpretazio zentroak: Armañongo parke naturala eta Ordunteko Mendietako Kontserbazio Bereziko Gunea. Bi gune horiek Dolomitas del Norte meategiaren gainean daude eraikita, eta zentroak berezitasun hori baliatu du: igogailu panoramiko baten bitartez, kobazulo artifizial batean murgildu daitezke bisitariak.
Armañongo parketxea gune zabala da. Hiru solairu ditu, eta ukipen pantailek, informazio panelek, joko interaktiboek, bideo argigarriek, maketek zein hegaldi birtualek osatzen dute solairu horietako bakoitza. “Lehenengo solairua Bizkaiko gune babestuei buruzkoa da, eta, bigarrengoan, parkearen lur azpiko munduari buruzko informazioa ematen da”, kontatu du Altunak. Azken solairuan behatoki bat dago: bailara osoa ikus daiteke bertatik.
Parketxea doan bisitatu daiteke, eta nork bere kabuz egiten du bisita. Hala ere, nahi izanez gero, bisita gidatuak ere egiten dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz. Herritarrez gain, eskoletako bisitak ere izaten dituzte, eta horretarako materiala prest dute: ikasleei zuzendutako unitate didaktiko bat erabiltzen dute.
Fauna eta flora berezia du Armañongo parke naturalak. Eta, hain zuzen ere, berezitasun horren berri ematea da parketxearen helburuetako bat. Altunaren arabera, gustuko tokia da parke naturala saguzarrentzat. Hamazazpi espezie inguru daude, eta animalia horien babesgunerik nagusienetakoa da inguru hori. Bestalde, Karrantzako ardia espeziea ere aski ezaguna da eremu horretan, baita Enkarterriko txakur billanoa eta behi montxinoa ere. Florari dagokionez, hango mikroklima bereziari esker, askotariko pagadiak, artadiak zein hariztiak aurki daitezke.
Interesgune ugari
Zehazki, Armañongo gainak ematen dio izena parkeari. 854 metroko tontor bat da, eta haren inguruan, askotariko monumentu megalitikoak daude. “Historiaurreko garaietatik gaur egunera artzaintzak eta nekazaritzak eremu honetan izan duen garrantziaren lekuko dira”, azpimarratu du Altunak.
Parketxeaz gainera, badaude bisitariaren atentzioa ematen duten beste hainbat gune. Besteak beste, Pozalagua eta Torca del Carlista haitzuloak. Guztira, berrehun kobatik gora daude Armañonen, baina bi horiek dira entzutetsuenak. Une berean eratu ziren. “Kolapso baten ondorioz sortu ziren bi kobak, modu naturalean: urak eragindako disoluzioaren eraginez”.
Pozalaguaren kasua berezia da: ez du sarbiderik izan 1976ra arte. Dolomitas del Norte enpresa 1956an hasi zen dolomia erauzten kobazuloaren alboan dagoen Donosa harrobian, eta hogei urte barru izan zuten kobaren berri. “Dinamita leherketa baten ondorioz geratu zen agerian kobazuloko sarbidea. Milaka urtetan itxita egon denez, ez dago giza aztarnarik, baina interes geologiko itzela dauka”. Oso gutxitan agertzen den egitura du Pozalaguak. “Estalaktitez eta estalagmitez gainera, estalaktika eszentrikoen kontzentrazio handia dago”. Kanpoaldean, berriz, aire zabaleko anfiteatro bat dago. Handik metro gutxira dago Torca de Carlista haitzuloa ere. “Karrantza industrialaren arlo guztiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bisitariek”, adierazi du Altunak.